2000ko otsailak 23, Asteazkena | UNInet |

Manipulazioa eta parodiak

Webgune abertzaleen ordez haien aurkakoak ageri dira Terra-ren bilatzailean

Duela hiru aste EAJk salatu zuen Telefonicaren Terra atarian alderdi horri egiten zaion boikota. Zehazki, haren baitan dagoen bilatzailean PNV bilatuz gero, ez zaigu haren helbidea ageriko. Aitzitik, alderdi horren zein abertzaletasunaren aurkako makina bat webgunerenak eta euskal webguneen parodia iraingarriak egiten dituzten beste asko emango dizkigu bilatzaileak.

Lehenago Ole izena zuen bilatzailea da Terrak erabiltzen duena, haren baitan integratuta baitago egun. Telefonicaren asmoa sareko hainbat zerbitzu batzea zen, Espainiako eta Latinoamerikako atari nagusia sortzeko, eta horregatik Ole erosi zuen. Egun, Villalongaren enpresak eta BBVA banku erraldoiak sinatu duten akordioaren ondorioz, zalantza barik Espainiako talderik handiena osatzen dute Interneteko komunikazioaren arloan. Ole bilatzailea Katalunian jarri zen abian eta, hasiera batean, hango gobernuaren laguntza jaso zuen proiektuak. Bertako iturrien ingurutik jakin ahal izan dugunez, gerora Generalitat-eko agintariek damu zuten laguntza eman izana, horren jarrera espainiarzalea hartu zuen bilatzailearen egitasmoari.

Baina Ole-k euskal webguneei egiten dien boikota ez da oraingo kontua. 1997ko uztailan, Miguel Angel Blancoren heriotzaz geroztik kanpaina egin zuen espainiar bilatzaileak, mail bombing kanpainarekin bat eginez. Beste ideia bat ere gehitu zuten Ole-ko kudeatzaileek haien hitzetan "ETArenak" ziren webguneei boikota egiteko. Milaka helbidetara bidalitako mezuan ziotenez, "haien isolamendua lortzeko biderik onena OLE bilatzailean beti, gure sorreratik egin izan duguna da, hau da, ez ditugu eduki terroristadun webguneen eskabideak onartzen. Horregatik, komunitate hispanoarentzat erreferentzia den OLE bilatzailean ez da posible horrelako webguneak aurkitzea".

Eta halaxe da, ETAren webgunerik ez da ageri Ole bilatzailean. Are gehiago, inolaz ere terroristatzat jo ezin daitezkeen hainbat euskal webguneren alta eskabideak ez ditu onartu Ole-k. Bere webgunean bertan azaltzen denez, bilatzaile honetako editoreek banan banan aztertzen dituzte eskaerak eta ez dituzte onartzen haien iritziz egon behar ez luketenak.

Aldiz, webgune abertzaleen parodiak eta eduki iraingarriko hainbat webgune ageri dira Ole-ren aurkibidean. Besteak beste, itxuraz Jarrairen edo Sabino Arana Fundazioarenak diren webguneak edo EHren parodia den Euskal Histerikos webgunea. Euskal presoen aldeko webgunearen itxura baina erabat kontrako edukia baduen beste bat ere badago horien artean.

Sareak lehia politikoan hartu duen garrantzia, beste arlo askotan legez, handia da eta horrek azaltzen du EAJren salaketa. Egileen helburuak ere argi daude, baina libelo horien guztien atzean nor ote dagoen kezka sortu da. Denak doako webguneetan daude eta estilo aldetik antzekotasun handiak dituzte haietako batzuek. Nazionalismoaren kontrako webring edo webgune sortan daude batzuk eta bertako denak izengabeak dira, Unidad Alavesa alderdiaren webgunea izan ezik. Bitxia da sarean alderdi abertzaleen ekimenek zein euskal nortasunaren aldeko aldarrikapen guztiek berehalako erantzun izengabea aurkitzea.

Abertzaleen aurka eta naZionalismo, hitzaren erabilera bereizgarri moduan dutela, famatuenetakoa dugu La pluma y la Espada, Maider Intxausti Goenaga izenarekin sinatzen duen norbaitek egiten du eta abertzaletasunaren kontra egiteko erabat dedikatuta dago, artikulu luzeen bidez. Antzeko kasua da La mentira de los separatismos webgunea. Bertan, Ernest Vilardell i Tous bezala sinatzen duen batek antzeko iritziak plazaratzen ditu. Bertan, I love .es webgunerako lotura ageri da, Kataluniako, Galizako zein Euskal Herriko domeinuak lortzeko kanpainen aurka azaltzen da haren egilea. Bannerren bidez Espainiaren .es domeinuaren handitasuna aldarrikatzeko kanpaina bultzatzen du webguneak.


Ole bilatzailea
http://www.terra.es/
La pluma y la espada
http://www.geocities.com/SunsetStrip/Club/1726
La mentira de los separatismos
http://imaginapoder.es.fortunecity.com/burros/14/
Dominio espaņol
http://www.geocities.com/Athens/Sparta/7469/


Laburrak


Musika eskola
Donostiako Musikabi musika eskola sarean da, bere domeinu eta guzti. Bertan, musika eskolan dauden ikastaroen gaineko azalpenak emateaz gain, haren inguruko hainbat musika talderi buruzko argibideak ageri dira. Beste atal batean Euskal Herriko musika aurkibidea sortu dute talde, bakarlari, disko eta partitura askorekin. Berriak, datozen kontzertuak eta Musikabi Kamera Orkestak ateratako azken diskoa dira aipatzen diren beste gai batzuk.

Musikabi
www.musikabi.com

Ikastaro telematikoak
Arabako Zabalnet enpresak etengabeko formakuntza ikastaroak sarean jarri ditu hainbat enpresatako langileentzat. Irakaskuntza telematikoko proiektu honetan 400 ikasle baino gehiago biltzea espero dute Zabalnetekoek aurtengo ikastaroan, baita urtez urte kopuru hori emendatzea ere. Hemendik bi urtera irakaskuntza arautua ere ematea da enpresa honen asmoa.

Zabalnet
www.zabalnet.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner