1999ko azaroak 24, Asteazkena | UNInet |
Posta zerrenden banaketa automatikoa
Posta zerrenda automatizatuak aukera interesgarria dira
Interneten gehien erabiltzen den baliabidea ez da web nabigazioa, e-posta baizik. Horren baitan, sarean dabiltzan mezu askotxo banaketa zerrendetan banatzen dira. Gero eta gehiago dira webaren bidez kontrola daitezkeen banaketa zerbitzuak erabiltzen dituztenak.
Demagun gure ezagunen e-posta helbideak ditugula eta astean behin mezu bat idatzi eta guztiei bidaltzen diegula. Zerrenda hazi ahala has daitezke arazoak. Batetik gure postontzira bueltatuko dira helbidea aldatu dutenei bideratutako mezuak eta geuk, eskuz, kendu beharko ditugu zerrendatik. Izena eman edo kendu nahi dutenenak berdin, eta zenbat eta harpidedun gehiago izan arazo gehiago izango ditugu.
Webaren bidezko banaketa zerbitzuek aldiz internauta bakoitzaren esku uzten dute izena ematea eta harpidetza etetea. Geuk sor ditzakegu nahi beste zerrenda eta geuk bakarrik kudeatu edo beste norbaiti aukera hori eman. Ezagunenetarikoak ditugu eGroups, ListBot eta OneList.
Aukeratzen diren ezaugarrien arabera oso zerrenda murritzak edo eztabaida foro irekiak sor daitezke. Zerrenda bat sortzen dugunean aukera dezakegu geuk bakarrik harpidedunei mezuak bidaltzeko aukera izatea. Horrelakoak dira eGroups-en bidez banatzen diren @Euskadi eta Etxera! buletinak. Lehenengoak hamabostean behin mezu bakarrean biltzen du Euskal Herrian sarearekin zerikusirik duten berriak eta bigarrenak, astero, euskal presoen gaiaren gaineko informazioak bildu eta banatzen ditu. Oso bestelakoak dira EuskaraZ eta eibartarrak posta zerrendak. Bertan edonork bidal ditzake mezuak eta banaketa zerbitzuak harpidedun guztiei berbidaltzen die mezua. Askoz trafiko handiagoa izaten da, ondorioz, zerrenda-foro horietan.
Pribatutasunaren babesa
Banaketaren truke, zerbitzu pribatu horiek publizitate mezu txiki bat eransten diote banatzen duten mezu bakoitzari. Hori da guztia, printzipioz, zerbitzu hauek hitza ematen baitute ez diotela beste inori zure e-posta helbidea emango edo salduko. Horrek erabiltzaileontzat hain gogaikarria den spam edo eskatu gabeko publizitate mezu andana jasotzeko arriskua gutxitzen du. Izan ere, internauta askok euren helbidea handik eta hemendik ez ematearen arrazoia horixe da. Nondik, edo zer dela eta ez dakigula, publizitate mezu horiek gure postontzia betetzen hasten direnean pentsatu behar dugu behar ez zen lekuan gure helbidea utzi dugula.
eGroups
http://www.egroups.com
OneList
http://www.onelist.com
ListBot
http://www.listbot.com
Etxera! buletina
http://freespeech.org/presoak
@Euskadi buletina
http://euskadi.kaixo.com/
Bigarrena:
amarauna: Fanzineak
Napartheid eta Fanxinoteka online
Domeinu izen propiorekin ageri zaigu sarean Napartheid fanzinea. Eta, webgunearekin batera, Interneterako egokitu duten dokumentazio proiektu interesgarriaren berri eman digute. Fantxinoteka du izena Napartheidek bildu duen fanzineen bildumak. Egileek adierazi digutenez, bertan 1.500 argitarapeni dagozkien 2.700 ale ikus daitezke, fitxetan antolatuta. Bertan, bilaketak egin daitezke, bila gabiltzan fanzinearen fitxa aurkitzeko. Fitxa bakoitzean alearen azala ageri zaigu eta argitarapenaren datu batzuk.
Online kontsultatzeko egokitu duten datu basea da fanxinoteka, zerbitzarian dagoen software baten bidez unean-unean HTML formatora egokitzen dena. Eskatu ditugun datuen arabera sortzen du zerbitzariak guk ikuskatuko dugun web orrialdea. Gero eta gehiago erabiltzen dira datu baseak web nabigazioan, software horrek makina bat aplikazio dituelako eta hainbat itxurarekin ager daitezke datu baseak. Esaterako, Canal 21ko edukiak, berri agentzia askoren zerbitzuak eta modu automatikoan berriztu behar diren edukin asko, burtsaren informazioa adibidez, datu baseen bidez ematen zaizkigu, HTML formatora egokituta.
Donostiako Beldur eta Fantasiazo Zinema Asterako Napartheidek antolatutako erakusketarekin batera paperezko katalogo potxolo bat eta webgune hau zabaldu zuten. Zehaztu digutenez, "erakusketarekin batera martxan jarri badugu ere, hemendik aurrera Fanxinoteka birtuala izanen da eta denboraren poderioz fondoaren hazkundea jasotzeaz gain, informazio gehiago sartu nahi dugu, loturak... Epe motzean eleanitza bilakatu nahi dugu, euskaraz gain ingelesa, frantsesa, espaņola, alemanera eta gero handitzen joan, errusera, soumiera, katalanera, galegera, grekera". Momentuz fanxinotekarekin pozik dira Napartheidekoak: "Guk dakigunez ez dago inon Interneten horrelako direktorio aberatsik fanzineen inguruan", diote.
Fanxinoteka
http://www.napartheid.org/fanxinoteka/
Laburrean:
Euskal underground
Webgune bitxi xamarra aurkitu dugu amaraunean, Dmoz bilatzailearen euskarazko webguneen esteka bat jarrraituta. Euskaraz dagoen webgune honetan euskal kultura, musika eta gizartea ataletan hainbat informazio eta lotura aurkituko ditugu. Underground izeneko atalean berriz ohar bat ageriko zaigu eduki ilegala ikuskatuko dugula eta nahi badugu alde egiteko esanez. Bitartean, Midi artxibo baten bidez Anarchie in the UK musika entzungo dugu. Bertatik lau azpiatal zabaltzen zaizkigu: hacking, lehergailua, lapurretak eta besterik izenekoak. Ustez hackerren izkutuko jakituriaz jantziko gara eta badirudi lehergailuak eta lapurreta batzuk nola egiten diren ikasiko dugula. Baina aholkuak irakurrita, orokorkeri asko eta mami gutxi aurkituko du bonba edo lapurreta telematikoa egin nahi duenak.
Underground
http://members.es.tripod.de/ehbizirik/