1999ko azaroak 17, Asteazkena | UNInet |
Eibarnautak
Eibarespazioko Peoria edo lehendabiziko portal lokal euskalduna
Inglesetik hartutako berba berriak ikasten ohituta gaude honez gero. Baina beste sortatxo bat ikasi behar izan dugu azkenaldion: Eibarnauta, eibarespazioa, peoria, materixalak... Azken urratsa domeinu izen propioa eta guzti agertzea izan da eta horrela sortu da eibar.org portal edo peoria, Eibarko baliabideak eta internautak, materixalak eta eibarnautak biltzen ditu Eibarko ordezkaritza digital euskaldun honek.
Ez, Eibar osoa ez da euskalduna, baina hau ez da ordezkaritza ofizial bat izateko xedez jaio. Eibar birtual hau euskaldunek sortua da eta goitik behera euskaraz. Bultzagileen artean Garikoitz Araolaza dugu eta berak eman dizkigu eibar.org honen gaineko jakingarri nagusiak.
Urtebete inguru martxan daraman eibartarrak posta zerrendatik sorturiko ekimena da hau. Posta zerrenda 1.998ko apirilean sortu zen, internauta eibartar talde batek bultzaturik. Araolazak dioenez, "Eibartar talde bat elkartu, eta ezagutzen genituen beste eibartar batzuei mailing bat egin genien, gure taldera batzeko gonbitea eginez". Hasieratik mezuen jario handiko zerrenda da Eibartarrak, zerrendak eGroupsen duen txokoan ikus daitekeenez. Euskara hutsez, Eibarren gainean jarduteko foro irekia da eibartarrak eta, aldi batez, bere garaikidea zen EuskaraZ zerrendaren ondoan, askoz aktiboa izan da euskarari buruzko zerrenda orokorragoa den hori baino.
Horren ondorioz, Araolazak azaldu digunez, "behar bat sortu zen batek eta besteak zuen materiala nolabait sareratzeko, eta horrela zabaldu genuen Materixala saila". Webgune hori hazi zen, mamiz eta itxuraz, eta aurtengo maiatza aldean "lehen portal lokal euskalduna" bezala iragarri zuten Peoria bataiatutako webgunea.
Hazkunde horretan eman berri duten azken urratsa urrian domeinu propioarekin agertzea izan da. Araolazaren esanetan, "hau beti izan da ekimen amateur bat, sareak eskaintzen dituen dohaneko zerbitzuak erabiliz. Orain arte egin dugun inbertsio bakarra partaideen denbora izan da". Baina orain, domeinua ordaindu eta zerbitzari birtual bat kontratatu behar izan dute. Hala ere, Alemaniako zerbitzari batekin lortu duten espazioa nahiko merke atera zaie, baina gastu txiki horiek urteko 1.000 pezeta ordaindu behar dituen bazkidearen figura sortu dute. Horren truke, bazkideak bere azpidirektorioa izateko aukera du, baita bere bazkide@eibar.org gisako helbide elektronikoa izatekoa ere.
Eibar ez da osorik euskalduna, eta eibarnauten kopuruagatik galdetuta datu zehatzik ez dagoela diosku Gari Araolazak. Baina EAEko estatistikek Eibarrera ekarriz, hirian 1.000 inguru internauta ateratzen dira. "Horien erdia, 500 bat, euskaldunak direla atera daiteke gutxi gora behera kalkulatuz". Bada, bestalde, Eibarko direktorio bat, Cyberleku.com izenekoa, hainbat erdal webgune biltzen dituena.
Etorkizunari begira, orain arteko dinamikan edukin gehiago sartzen jarraitu nahi dute, materixalak atalean. "Honen erakusle da gure aste honetako nobedadea, Mogel idazle eibartarraren Peru Abarka liburuaren edizio elektronikoa", esan digu Araolazak. Bestalde, Eibarko instituzio eta gizabanakoei webgunea jartzeko lekua eskaini nahi diete. Interesa agertu dutenen artean Eibarko Udaleko Egoibarra batzordea dago, Eibarri buruzko historia eta ondasun kulturala jaso eta zaintzen duen taldea.
Eibarko Peoria
http://www.eibar.org
Info: Bilatzaile euskalduna
'Letra bat ken, izarņo bat gehi'
Eibarko Peoria honek dituen baliabideetako bat Aurki dugu, Interneteko lehen bilatzaile erabat euskalduna. Hobe esan, hizkuntza anitz biltzen dituen Dmoz bilatzailearen euskal adarra dugu Aurki.
Dmoz bilatzailea, Netscaperen inguruan eraiki den bilatzailea da, Navigator programa guztiekin bilaketarako datorren aukera batekin erlazionatuta. Bilatzailearen kontzeptu berri bat da Dmoz, internauta-editoreen ekarpenetan oinarritzen dena. Internauta guztiei euren gustoko edo intereseko arloaren editore bihurtzeko aukera ematen die dmozek.
Bilatzaile hierarkikoa da, ez gako hitzetan oinarritutako bilaketa motorea. Honek zera esan nahi du: webguneak gaiaren eta kokapen geografikoen arabera ordenatzen dituela azpidirektorioetan. Horietariko bakoitza editore baten ardurapean egon daiteke. Honek bere adarreko loturak gehituko ditu eta edozein internautak egiten dituen ekarpenak onartu eta ordenatuko ditu. Hala, Eibar.org elkarteko kide Luis Fernandez kazetaria da Dmoz bilatzailearen euskarazko adarraren editorea. Ekarpenak, aldiz, edozein internautak egin ditzake, adar hori osatzeko.
Hori bai, euskaraz bilaketak egiteko gogoan eduki beharreko aholkua da hitzen amaieran, deklinabidearen ordez izarņo bat (*) jartzea gomendatzen da, Aurkik hitzaren forma guztietan bila dezan.
Laburrak:
BBKren lehiaketa
Bilbao Bizkaia Kutxak bere gazte kontuaren webgunea diseinatzeko lehiaketa deitu du. BBK joven-en aurkezpen orrialderako diseinurik onenak sarituko dituen lehiaketa honetan parte hartzeko 18 eta 29 urte bitarteko adina edukitzea eta BBKko bezeroa izatea beharrezkoak dira. Lanok entregatzeko epea abenduaren 17an amaituko da. Sariak tresna informatikotan eta dirutan emango zaizkie bost diseinurik onenei.
Argibide gehiago
http://www.bbk.es/
Enpresari gazteak
Arabar gazteei dago zuzendua Gaztempresa webgunea, izen bereko erakundearen Interneteko isla. Zenbait instituziok eta Euskadiko Kutxak babesten duten ekimen honek lanpostua sor dezaketen enpresa proiektuei laguntza emango die: argibideak, finantziazioa eta bestelako baliabideak eskaintzen ditu. Informazioa eta baita laguntza eskatzeko formularioa online daude webgune honetan.
Gaztempresa
http://www.gaztempresa.com