1999ko abenduak 8, Asteazkena | UNInet |
Gidan begiratu
Jendea aurkitzeko tresna boteretsuak edonoren esku
Bila gabiltzan aspaldiko laguna egun non bizi den jakiteko, espioitza lanetan aritzeko, telefono zenbaki bat norena den jakiteko edo, besterik gabe, inoren telefonoa aurkitzeko tresnarik egokiena sarea bera da. Pribazitatearen kalterako, gero eta datu pertsonal gehiago dabiltza ziberespazioan, geuk jakin gabe, edonoren esku.
Telefonoei dagokienez, Ipar Euskal Herriko zein hegoaldeko jendea, helbideak eta telefonoak topatzeko tresna ezin hobeagoak ditugu sarean. Frantziako zein Espainiako telefono gida telematikoetan agertuko zaizkigu bila gabiltzanen datuak. Frantziako telefono gida guztiak batean biltzen dituen annu.com webgunean bilaketak egiteko departamenduaren zenbakia jarri behar dugu, 64 gure kasuan, eta ondoren nahikoa da bila gabiltzan pertsonaren abizena edo enpresaren izena idaztea bilaketa egin dezan. Bilaketa zehatzagoa egin nahi izanez gero, herriaren izena jar dezakegu baina frantses grafiarekin, ez baititu euskarazko izenak onartzen. Espainiako gidak berriz, banatuta daude, batetik orrialde zuriak eta bestetik horiak. Probintzia eta abizena edo jarduera jartzea nahikoa da bilaketa zabala egiteko.
Baina bada askoz bilaketa zabalagoak egiten dituen tresna bat sarean. Datu base berberetan bilatzen du baina alderantzizko bilaketa egiteko aukera ematen du: zenbakitik abiatuta telefonoaren jabea eta helbidea zeintzuk diren diosku. Infobel du izena zerbitzu honek eta hainbat herrialdetako gida zuri guztiak ditu datu baseetan. Gero eta herrialde gehiagotako datu baseak badituzte bertan baina webgunean behintzat ez dute azaltzen nondik atera dituzten. Nahi izanez gero herrialde jakin bateko telefono, helbide eta izen guztiak dakartzan CD-a erosteko manera ere badago. Barruan edozein datu bilatzeko tresnak aurkituko ditugu.
CDetan ere banatzen dira What they don't want you to know (zuk jakitea nahi ez dutena) eta gisa horretako datu base sortak. Ordainduz gero, ogasun publikoaren artxiboetan bilaketak egiteko aukera emango digute, edo trafiko, polizia, osasungintza eta bestelako datu base ofizialetan. Muchracker edo ikerketa kazetaritza egiten dutenek gero eta gehiago erabiltzen dute sarea lan egiteko, baina era berean gaizkile edo poliziek kontrolpean eduki gaitzakete.
Kontrolik gabe
Espainian LORTAD izeneko legea dago, pertsonen pribazitatea babesteko xedez, datuen tratamendu informatikoa arautzen duen lege organikoa. Baina mundu zabaleko amaraunean pribatutasuna defendatzeko legeek ez dute balio handirik eta kasu jakin batzuetan ez bada, nazioartean aplikatzeko zailtasun handiak dituzte horrelako legeek. Espreski hala adierazita datu base horietan ez agertzeko eskubidea badugu ere, ez dago hori beteko den erabateko ziurtasunik.
Jendea, helbideak eta e-posta helbideak aurkitzeko topatzaile asko daude, batez ere EEBBetako jendea aurkitzeko. Haietako bat People Find izenekoa da, tartean Espainia zein Frantziako milioika lagunen datuak dituena. Nondik ateratzen dira datuak eta nola egin dezakegu gure izena datu base hauetan ager ez dadin? Hori ez dute inon esaten.
Frantziako gida
http://www.annu.com/
Espainiakoa
http://www.paginas-blancas.net/index2.html
http://www.paginas-amarillas.es
Belgikatik
http://eu-info.kapitol.com/Spain/
People Find
http://www.infospace.com/info.go2net/index_ppl.html
LORTAD legeari buruz
http://www.nuevaizquierda.es/documentos/identidad.htm
Info: domeinu berria
Palestina independientea Interneten
Sarean estatu guztiek, eta estatu ez diren hainbat lurraldek ere, badute euren goi mailako domeinu izen propioa. Bakoitzak berea izanik, estaturik gabeko herrialdeei ez zaie Interneten independienteak izateko eskubidea onartzen. Hala, Euskal Herrian, euskal internauta askok nahi luketen .eh domeinua ez digu erabiltzen uzten IANA nazioarteko erakundeak.
EEBBen kontrolpean dagoen erakunde honek domeinu propioa zeinek merezi duen eta zeinek ez erabakitzeko Alemaniako DIN institutu famatuaren ISO 3166 zerrenda erabiltzen du. Bertan egon ahal izateko eskakizunak oso zorrotzak dira: besteak beste irla bat edo fisikoki banatutako lurraldea izan beharra du lurralde horrek. Metropoliaren edo bere menpe duen estatuaren baimena ere lortu behar du domeinua erdietsi nahi duen lurraldeak. Halabaina, eskakizun horiek irizpide politikoen arabera alda daitezke. Hori frogatu da berriki Palestinako lurralde okupatuentzat .ps domeinua sortzean. Domeinua ez dago oraindik aktibatuta baina bidea eginda dago. Euskal domeinuarena, momentuz, badirudi luzeagorako izango dela baina aurrekaria hortxe dago.
Palestinako Aginte Nazionala
http://www.pna.net/
EH domeinuaren alde
http://www.ehdomeinua.org
Laburrrak:
Kontseilua eta Akordioa
Kontseiluaren eskutik dator bi webguneren berri. Lehenengoak, domeinu propioa eta guzti Kontseiluaren berri dakar. Kontseiluaren komunikazio arduradun Pili Kalzadak iragarri duenez, "itxuraz eta mamiz berria" da webgunea. Bigarrenak akordioaren, plan estrategikoaren eta haien inguruko prozesu osoaren informazioa dakar.
Kontseilua
http://www.kontseilua.org
Bai Euskarari
http://www.baieuskarariakordioa.org
Explorer 5 euskaraz
Microsoft etxeraren Internet Explorer programa euskaraz dago, jada, bere bostgarren bertsioan. Gainera, programa eta bere bertsio osoaren zati guztiak behera kargatzeko aukera ematen dio Bill Gatesen enpresak internauta euskaldunari. Macintosh sistemarentzat, hala ere, ez dago programa honen bertsiorik. Bakarrik jaits daitezke Windows 95, 98 eta NT 4.0 bertsioak.
Programa jaisteko
http://www.microsoft.com/msdownload/iebuild/ie5_win32/eu/ie5_win32.htm