1999ko abenduak 1, Asteazkena | UNInet |
KEO proiektua: mezua etorkizunerantz
Internauton mezuak denboran bidaiatuko dira espaziora bidalita
Hainbat gizakumeren mezuak jasotzea, egungo gizarteari buruzko informazioa biltzea eta hori guztia 50.000 urte barru lurrera berriz eroriko den satelite batean espaziora bidaltzea. KEO proiektuaren funtsa sinplea da: espazioa denboraren makina moduan erabiltzea. Haren gauzapena ordea zailagoa da baina pertsona, erakunde eta enpresa asko ari dira horretarako elkarlanean.
Proiektuaren sortzaile Jean-Marc Philippe artista frantziarra buru dutela, internautak, ingeniaritza ikasleak, artistak eta beste askok osatzen dute KEO proiektuaren lantaldea. KEO 1995an sortu zen eta 2001. urtean burura eramango dute satelitea jaurtikiz. Aurtengo udaberrian berriz mundu osoko internautei egin zieten bertan esku hartzeko proposamen ofiziala.
KEO izena kontu handiz aukeratu zuten sortzaileek. Munduko edozein gizakik ahoskatzeko gai den fonemak dira eta aldi berean inongo mitologia edo historiatan zeresanik ez duen hitz bat. Inongo denbora edo kultura jakinekin harremanik izan ez zezan aukeratu zuten KEO.
Webgunean proiektuaren gaineko jakingarri guztiak eskaintzen dituzte: noiz botako duten, sustatzaileak zeintzuk diren, alderdi teknikoa nolakoa den eta epeak zeintzuk diren... Bestetik, internautari bere mezua idazteko aukera damaiote. Gure mezuak, beste guztiekin batera, etorkizuneko balizko jasotzaileari ikuspegi orokor eta zehatza emango dio aldi berean, gizakiak nortzuk garen eta nolakoak garen azalduz. Gure arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak islatuko dute mezuek eta satelite horretan joango diren beste informazioek. Gizaki bakoitzak 6.000 karaktereko mezua idatz dezake nahi duen hizkuntzan eta nahi duena esanez. Proba egiteko, EGUNKARIAtik gure mezua idatzi dugu eta, bederen, euskarazko mezu bat eramango du espaziora, etorkizunera. Esan daiteke, beraz, 50.000 urte barru euskarak, nonbait, iraungo duela. Geuk egin dugun moduan irakurleok zuen testigantza utz dezakezue KEOren helbidera joz gero.
Lurraren laginak
Baina mezu horietaz gain, KEO sateliteak gizateriaren eta egun ezagutzen dugun planetaren gaineko informazio zehatza eramatea nahi dute, informazio ahalik eta osatuena. Horretarako, Alejandriako liburutegi moduko datu mordoa eramango du sateliteak, digitalizatuta. Mezuok eta beste datu guztiak titaniozko geruza duten beirazko CD-ROM berezietan sartuko dira. Hauekin batera erabiltzailearen eskuliburu modukoa joango da, informazioa nola atera daitekeen azalduz, eta egutegi astronomiko bat. Sateliteak erdialdean lurraren laginak eramango ditu: egungo lurraren, ozeanoen eta atmosferarenak eta tanta bat giza odol, besteak beste.
KEO satelite pasiboa izango da, balistikaren legeen arabera berez jausiko da lurrera, apurka-apurka, 1.400 kilometroko orbitatik. Lurrarekiko inpaktua jasateko prestatuta dago eta, flotagarria izanik, ozeanoan jausiz gero kostalderaino helduko da. Itxura deigarria izateaz gainera, kanpoko aldean lurraren irudia eramango du grabaturik. Beraz, 50.000 urte barru horrelako tramankulurik aurkitzen baduzue zabal ezazue, KEO da eta.
KEO proiektua
http://www.keo.org/
Internautak: Mikel Martinez
"Sarean estimulo pila bat dago, inspirazio txinpartak"
Ion Tichy kosmonauta dugu Stanislaw Lem-en testuetan oinarritutako Izarretako bitakora antzezlanean. Zientzia fikziozko lan horretan kosmonauta horren bidaia harrigarriak kontatzen ditu, bakarrizketan. Baina Tichy gorpuzten duen Mikel Martinez aktorea, benetakoa, pertsonaiarekin paralelismorik baduen ezaugarria badu, kosmonauta ez baina internauta badelako. Horretaz galdetuta, "bietan lekurik harrigarrienak eta izakirik bitxienak aurki ditzakezu eta bietan gal zaitezke oso erraz", erantzun digu berak.
Duela pare bat urte hasi zen nabigatzen eta, hasiera batean web nabigazioak liluratu bazuen ere, egun, e-posta da gehien erabiltzen duen baliabidea. Maskarada antzerki taldearen harremanetarako oso baliagarria zaio sarea. Adibide bat jartzearren, Antonio Skarmetarekin harremanak sarritan e-posta eta chat-a erabiliz izaten ditu Martinezek. Baina Nerudaren postaria-ren egileaz aparte, Maskarada taldeko kideen artean ohiko bilakatu da testuak sarearen bidez elkartrukatzea: "Oso lagungarria da lanak antolatzeko edo dramaturgia bat, testu bat, sortzeko, esatebaterako", dio aktoreak.
Gustokoen dituen lekuetaz galdetu diogunean ez du helbiderik gogoratu: "Egunkariak gainbegiratu egiten ditut, noizean behin, hemengoak eta kanpokoak". Sarea inspirazio iturri ona dela, berriz, ez du dudarik. "Sarean estimulo pila bat dago ideia baten lehenego txinparta izan daitezkeenak. Ez dut inspirazioaren musa aurkitu inongo webean baina txinparta horiek egon dira, seguru. Maskaradan daukagun ideia edo proiektuetarako informazioa bai aurkitu dudala".
Maskarada
http://www.geocities.com/Broadway/5997/
laburrak:
Erbestetik
Azaroaren 20an Anoetako belodromoan Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatu zuten ekitaldiaren testu, audio eta bideo zatiak ikusgai dira Senideak elkartearen webgunean. Zation artean webcam-en bidez euskal errefuxiatu bik erbestetik egindako adierazpenak ikus daitezke.
Senideak
http://www.senideak.org
Atariak aztergai
Zer aldizkariaren azken zenbakia, maiatzekoa, sarean aurki dezakegu. Bertan artikuluetako batek informazio webguneen bilakaera aztertzen du. Bost irakasleren artean egindako testuak dioenez, lehendabiziko egunkari digitalek sarean nagusi izan baziren ere, iaz lehentasuna hartu zuten portal edo atari izeneko informazio zentruak egun jaun eta jabe dira informazioa eta zerbitzuak konbinatuz. Euskal kasuari bereziki erreparatzen dioten artikulu hori jada zaharkitu xamar dago, hilabete gutxiren buruan egunkari digital eta portal berriak sortu baitira, Deia, Canal 21 eta Eibar.org kasu.
Del umbral al portal
http://www.ehu.es/zer/6canga.htm
Amarauna: datuak eta pribazitatea