2000ko urtarrilak 5, Asteazkena | UNInet |

Enkanteak online

Edozein gauzarengatik edonorekin lehiatu eta prezioa geuk jartzen dugu

Ez da beharrezkoa etxetik ateratzea eta enkanteen gelara joatea. Munduko enkante gelarik ospetsuenak, klasikoenak eta berrienak gure etxera sartuko dira Interneten bidez. Artikuluak denetarikoak izan daitezke eta gure lehiakideak, seguruenik, munduko beste muzturrekoak izango dira. Modan diren enkante telematikoez ari gara, urtean milioika dolar mugiarazten dituen negozioaz.

Saretik kanpo, dudarik gabe, arte galeriak dira famatuenak. Sotheby's eta Christie's sarera primeran egokitu dira enkanteak eta salerosketak sarearen bidez egiteko. Lehenengoak, gainera, merkataritza digitalean aitzindaria den Amazon.com sareko liburudendarekin hitzartu du Interneteko negozioaren kudeaketa. Bategite indartsua aterako da hortik, izan ere, Inglaterrako etxeak 255 urteko esperientzia du eta besteak sarearen nondik norako guztiak ezagutzen ditu. Webgunean, egunero, 24 enkante antolatzen ditu Sotheby's-ek. Adituen ziurtagiria duten artelanak dira, hasteko 15.000 eta 15 milioi pezetako salneurriak dituztenak.

Sareko enkanteen dinamika ohikoen antzerakoa da. Lehendabizi, adituen talde batek artikuluak bilatu eta sareko katalogoan jartzen ditu: haren datuak, argazkia eta hasierako salneurria. Enkanteak bi hilabete irauten du eta denbora horretan bisitariek lehiatu ahal izango dute artikulu hori eskuratzeko. Artikulua ikuskatzean beti ordurarte izandako eskaintzarik onena ikusi eta hobetzeko aukera dute internautek. Enkantea amaituta, gehien eskaini duenak e-posta bidez mezua jasoko du eta hortik sei eguneko epea izango du artikulua ordaintzeko. Gainontzekoa artikulua jasotakoan ordaindu beharko du.

Denetariko gaiak
Baina era horretan ez dira bakarrik artelanak erosten ahal. Ebay enkante etxea sarerako sortua da propio eta ez du mugarik —legeak ezartzen dizkionak kenduta— artikulu motari dagokionez. Bertan, denetariko artikuluak erosi eta sal daitezke. Izan ere, bertan izena eman ondoren, edonork jar dezake salgai etxeko ganbaran ahaztutako mende hasierako bizikleta edo gauza arruntago bat. Hala ere, batzuetan legeak gainditu egiten dira, eta Ebay-k hainbat artikulu kendu behar izan ditu enkantetik. Esaterako, norbaitek bere giltzurrun bat saldu nahi zuen —zazpi milioi dolarreraino heldu zen lehia—, beste batek haur jaiogabea nahi zuen saldu eta HIESak jotako batek hil ondoren bere gorpua azter zezaten zientzialariei eskaintzen zien.

Bestalde, arrazoi etikoengatik —eta presioen ondorioz— armak kendu zituen Ebay-k katalogotik baina horrek ez ditu armazaleak arduratu, horretara dedikatzen diren hainbat enkantegune badirelako sarean. Besteak beste, duela aste batzuk errusiar batzuek urpeko ontzi nuklearra salgai zutela jakin zen eta legeek babestutako animalien legez kanpoko enkanteak egin izan dira sarean.

Gurean ez dago enkanteen ohitura handirik, arrainarena kenduta, eta hori ez da, momentuz, Interneten bidez egingo. Sarearen abiadura eta ahalmenak dexente hobetu beharko lirateke horretarako.

www.sothebys.com
www.theglobegallery.com
www.ebay.com

AMARAUNA: Web fikzioa

2000 psikosi kolektiboa

Hainbatek egunotan 2000 efektuari izan dioten beldurrak denetariko efektuak izan ditu, ondorio informatikoak aparte. Horixe gertatu da New Yorkeko Mike Zieper artistarekin eta bere webgunearekin. Garai batean Munduen gerra irratsaioarekin gertatu zen antzera, oraingoan ere fikzio batek benetazko efektuak izan ditu, Sagar Handian 2000 efektuarekin zegoen psikosiak areagotuta.

Zieperek eginiko filmea erakutsi zuten bertako telebista txiki batean. Bertan, militarren eskutik estatu kolpea datorrela eta, matxinadarako deia egiten da, egoera benetazkoa bailitzan. Baina aipatutako psikosi horren ondorioz lagun askok polizia deitu zuten. Orduan, FBIk legez kanpoko neurriak hartu zituen: lehendabizi, artistaren etxera jo eta filma Internetik kentzeko eskatu zioten Zieper artistari, izan ere, RealVideo sisteman ikusgai dago bere webgunean. Honek ezetz esan zuen eta orduan webgunea ostatu hartutako zerbitzarira jo zuten poliziek, epailearen agindu baten faltan, mehatxuen bidez webgunea kentzeko aginduz.

Bideoak ez du aparteko ezer. The Blair Witch Project filma ospetsu egin duen zuzeneko eran dago filmatua, estilorik gabe, etxeko itxurarekin. Sei minutu irauten du eta webgunean ez dago ia beste ezer. Hori ikusita, esan daiteke doako publizitatea egin diotela FBIkoek Zieper-i. Zentsuraren berria The Village Voice agerkari alternatiboan agertu zen handik gutxira eta ondorioz Zieper-en aldeko mugimendu txikia sortu zen. Zentsura saiakerari aurre eginez, webgunea eta filma berriro sarean jarri zituen zerbitzariak.

Zieper-en filma
http://www.crowdedtheater.com/
The Village Voice
http://www.villagevoice.com/


Laburrak

Programa faltsua
Macintosh-erako nabigatzaile euskaldun baten berri eman zuen abenduaren 28an Joxe Rojasek EuskaraZ posta zerrendan. Programazio lanetan aritu ondoren, "alfa fasean" dagoen Boga Boga nabigatzailea iragarri zuen Rojasek: "Edozein nabigatzailek egiten dituen oinarrizko gauzak egin ditzake gureak ere dagoeneko: web orriak ikusi eta bilaketak egin, AURKI euskal aurkitegiaz baliatuz". Mezuarekin batera, programa probatzeko gonbitea egin zuen. Hala, datari erreparatu ez zionak mega bateko deskarga egin ondoren inuzentada baino ez zela ikusiko zuen.

Hamaika Ikusteko
http://members.xoom.com/hamaika


Irratia sarean
Bilboko Tas-Tas Irratian egiten da asteartero Ai Eneak! euskarazko irratsaioa. Uhinen bidez Basauriko presoek entzun ditzaketeen agurrak bidaltzen dira eta euskal presoen gaineko berriak komentatzen dira ordubetez. Egunotan, ordea, munduko edozein bazterretara heltzeko gai da saio honen seinala. Izan ere, RealAudio sistemaren bidez entzungai dago Euskal Presoak Euskal Herrira webgunean.

Ai Eneak!
http://www.freespeech.org/presoak
Tas-Tas Irratia
http://www.eusnet.org/partaide/tas-tas/home.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner