2000ko otsailak 2, Asteazkena | UNInet |

Zaborra postontzian

Eskatu gabeko ehundaka publizitate mezuk gure e-posta blokatzen dutenean

Gero eta jende gehiagok jasaten duen arazoa da. Egunero, gure postontzi birtualera konektatzen garenean, makina bat mezu badatorrela ikustean jakinmina sortzen zaigu, nork idatziko ote digun. Heldu ostean, ordea, gehienetan ulertzen ez ditugun ingelesezko mezuak direla ikusten dugu, denetariko produktuak saltzeko, antza. Gehienek "Make money, work from home" edo "legal TV descrambler" gisako titularren ostean sekulako txapa emango digute, gure bizitzako aukera dela eta, lehenbailehen erosteko.

Hori ez da guztia, hala ere. Egunak joan, egunak etorri, gero eta gehiago datozela eta, azkenik, oldarra geldiezina dela somatuko dugu. Saiatuko gara mezuan bertan datozen remove instructions horiek jarraitzen, baina sistemak mezu hori atzera bueltatzen digunean konturatuko gara horrek ez duela ezertarako balio. Baina non arraiotik atera dira mezu hauek guztiak? Nondik atera dute nire e-posta helbidea? Nola geldiaraziko dut bonbardaketa hau?

Ingelesez UCE esaten zaio, Unsolicited Comercial Email, baina spam hitza da ezagunena mundu osoan jarduera hau izendatzeko. Iragarle batek nahikoa du horretara dedikatzen den enpresa baten zerbitzuak alokatzea edo milioika helbide datozen CD bat erostea —horiek ere spam-aren bidez iragartzen dira— eta berak egitea. Gure etxeko buzoia paperez betetzea kostatzen den diru berbera gastatuz, e-posta erabiliz, mezu elektroniko bat milaka laguni bidal dakieke. Hala ere, iragarleentzat publizitate tresnarik eraginkorrena dirudienak erabiltzaileen haserrea baino ez du eragiten.

Horren aurka hainbat internauta antolatzen hasi da spam-aren aurkako elkarteetan, esaterako CAUCE elkartean. Arazo hau mundu mailakoa da, spam-ak ez baitu mugarik ezagutzen. Bertan, spam-aren aurkako kanpainia aurki dezakegu, prebentziorako aholku interesgarriak eta spammer arriskutsuenen zerrenda beltza, besteak beste.

Aholku nagusia gure helbidearen berri lagunei bakarrik ematea da. Webgune komertzial batean emanez gero, ondo apuntatuko dute ondoren spammer bati saltzeko askotan. Beraz, kontuz non ematen duzun zure helbidea.

Berri taldeetan, berriz, Velveeta edo Excesive Crossposting (ECP) esaten zaio spam-aren bertsioari. Mezu bat, normalki iragarki bat, ehunka berri taldetara igortzea da ECP. Mezuaren gaiak eta berri taldeek zerikusirik duten begiratu barik egiten da ECP, spam-a bezala. Talde hauetan ere, eta webguneetan sniffer programak erabiltzen dituzte spammer-ek. Programa hauek sarea eskaneatzen dute e-posta helbideen bila. Horregatik gure helbidea izena@lekua.com balitz, esaterako, izenaKENDUHAU@lekua.com idaztea komeni da sniffer horiek engainatzeko.

CAUCE
www.cauce.org
EuroCauce
www.euro.cauce.org

INFO: HACKERRAK

Kevin Mitnick askatu dute

Munduko hackerrik famatuena kalean da urtarrilaren 21az geroztik. Informatikaren bidez iruzurrak egiteagatik bost urte eman ditu eta baldintzapeko askatasunean atera da orain. Baldintza nagusia hauxe da: beste hiru urtez ordenagailurik ezin izango duela ikutu, ezta haietako batera hurbildu ere.

Munduko hacker guztien ikurra bihurtu da Mitnick azken urteotan. Bere barrabaskeriek Tsutomu Shimomura eta John Markoff-en Takedown nobela inspiratu zuten eta haren aldeko kanpaina indartsua egin da Free Kevin webgunetik. Haren aske uztea galdatzeko, hackerrek FBI eta hainbat erakunde publikoren webguneak krakeatu dituzte denbora honetan.

Mitnick aske uzten duten bigarren aldia da hau. Lehengoan ihes egin zuen baldintzapekoa hautsita. Orduantxe hasi komunikabideetan haren hacker arriskutsuaren irudia zabaltzen. 1995ean atxilotu zutenean jada haren gaineko artikuluek Mitnickek faltsutzat jotzen duen irudia zabaldua zuten.

Irudi hori gezurtatu nahi izan du Kevinek askatu orduko publikatu duen agirian. Bertan, komunikabideen etika falta gaitzetsi du eta bereziki New York Times egunkariko John Markoff kazetariari leporatu dizkio bere atsekabeak. Mitnick-en arabera, haren artikuluek gaizkile arriskutsuaren irudia sortu duten bitartean, egilea aberastu dute "gezurren gainean eraikitako istorien bidez".

Bere bizitza hondatzeaz, komunikabideak eta "atxilotuaren eskubideen gainetik irabaztea bilatzen duten fiskalak" ezezik, EEBBetako justizia egiten du erantzule, "horien erasoen aurrean denok dugun defentsarako eskubidea ez bermatzeagatik". Bere aldeko webgunean argitaratutako agiriak ohar bat dakar amaieran: "Niri egin didatena zuetako edozeini egin diezaiokete".

Free Kevin kanpainia
http://www.freekevin.com/


Argiñano.com
Euskal sukaldaririk famatuenak badu bere txokoa sarean iragan ostegunetik. Halabaina, beasaindarra ez da sarean bere leihoa zabaldu duen lehendabiziko sukaldaria izan. Koldo Royo aspalditxotik badabil sarean bere A fuego lento webgunean eta sukaldaritzaren portala bihurtu da donostiarrarena. Pena bakarra da ez batak eta ez besteak internauta euskaldunik badela ez gogoratzea, bertako testuok gaztelaniaz baitaude.

Karlosnet
www.karlosnet.com
Koldo Royo
www.afuegolento.com


Winsatan
Troiarra da Winsatan. Ez da Homerok bere obretan aipatu zuen aintzinako hirikoa, programa informatikoa baizik. Oso troiar arriskutsua da Winsatan. Birusaren antzeko programa txikiak dira troiarrak eta, haiek bezala, oharkabean ezartzen ditugu kutsatutako artxibo bat gure ordenagailura ekartzean. Ulises kondairako zaldian bezala, troiarrak hantxe egoten dira, izkutaturik gure ordenagailuaren barruan. Eta gutxien espero dugunean aktibatzen dira baina gu ez gara konturatzen. Konektatuta gaudenean Winsatan-ek abisua bidaltzen du sarera eta gure makinaren ateak zabaltzen ditu. hacker maltzur batek gure konputagailuaren erabateko kontrola har dezake: fitxategi guztiak ikusi, aldatu, ezabatu... Erasotzaileak aldaketa handiegiak egiten ez baditu gu ez gara ezertaz konturatuko.

Winsatan
http://www.info-sec.com/viruses/99/viruses_070299b_j.shtml

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner