2000ko martxoak 1, Asteazkena | UNInet |
Dial birtuala
Mundu osoko ehunka irrati entzun daitezke sarean
Telematikoa eta mundu mailakoa da dial birtual honen ezaugarria, Internetek munduko edozein bazterreko emisioak entzuteko aukera ematen baitigu konpresio sistemei esker. Bi faktore nagusi daude soinuak sarean ongi bidaiatzeko: konexioen abiadura eta konpresio maila. Lehengoari dagokionez, sarea kate bat bezala uler daiteke: katea mailarik makalena bezain indartsua denez, konexioa sareko punturik geldoena bezainbat geldoa izango da. Gure aldetik garrantzitsuena modem azkar bat edukitzea izango da (56Kbps-ekoak dira azkarrenak).
Konpresioari dagokionez, soinu kalitate ezberdinak konpresio mailak ematen du. Funtsa oso ulerterraza da: soinu digitalizatua zenbat eta gehiago konprimitu, gutxiago okupatuko du eta errazago bidaiatuko da sarean, baina kalitate eskasagoa izango du.
Kalitateari dagokionez, lortu den konpresio ratiorik onargarriena mp3 formatoa da. Hala ere, normalean irratia entzuteko konpresio altuagoa eta kalitate eskasagoa duten soinu formatoak erabiltzen dira. Ohiko konpresio mailek AM aparailu baten kalitatearekin eskainiko digute soinua, mp3 baino askoz gutxiago okupatzen duten artxiboetan. Soinu formato hauetan aitzindaria eta munduko zabalduena RealAudio sistema da, Real Networks enpresa independienteak 1995ean abian jarri zuena.
Geroztik, antzeko sistemak agertu dira beste enpresa batzuren eskutik. Bill Gatesen enpresak, arlo honetan ere bere nagusitasuna inposatu nahian Windows Media Player sistema sortu eta bere nabigatzailearekin batera merkaturatzen hasi zen. Macintosh sistemako ordenagailuak egiten dituen Apple enpresak ere bere QuickTime sistema Mac zein Windows sistemetan nagusitzea nahi du arlo honetan. Jokoan dago sareko multimedia edukietan estandarra zein izango den eta horrek ekarriko duen dirutza.
Badira beste programa batzuk ere, baina garrantzitsuenak diren hiru hauek antzeko ezaugarriak dituzte: hirurak doan banatzen dira, hiruek soinu zein bideo seinaleak garraiatu eta ikus-entzuteko balio dute eta hirurak streaming egiteko gai dira. Hain zuzen, gaitasun hau da programa hauen ezaugarri nagusia. Stream hitzak jarioa edo erreka baten etengabeko ur korrontea adierazten du. Sarean, berriz, gure ordenagailura etorri ahala entzun edo ikus daitekeen seinalea da. Normalean artxibo bat zabaltzeko lehendabizi osorik jaitsi behar dugu gure ordenagailura, berau zabaldu ahal izateko. Aldiz artxibo bat stream-en entzuteko ez dugu itxaron behar.
Irrati batzuk badaude jada sarean entzungai. Batzuek zuzenean emititzen ari dena entzuteko aukera ematen dute eta gehienek irratsaioen aukera bat eskainiko digute. Zuzenean emititzeko aukera teknikoki konplikatuagoa da, seinalea etengabe irrati estaziotik zerbitzari batera igorri behar baita. Espainiako katerik handienek hori egiten dute eta EITBk iragarri duenez laster gauza bera egingo dute Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta ETBko bi kateek —azken hauek RealVideo sisteman—. Bitartean, irrati biak Canal21 atariaren bidez emititzen ari dira baina gehienetan emisioak akatsak ditu eta ez dugu ez zuzeneko emisioa ezta grabatutakoen aukera entzuterik lortzen.
Canal21 ataria aipatu dugunez, aipatu behar da atari guztiak ari direla euren eskaintzan irrati edukiak gehitzen. Espainiako Navegalia atariak beste batzuek eurentzako eginiko irratsaioak eskaintzen ditu Windows media Player sisteman. Sistema bera erabiltzen du iBrujula.com informazioguneak bere irrati edukiak igortzeko. Aldiz, Ya.com atariak RealAudion bere irrati emankizun bereziak eskaintzen ditu.
Edonoren esku
Baina programak grabatzea eta Interneten jartzea ez dago kate handien edo portal gutxi batzuren esku bakarrik. Hain erraza da ezen edonoren esku dago, gutxieneko baliabide tekniko batzuk bitarte, bere edukiak sarean jartzea. Doako programak erabiliz RealAudio zein bideo edukiak sor daitezke eta horrela zabaltzen diren aukerak ia sinestezinak dira. Alde batetik, Interneterako soilik diren irrati emisora birtual dexente ere sortu da azken aldion. Gaiaren araberako emisorak sortzen ari dira sarean, gay komunitaterako den Radio Chueca adibidez.
Gure artean, Euskal Herria Journal izan zen aitzindaria, Egin Irratiaren eguerdiko titularren emisioarekin. Eusko Ikaskuntzaren Euskonews webguneak saio batzuk eskaintzen ditu eta Tas-Tas irratiaren Ai Eneak! saioa sarean ere topa daiteke.
Eusko Ikaskuntza
www.euskonews.com/
Ai Eneak!
www.freespeech.org/presoak
Euskadi Irratia
www.canal21.com
Radio Chueca
www.chueca.com
Real programak
www.real.com
Hackerrak eta futbola
Duela pare bat aste Real Madrid taldearen webgunea hackerren kontrolpean jausi zen. Haren hasierako orrialdean norbaitek Barca-ren ikurrak jarri zituen, talde honi egin dakiokeen irainik handiena. Iragan astean berriz Atletico de Madridek Rayo Vallecanoren ikurra erakusten zuen, Patetico de Madrid leloaren ondoan. Jesus Gilek zuzentzen zuen taldeko kudeatzaileek adierazi dutenez, erasoaren egileak identifikatuta dituzte eta auzitara eramango dituzte.
Atletico de Madrid
www.at-madrid.es/