2000ko martxoak 15, Asteazkena | UNInet |

Mikel Amigot: "Edonork sor dezake atari bat"

Kazetari nafarrak iBrujula egunkari elektronikoa zuzentzen du

Madrilen bere burua "nafarra eta nafar euskalduna" bezala aurkezten duen iruinsemea dugu Mikel Amigot. Ez dakigu kasualitatea den, baina Iruñeako San Fermin ikastolan hezia da, Yahoo España-ko presidente Javier Etxebeste bezalaxe.

Euskal internauta hau Espainiako prentsa elektronikoan aitzindaria izan da, sarean sarearen gaineko informazioa emanez. La Brujula izenarekin hasi zen argitalpena berriki birmoldatu, itxuraldatu eta berritu du, iBrujula.com bataiatuta. Informazioaren esparrua zabaldu egin du, gai orokoragoak landuz eta informazio gehiago sartuz, audio artxiboak kasu. Komunikabide independiente eta kritikoa da, 15 inguru lagunek osatua.

Teoriak maite dituztenen aurrean eta Internetera sarea ezagutu gabe sartzen diren enpresarien aurrean oinezko internauta autodidakta aldarrikatzen du berak: "Sarean orduak sartuta ikasten da" esaldia botatzen die aurpegira enpresariei, berak parte hartzen duen foroetan. Azken aldi honetan haren iritzi jantzia entzuten dute, adi-adi, enpresariek eta politikariek, sarearen izaeraz asko baitute oraindik ikasteko.

Enpresa munduari eta, batez ere, burtsari dagokionez, berriz, stock options delakoen eta sarean milaka milioi sartzen ari diren enpresa handiekin pelotazoaren bigarren aro bat bizitzen ari gara. Berak, aitzitik, horri kaltegarria deritzo eta sarean ohiko enpresariaren ikuspegia nahiago du: "Gogor lan egin behar da, enpresagatik kezkatu, sufritu... Behin enpresaren erdiagagik milaka milioi jaso eta gero, lanerako motibazioa galtzen da".

Bere mintzaldien eta iritzi artikuluen gai nagusia fenomeno honen hustasuna azaleraztea izan ohi da azkenaldion, horrexegatik bere burua "zirikatzaile eta inzendiariotzat" jotzen du, askotan politikari eta enpresarien aurrean egiten duelako. Adibide moduan Terra jartzen du: "Konpainiak burtsan duen balioa kontutan hartuz gero, Terraren bisitari bakoitzeko lau milioi pezeta tokatzen da". Baina sareko edukiak dira berarentzat garrantzitsua.

Edozeinek atari bat abian jar dezakeen galdetuta, "noski baietz" da bere erantzuna. "Funtsean, lor dezakeela gonbentzituta egon behar du. Noski, ahalegindu beharko du lanean baina ez da beharrezkoa milioiak edukitzea", zehazten du Amigotek. "Lehengo egunean atari bat sortu duen mutiko baten berri eman genuen. Sarean eskuragarri dauden tresnekin eta laguntzaile batzurekin osatu du."

Bankuak, berriz, "Internet erosten ahalegintzen ari dira, izpiritu libertarioa duen kultur tresna honen izpiritua itotzen", dio Mikelek, "baina gero 16 urteko mutila dator bere Linux-arekin eta barrura sartzen zaie, hesi guztiak apurtuta. Hori da politena sarearen handitasuna".

Euskara sarean
Uniformizazioa aipatuta, euskarak sarean etorkizunik baduela argi du berak. "Edukiak sartu behar dira, egunkariak, aldizkariak... Euskara babesteko baino, hedatzeko eta munduratzeko balioko zaigu. Ingelesa nagusi izan arren, denentzako lekurik egon behar du", haren iritziz.

Hauteskunde garaian egonik —Almuniaren mitin baten oihartzuna heltzen zitzaigun elkarrizketa egiten ari ginela— oso politikari gutxik sinisten dutela Interneten esan zigun. "Modernitate itxura eman nahi dute eta horretarako erabiltzen dute sarea baina besterik ez. Sarea ulertzeko bertan egon beharra dago", azaltzen du.

Internauten elkarteez ere mintzo zen Amigot. Asociacion de Usuarios de Internet "hitzaldiak antolatuz dirua ateratzeko elkartea" dela iritzi dio. Berak ere sorreran bultzatu zuen Asociacion de Internautas, berriz, "Mediatikoegiak bihurtu dira euren jardunean, beti komunikabideei begira aritzen baitira. Nire ustez Interneten izaera librearen defentsari arreta gehiago jarri behar zaio".

Bera hemengoa izanik Interneten garaian fisikoki Madrilera joatea beharrezkoa den galdetuta, "segun eta zein jardueratan aritzeko den" erantzun digu. "Printzipioz denda bat zabaltzeko ez da beharrezkoa, baina erdarazko informazio proiektu batean laguntzen du. Adibidez, latinoamerikan zeozer egiteko Miami da zentru nagusia, dudarik gabe".

iBrujula
www.ibrujula.com

INFO: ELKAR.NET

Gorbatadun gehiegi

Amigotekin izateko aukera sortu berria den Elkarnet-ek Bilboko Euskalduna jauregian antolatutako foroak eman zigun iragan asteazkenean. Printzipioz euskal internautak, erabiltzaileak, biltzeko elkartea da Elkarnet. Praktikan ikusi da orain arte eginiko bi bileretan enpresa mundua eta negozio gizonak —emakume bakarra zegoen ehun inguru gizonen artean— direla honelako foro eleganteetako babesle, entzule eta profitatzaileak. Kaixo bilatzaileko Aitor Lopez de Aberasturi Elkarnet elkartearen bultzagileak hori aitortzen zuen arren ordutegiari leporatu zion "oinezko" internauta arruntik etorri ez izana.

Gorbaten artean eta banku batek babestutako ekitaldia internautei arrotz egiten zaiela azaldu zigun Amigotek: "Hau ez da internet, internautak etxean daude euren ordenagailuarekin eta gainera hemen baino informazio gehiago lortzen dute". Gorbaten nagusitasunak internauten falta frogatzen zuen Amigoten aburuz eta hemen tradizionala den enpresa gizonen itxurarekin lotu zuen: "Ni Microsoft-en izan nintzenean trajearekin joan nintzen eta denek seinalatzen ninduten "hey, european" esanez. Tipo arraroa ematen nuen".

Ekitaldian Elkarnet elkartearen webgunea aurkeztu zuen Lopez de Aberasturik eta internautei izena emateko gomita egin zien. Hurrengo bilera Donostian izango dela eta bertan internauta gehiago ikusteko esperantza azalduz agurtu zuen ekitaldia arabarrak.

Elkarnet
www.elkar.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner