2000ko otsailak 9, Asteazkena | UNInet |
Arrakastaren gakoak (I)
Gure enpresa sarean ezagutarazteko gomendio batzuk
Enpresa diogunean elkarte baten webgunea izan daiteke ere eta enpresa handi zein txikietarako balioko duten gomendio orokorrak dira. Kasu bakoitzak gomendio zehatzagoak eskatuko ditu baina bere webgunea sarean ezagutarazteko badira edozein webmaster-ek jarraitu beharreko urratsak.
Demagun gure webgunea ipini berri dugula, oso webgune txukuna, diseinuz dotorea eta haren bidez sekulako produktuak iragarri eta saltzeko baliatuko duguna. Askok uste dute jada dena eginda dagoela webgunea sarean jarrita, hori baita "Interneten egotea". Bada, orain dator parterik zailena eta garestiena agian: gure webgunera bisitariak erakartzeko kanpaina egin behar dugu. Erabil daitezkeen tresna batzuk aipatuko ditugu, baina enpresa bakoitzak bere plana egin behar du, bere aurrekontuen arabera zeintzuk erabili eta bakoitzari zer diru eta lan kopuru bideratuko dion zehaztuz.
Dirutza ederra webgunean gastatu arren, komunikazio kanpaina egokia egin ez duten enpresek oso bisita gutxi jasoko dituzte. Batzuetan oso zaila da enpresa nagusiak sareko topatzaileetan aurkitzea. Beraz, topatzaile nagusietan izena eman behar dugu, prozesu nekagarria izan arren. Batzuetan, Yahoo famatuan kasu, gure helbidea emateaz gain gure webgunea gaiaren arabera sailkatu beharko dugu eta bertako edukiaren laburpen bat sartu, barruan gurea ezaugarritzen duten gako-hitzak emanda. Beste batzuetan nahikoa izango da webgunearen helbidea ematea eta spider edo robot batek arakatu eta sailkatuko du. Tokian tokiko bilatzaileetan ere izena eman beharko dugu, gure kasuan Kaixo, Aurki eta Jalgin. Webgunearen gaiaren araberako bilatzaile tematikoetan ere komeni da ematea. Eskuz, banan banan izena ematea aholkatzen dugu baina badira ere lan hori automatizatuko diguten programa batzuk.
Beste bide batzuk
Berri taldeetara edo banaketa zerrendetara gure webgunearen berri ematen duten mezuak bidaltzea ideia ona izan daiteke, betiere, spam-ik egin gabe. Gaiarekiko lotutakoak izan beharko dute eta mezu bakarra edo gutxi baina ondo tartekatuta, bestela talde edo zerrendako kideak haserretu daitezke. Albiste itxurarekin gure webgunearen berri ematen duten prentsa oharrak komunikabide digitaletara bidaltzea ideia ona izan daiteke, ideia bitxia edo diseinu ona badu, haren berri emango baitute. Oso diseinu ona badu lehiaketa batera aurkez dezakegu gainera.
Ideia on bat da antzeko beste webguneekin loturak trukatzea: nik zure webgunera lotura jartzen dut eta zuk nirera. Loturak ezezik bannerrak edo iragarki grafikoak trukatzea ideia ona da, gurean Euskalbanner-ek egin duen moduan. Hain zuzen, bannerren eta beste online zein offline teknika batzuren gainean jardungo dugu datorren astean.
Topatzaileen sekretuak
websitesecrets.com
Publizitate ikerketak
www.intweek.com
Banner trukea
www.euskalbanner.com
AMARAUNA: JALGI
Jalgi portal-bilatzaile berria
Portal-bilatzailea bihurtuta ageri zaigu, itxuraz eta edukiz eraldatuta, Jalgiren webgunea. Otsailaren 3an abian jarri duten webgune berriak bilatzaile zerbitzua eskaintzen du, bertako partaide diren batzuren ekarpenez gain. Esaterako, EUSKALDUNON EGUNKARIAren titular nagusiak ikus ditzakegu Jalgiren hasierako orrialdean. Gainera, zenbait bilaketa egiteko aukera dugu bertatik: Hala Megadendan artikulu bat bere izena sartuta bilatu, nola Klaudio Harluxet hiztegi entziklopedikoko hitzak sartuta, euren esanahia bilatu.
Baina webguneko atalik garrantzitsuena Interneteko euskal webguneen bilaketa tresna da. Berriki Argia Saria irabazi duen Eibar.org elkartearen Aurki bilatzailearekin lehian sartu da Jalgi, IXA taldeak garatu duen bilatzaile honen bidez. EHUko Informatika Fakultateko ikerketa talde bat da IXA, eta hizkuntz ingeniaritzaren arloan lan egiten du, batez ere euskararako tresnak egiten. IXAk garatu duen GaIn da bilatzaile honetan erabili den hizkuntz teknologia, webgunean bertan azaltzen denez. Bilaketa eremu zehatzetan egiteko, gai edo kokagune geografiko batera murriztu dezakegu Jalgik duen webguneen datu basea. Gurearen helbidea sartzeko aukera ere damaigu Jalgiren topatzaileak.
Jalgi portal-bilatzailea
http://www.jalgi.com
Laburrak
Urtebete konektaturik
Bere etxetik irten gabe eta Internet kanpoko munduarekiko harremanetarako bide bakarra duela. Horrelaxe emango du urtebete Dotcomguy izena hartu duen Mitch Maddox Texaseko gazteak. Urtezahar gauean Dallaseko etxe huts batean sartu zen, ordenagailua baizik ez zuela. Bere zilbor heste birtualaren bidez erosiko ditu urtebetez bizirauteko beharko duena: altzariak, jatekoa eta beste guztia, etxe horretatik irten gabe. Gainera, webgune bat badu eta bertan, etxean jarritako hainbat webcam-en bidez haren itxialdia zuzenean jarrai dezakegu. Noski, ekimen honen atzean publizitatea dago, hainbat babesle bilatu baititu Maddoxek bere abenturarako.
http://www.DotComGuy.com
Izarrak sarean
Internautek bi supernova aurkitu dituzte jada, etxetik mugitu barik. Teleskopioa baino, ordenagailua erabiliz, astronomia eta Internet afizio biak uztartzen dituzten astronomo ez profesionalak izan dira bi aurkikuntzen egileak. Biak italiarrak dira eta Col Druscieko (Italia) teleskopioa sarearen bidez maneiatuz egin dituzte aurkikuntzok. Supernovak izarren leherketak dira eta pantailan ikusten zutena ikusi behar luketeenarekin konparatuz aurkitu dituzte.