2000ko urtarrilak 12, Asteazkena | UNInet |

Lorratzik utzi gabe

Sarean gure nortasuna agerian utzi gabe nabigatzeko gomendioak

Jaberik ez duen sarean nabigatzean pentsa liteke inork gure mugimenduak jarraitzea ezinezkoa dela. Agian nortzuk garen eta sarean nondik ibiltzen garen, norekin komunikatzen garen eta zer idazten dugun jakin lezake beste norbaitek: webgune porno bat bisitatu dugula edo oso legalak ez diren asuntuetan gabiltzala esaterako. Sarean uzten diren lorratzak asko dira eta batzuk oso agerikoak.

Inoiz aipatu dugun gai honetan sakonduta, sarea erabiltzean ahalik eta arrastorik gutxien eta txikienak uzteko gomendio batzuk emango ditugu, inoiz ezin baita erabateko anonimotasuna dagoenik ziurtatu. Ez gara muturretaraino joan behar gure pribazitatearen defentsan: erabateko paranoia eta erabateko arduragabekeriaren artean oreka bilatuko dugu.

Nabigatzen ari garenean gure zerbitzaria zein den jakiten ahal dute bisitatzen ditugun makina guztiek, sareko beste zerbitzariek. Hori ekiditeko iragazkiak erabiltzen dira, ingelesez firewall deituak. Firewall edo proxie horien erabilera bat bitartekariarena da, gure konexioaren informazioa izkutatuz. Aurreratuenek beste funtzio erabilgarri batzuk ere badituzte, hala nola, publizitate bannerrak eta cookie-ak ezabatzea edo eta ActiveX kontrolak, JavaScript-ak eta Java applet-ak blokatzea. Hauek denak, nabigatzen ari garela, gure gaineko informazioa lortzeko balia daitezkeen bideak dira, kasu batzuetan gure ordenagailu mota, nabigatzailearen bertsioa eta pantailaren erresoluzioa baino ez bada ere.

Firewall eginkizun hori zerbitzari batek egin ohi du baina programak erabiliz ere emaitza onak lor daitezke. Windows sisteman At Guard programa erabil daiteke. Programa honek iragazki asko ezartzeko aukera damaigu. Web nabigazioan berriz, bisitatu nahi dugun webgunean arrastorik utzi nahi ez badugu Anonimizer dugu aukera ona. Doan erabiltzeko aukera dago, baina urtean 150 dolar ordainduta ez dugu hamar segunduko atzerapen gogaikarria sufritu beharko webguneak arrastorik utzi gabe ikuskatzearren.

Web nabigaziorako beste aholku bat nabigatzailearen preferentzietan gure benetako e-posta helbidea ez jartzea da. Webgune batzuetan identifikatzaile bezala erabiltzen du programak gu ohartu gabe. HTTP protokoloa ere nahiko kontakatilua da. Webgune bat bisitatzean zerbitzariak jakin lezake justu aurretik ikuskatzen egon garen helbidea zein den, referer aginduari esker. Horrexegatik, eta gure IP helbidea interpretatuz, leku askotan ikus daitezke bisitarien jatorriari eta nabigatzailearen bertsioari buruzko estatistikak.

Posta elektronikoari dagokionez, printzipioz, gure nortasuna izkutatzea ahalbidetzen diguten webguneen bidezko posta zerbitzu batzuk badira. Hotmail doako posta zerbitzua da ezagunena. Nahi beste helbide sor ditzakegu eta, gainera, posta zerbitzari horretan gure nortasuna agerian ez uzteko, beti izango dugu Anonymizer bezalako zerbitzu baten bidez kontsultatzeko aukera.

Are zuhurragoak bagara eta jasotzaileak gure doako helbide hori zein den ere ezagutzea nahi ez badugu, remailer bat erabil dezakegu. Zerbitzu hauetara gure mezua erabiltzen dugu, norentzat den adierazita. Honek gure nortasunaren zantzu guztiak ezabatu eta berak bidaliko dio jasotzaileari. Horietan oso ezaguna da Replay zerbitzua. Zeregin horretan lagunduko diguten programak ere badira, Windowserako Mixmaster eskura daiteke eta Mixfit Mac-erako.

PGP enkriptazioa
Edukia, berriz, alde batetik bestera garraiatzean, norbaitek mezuak bidean harrapa ditzake eta bertan dagoena irakurri. Hori ekiditeko kriptografia erabili behar da eta horretan PGP programa da jaun eta jabe, oso algoritmo gogorrak erabiltzen baititu mezuak enkriptatzeko eta, gainera, klabe publiko eta pribatuen sistema bikoitza erabilita, edonork enkriptatu dezake guretzako mezu bat bere gako publikoa erabiliz baina jasotzaileak bakarrik ireki ahal izango du mezua, berak eta beste inork ez baitauka horretarako behar den gako pribatua. PGP programa doan jaits dezakegu saretik eta instalatzean posta programa gehienekin integratuko da, erabilera erraztuz.

Kriptografiaren eta, orohar, pribazitatearen gaineko informazio gehiago aurkituko dugu Cybertranslations gunean. Bertan, Eugenio Garcia-Salmonesek informazio baliagarria bildu baitu. Beste gune interesgarri bat Kriptopolis dugu, kriptografiari buruzko webgunea gaztelaniaz.


http://www.atguard.net
http://www.anonymizer.com
http://www.hotmail.com
http://www.replay.com/remailer
http://www.pgpi.com
http://www.cybertranslations.com
http://www.kriptopolis.com


Laburrak

Entzun! digitala
Entzun!, musikari buruzko aldizkari euskaldunak badu jada bere Interneteko leihotxoa, domeinu eta guzti. Momentuz, hasierako orrialdeaz aparte, lau atal baditu bakarrik: Harpidetzak, Staff, Erosketak eta Aurrekoak. Harpidetza orria bete eta Entzun! etxean jasoko dugu Fermin Muguruzaren Erremixak diskoarekin.

Entzun! aldizkaria
http://www.entzun.com

Fatxak.net
Miamitik nuevorden.org domeinupean egiten zen webgunea berriro sarean dago. Lehen erakusten zituzten sinbolo nazien ordez, antzeko itxurako beste batzuk ageri dira orain. Orrialdean bertan diotenez, sinboloen aldaketa "Espainian diren kideei arazorik ez eragiteagatik" egin dute baina pentsamendua lehengo bera dela berresten dute. Espainiako talde nazien elkargune honek Jovenes Contra la Intoleranciaren arreta ere erakarri du. Duela gutxi zabaldu zen Bilbon horrelako talde bat sortzen ari zela baina webgune honetan zuten informazioa ezabatu du webgunearen arduradunak.

NuevoOrden
http://www.nuevorden.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner