1999ko abenduak 29, Asteazkena | UNInet |
1999 efektua
Datorrena Interneten bigarren urtea izango ote da gurean?
Badirudi 2000 efektuak uste baino eragin handiagoa izaten ari dela, baina ez gara ari zenbait ordenagailu kaltetuko omen dituen akats informatikoaz. Milurteko berrian sartzeak duen efektu psikologikoa handia da, muga handi xamarra baita igarotzeko zorian gaudena. Ohi bezala, gabonetan urteari begirada botatzen zaio eta datorren urterako aurreikuspenak eta asmoak agertzen dira egunotan. Aurten berriz mende osoa da berraztertu behar duguna, baina batez ere 2000 urterako kezkak eta zalantzak ageri dira, nonbait teoria milenaristak kutsatuta edo. Interneten arloan gauza berri asko ezagutzeko dagoen ustea nagusi da gizartean. Are gehiago 1999 urte emankorraren ondoren.
Izan ere, askorentzat 1999 Interneten urtea izan da Euskal Herrian, sarearen garapenaren urtea. Batez ere, lehenagoko bi urteekin konparatuta. Zenbait herrialdetan 1997 edo 1998 izan da Interneten hedapen ikusgarriaren urtea eta haien ondoan euskaldunok, euskal herritarrok orohar, beranduago atera gara.
Duela urtebete pasatxo, Euskara eta Internet izenburupean egin ziren Euskal Informatikarien II Topaketetan, euskaldunok besteen ondoan atzeratuta genbiltzan kezka agertu zen. Luis Fernandezek adibide grafikoa jarri zuen bere iritzia emateko: "Interneten trena gu gauden geltokitik igaro da eta gu geltokian geratu gara, geldi, hari begira". Euskararen arloari begiratzen zioten UEUk antolatutako topaketek, baina Euskal Herrian Interneten garapen eskasa salatzen zuten hainbat aditu erdaldunek ere.
Haietako bat Jose Antonio del Moral zen, @Euskadi buletinaren arduraduna. Agintariek eta enpresek sarea bultzatu behar zutela eta, biziki kezkatuta zegoen kazetari honek webgunea zabaldu zuen, buletinean islatzen zuen kezka bera azaltzeko. Azken zenbakian, ordea, gauzak dexente hobetu direla dio, amaitzear dagoen urteari begiratzean. "Historikotzat" jotzen duen urte honetan, Eusko Jaurlaritzaren ekimena azpimarratzen du Del Moralek, bere aburuz "ekonomikoki bederen, inplikatzea erabaki du azkenik Jaurlaritzak: hezkuntza, euskararen presentzia eta inbertsioa bultzatuta".
Enpresek eta teknologia elkarguneek ere izugarrizko hazkundea izan dutela dio kazetariak, parke teknologikoak, portalak —canal 21, Tu Ciudad eta Guay hemengoak dira— eta Euskaltel, Iberdrola edo Grupo Correo enpresa handien ekimenak nabarmenduz. Gizarte zibilaren esku hartzea ere emendatu da eta eztabaidaguneak hazi dira, baita eibar.org bezalako ekimen kolektiboak ere. Merkataritza elektronikoaren hazkundea ere somatzen du Del Moralek eta Tarifa lauaren falta egitekoen atalean jartzen du. Euskararen garapenaren seinale, berriz, duela urtebete sarean jarri zen EGUNKARIAren edizio digitala eta Argia astekariarena aipatzen ditu kazetari honek.
Izan ere, informazioaren arloan izan dira aurrerapausurik handienak. Portalek eta berri agentziak etengabe informazioa emateaz gain, Euskal Herriko egunkari gehienak sarean daude. Baina informazio zerbitzu berezituak ere badaude: @Euskadi-k bi urte bete ditu, baina EGUNKARIA urtebete pasatxo aurreratu zitzaion, gurean argitaratzen diren egunkarietan aitzindari izandako Nabigatzen orrialdea aterata. Beste batzuk dira Bitniks, Informatica Vasca edo Mikel Amigot iruinsemeak zuzendutako La Brujula.
Etorkizunaren kezka
Badirudi trenbidean lasterka hasi eta trena harrapatu dugula. Orain galdera da makinaraino aurreratuko garen ala azken bagoian, harnas estuka, geratuko garen. Euskarari dagokionez, hala ere, emandako adibideek ez dirudite nahikoa, eta Durangoko azokaren adibide esanguratsuak ez du esperantza handirik eman. Azoka birtualaren intxaurrak lau izan ondoren, badirudi seriotan antolatuko duela Gerediagak, maiatza aldean, multimedia eta Interneti buruzko azoka berezia.
Berriki zendutako Federico Krutwig idazleak Computer Shock, Vasconia año 2000 liburua argitaratu zuen 1984. urtean —beste data esanguratsu bat—. Bertan, gizarte teknologiko batean informatikak euskararentzat izango zuen garrantziaz ohartarazten zuen. Bizi zen artean teoria eta jarrera bitxiak eta neurrigabeak izatea leporatutako gizonak asmatu egin zuen egun informatikak gure artean duen nagusitasuna iragartzean. Datorren urtean izugarrizko aldaketak ikusiko ditugu: ordenagailuak ezezik edozein aparailu konektatuko da sarera, sareen abiadura azkartuko da, teknologia interaktibo berriak sortuko dira... Dudarik gabe, 2000ko data seinalatua teknologia berriekin erabat lotuta dago, ez bakarrik zientzia-fikziozko filmeeek moldatutako imaginazioan.
Laburrak
Gure gasiosie
Ez da inon saltzen baina haren iragarkiek arrakasta handia izan dute. Krus del gorbea delako gaseosa iragartzen duten spot batzuk, wav formatoan digitalizatuta, sarean ibili dira azken hilabeteotan batera eta bestera eta oso ospetsuak bihurtu dira. Sarean tresnarik erabiliena e-posta dela eta webgunerik gabe ere Interneten produktuak zabal daitezkeela erakusten du fenomeno honek. Orain, EuskaraZ zerrendaren vault edo dokumentu poltsan eskuragai daude freskagarri honen hamar iragarki. Berauek jasotzeko baldintza bakarra zerrendan izena ematea da.
Artxiboak lortzeko
http://www.egroups.com/docvault/euskaraz
2000 efektua
2000 efektuaren eguna hementxe dagoela eta, pare bat webgunetan aurkituko dugu, euskaraz, honen gaineko informazioa. Euskal Herriko Unibertsitateak azterketa bat eskaintzen du gure ordenagailua milurte berrirako prestaturik dagoen jakin dezagun, baina azterketa zein eskaintzen digun gainerako informazioa erdaraz dira. Eusko Jaurlaritzaren webgunean, ordea, informazioa eta gai honi buruzko SEGAk —sarritan eginiko galderak— euskaraz erantzungo dizkigute.
EHUn
http://www.ehu.es/2000/euskera.htm
Jaurlaritzaren gunean
http://www1.euskadi.net/guiaconsumo/efecto2000_e.asp