2000ko urtarrilak 19, Asteazkena | UNInet |

ISOC Espainian, adostu ezinik

Espainiako ISOC-en sorrera gatazkatsua, nazio arazoaren adierazle

Internet Society (ISOC) elkartea mundu mailan oso garrantzitsua da, sarearen norabidea markatzeko erakunde aholkularia delako. Elkarte honek estatu askotan eta estatu ez diren herrialde askotan baditu tokian tokiko erakunde edo ISOC kapituluak, nazioarteko erakundean bildurik. Espainian ez da egon orain arte estatu mailako elkarterik baina badira Katalunian, Galizan, Aragoe eta Andaluzian ISOCeko kide diren kapituluak eta orain arte hainbat lan egin dituzte ISOCen ordezkari moduan zein elkarrekin koordinaturik. Madriletik bultzatuta, Espainia mailako erakundearen sorkuntzak ekarri du, hala ere, elkarteotako bazkideen arteko liskarra. Erakundearen sortzeak baino, proposatu diren estatutuetan egungo elkarteak baztertzeko asmo argia ikusteak haserretu ditu, batik bat Kataluniako elkartekideak.

ISOC elkartea 1991n sortu zen, Interneteko aintzindarien eskutik. Bere sortzaileak sarea bera sortu zuten informatikariak izan ziren, nolabait komunikabide berri honek zeukan etorkizun oparoaz oharturik. Haren hazkundean eta kontrolan eragiteko sortu zuten ISOC, haren izaera demokratikoa jagoteko asmoz eta gobernuek erabateko kontrola har ez zezaten. ISOCek sareko komunikazio protokoloen estandarizazioari buruz erabakiak hartzen ditu eta azpiegiturak non eta nola ezarri aholkatzen die gobernuei zein nazioarteko enpresa handiei.

ISOCen bulego nagusiak EEBBetan daude, Virginiako Reston hirian, eta Europako egoitza nagusia Suitzako Genevan dago. Hala ere, aitatu dugunez, Interneten garapenan zeresanik izan dezakeen administraziorik dagoen tokietan eragiten saiatzen da bere tokian tokiko kapituluen bidez. Horregatik bada ordezkaritzarik Katalunian, Galizan, Aragoen eta Andaluzian. Valentzian eta Euskal Herrian ba omen da ISOC elkarteak sortzeko proiekturik martxan baina oraingoz ez daude osaturik.

Espainiako estatuan Katalunia dugu Internet lehendabizi garatu den herrialdea. Hasieratik buru belarri sartuta ibili dira sarearen garapenean eta ISOCeko kide kataluniarrak Europako koordinadorari begira dira eta bertan eragile aktiboak dira. Galiziako elkartea ere bertan dago eta ICANN nazioarteko erakundean eskubide guztiekin.

Baina gatazka sortu da zenbait internautaren eskutik Espainiako ISOC elkartea sortzeko prozesua abian jarri ondoren. Egungo elkarteetako kideak bildu ziren iazko ekainean Galizako Santiago hirian estatutuak eztabaidatzeko. Printzipioz, egungo elkarteen laguntza du ekimenak, Andaluziako elkarteko presidente Antonio Caravantesen gidaritzapean. Halabaina, desadostasunak sortu dira Espainiako elkartearen eginkizunak eta behin behineko estatutuak zehaztean.

Betiko gatazka
Alde batetik, estatutuetan ez da zehazten ISOC-ES berriak egungo elkarteekin harreman konkreturik izango duen. Beldur nabaria dago, batez ere Kataluniako kideen artean, hauen betekizunak eta ISOC-en ordezkaritza erabat bereganatuko duen beldurra. Andaluziakoak, aldiz, elkartearen bultzagile nagusien artean dira. Eredu federalista eta zentralistaren arteko gatazka planteatzen da eta, momentuz, proposatu diren estatutuetan bigarrena nabaritzen da kataluniarren iritziz. ISOC Kataluniako presidente eta nazioarteko ISOCen zuzendaritzako kide den Manuel Sanromak adierazi duenez "politika digitala egiten hasi dira" espainiar elkartearen bultzagileak. "Beste kapitulu bat antola zezaketeen, besteekiko harreman onekin eta kitto, besteak molestatu gabe, baina ez da horrela gertatu", esan du Sanromak.

Santiagoko bileran ISOC Galizak estatutuak prestatuko zituela ebatzi zuten, ondoren, urriaren 31an, Torremolinosen (Malaga) sortze biltzarran onartzeko. Halabaina, bertan ez zen adostasunik izan eta estatutuak berridazteko batzorde bat izendatu zuten. Bertan Kataluniako ordezkari bakarra dago eta proposatutako kide gehienak Gaztela eta Andaluziakoak dira. Liskar horien adierazle argia da ISOC Espainiarako loturarik ez agertzea Galiziako zein Kataluniako elkarteen webguneetan eta bai, aldiz, Andaluzia eta Aragoakoetan.

Internet denona eta denontzat izan dadin lan egiten du ISOCek erakunde independiente moduan, gobernu eta enpresen gainean presioa eginez. Baina, bere garrantziaren ondorioz, ez dago presioetatik libre gobernu zein enpresa horietxen aldetik. Espainia osorako ISOC baten sorkuntza bultzatu duten Internautei Espainiako Gobernutik "laguntza osoa" izango dutela agindu die Manuel Villar Telekomunikazioetako idazkari nagusiak.


ISOC
www.isoc.org
ISOC Europa
http://www.isoc-eu.org
ISOC Galicia
www.isoc-gal.org/
ISOC Calalunya
cat.isoc.org/
ISOC Andalucia
www.isocanda.org
ISOC Aragon
www.unizar.es/isocara/
ISOC Espaņa
www.isoc-es.org/


Laburrak

Hiztegia online
Iragan astean iragarri zuen Elhuyarrek Euskara-Gaztelania hiztegia sarean jarri duela. Urrian bertsio txikiago bat ezarri zuten baina oraingoa osoa da eta azken azken bertsioa. Paperezko azken argitarapena 1996koa izan zen eta, beraz, Internetekoa inoizko bertsiorik berriena da. Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz prestatu den edizio digital honek 87.000 sarrera, 123.000 adiera eta 19.000 azpisarrera ditu eta doan kontsulta daiteke Elhuyarren webgunean.

Hiztegia
http://www. elhuyar.com/hiztegia


Enpresarik handiena
Jada leku askotan argitaratu da baina guk ezin genuen aipatu gabe utzi. Time Warner eta America Online bat egitean munduko enpresarik handiena sortu da, non eta Interneten. 53 bilioi pezetako balioa izango duen erraldoi berriak, besteak beste, Netscape, CompuServe, CNN, Time, Fortune, Cartoon Network, Warner Bros eta TNT enpresak ditu bere baitan. Sortu eta berehala "Interneten hurrengo faseaz" aipatzen hasi dira enpresaren jabeek. Enpresa erraldoien joera nabaria dagoen honetan fase berriak txikien deuseztea eta sarearen kontrol oligopolikoa dakarrela diote askok. Aukeren berdintasuna oinarri duen Internet librearen amaiera iragartzen hasi dira jada.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner