1999ko azaroak 3, Asteazkena | UNInet |

Webgunea eraikitzeko laguntza

Nork bere domeinu propiodun webgunea ezartzeko urratsak

Zer egin behar dugu gure izena duen webgunea ezarri nahi badugu? Bada, beste norbaiten zerbitzarian gure webgunea jar dezakegu. Badira webgunerako doako lekua eskaintzen duten hainbat zerbitzari, Geocities-en atzean etorri ziren Xoom, Tripod eta beste askotxo.

Baina gero eta gehiago dira Interneten, inoren azpidirektorioetan galdutako helbide luze eta gogoraezin batean barik, beraien domeinu izen propioarekin azaldu nahi dutenak. Zerbitzari birtualen boom-ak ahalbidetu du gero eta domeinu gehiago agertzea. Lehia gero eta handiagoa da eta prezioak, ondorioz, eskuragarriagoak.

Domeinu izen bakoitzari numeroz osatutako IP helbide bat dagokio, benetako helbidea dena. Gure nabigatzailean domeinu izen bat idazten dugunean, interneteko datu baseetara jotzen du nabigatzaileak eta hark bideratzen du, izen horr dagokion IP helbidea adierazita. Printzipioz, IP zenbaki bakoitza makina bati dagokio, Internetera uneoro konektatutako ordenagailu bati. Horregatik hasiera batean oso domeinu izen gutxi zeuden, erakunde eta enpresa gutxik dutelako horrek behar lukeen dirutza gastatzerik.

Zerbitzari birtualen agerpenak, berriz, arazo hori gainditu du. Ordenagailu erraldoi haiek gai dira hainbat IP helbide hartzeko. Makinaren baitan hainbat direktorio sortzen dituen sofware berezi baten bidez. Konexio azkarrak, teknikoen gau eta eguneko arreta eta pisuzko beste hainbat arrazoi dira enpresarik handienak ere zerbitzari birtualak alokatzera bultzatzen dituztenak.

Sortu den konpetenziak, bestalde, gauzak erraztu dizkio patrikari. Nahikoa da topatzaile batean web hosting hitzak jartzea ehundaka erreferentzia jasotzeko. Normalean enpresa bakoitzak plan ezberdinak eskaintzen ditu eta haien salneurrietan ere diferentziak badira.

Demagun gure negozio txikiaren webgunea ipini nahi dugula, gure domeinu izenarekin. Webgune txikia izanik, nahikoa izango dugu 10 megako plana hartzea; pare bat e-posta helbiderekin. Urte bakoitzeko 150 inguru dolar kostatzen da, bataz beste, gutxieneko presentzia ziurtazen digun oinarrizko plana. Beste baliabide batzuk ere har ditzakegu: sarearen bidez saldu nahi badugu SSL enkriptazio sistema; kreditu txartelen bidezko ordainketa sistema; RealAudio zerbitzaria soinua edo bideoa eskaintzeko. Osagarri horien eta guretzako zerbitzari birtualean hartuko ditugun megabyteen arabera dantzatuko dira prezioak.

Eskaintzen konparaketa
Baina alde handiegia egoten da itxuraz antzekoak diren eskaintzen artean. Horregatik sortu da Tophosts zerbitzua. Eskaintza askoren arteko konparaketak egingo dizkigu guk zer nolakoa nahi dugun adierazi ostean. Online Business webgunean ere prezioaren araberako konparaketak aurki ditzakegu baina baita beste hainbat informazio eta baliabide ere. Esaterako, webguneko irudien zein maketazioaren diseinuarekin lagunduko diguten hainbat helbide, doako CGI script-ak aurkitzeko lekuak eta beste. Tophost zerbitzuan gure aukerak egiten lagunduko diguten hainbat azalpen eta iritzi daude.

Begiratu behar den beste ezaugarri bat zerbitzariaren abiadura da eta horretarako modurik onena han maizter daudenen webguneak ikuskatzea da, ea ondo kargatzen diren. Amaitzeko, zerbitzari batzuek informazio jarioaren muga bat ezartzen dute: hainbat mega eguneko. Hori gainditzen bada gehiago ordaindu beharko dugu, beraz, eskaintzen letra txikia irakurri eta kasu mugapen horiei!

Baina ezer baino lehen gure domeinu izena aukeratu eta erregistratu, aktibatu behar dugu. Hori egiteko aukera ematen digute normalean zerbitzari birtuala eskaintzen diguten zerbitzuek, baina guk ere egin dezakegu eta bestela agian kobratuko liguketeen dirua aurreztu.

Duela gutxi arte Network Solutions enpresak zuen domeinu generikoen erregistroak bideratzeko ahalmena. Baina enpresa bakarrak monopolioa izatea ez zen bidezkoa ikusten eta orain beste enpresa batzuek jaso dute ICANNen baimena domeinu horien izenak erregistratzen dituen InterNIC datu basean helbide berriak sartzeko. Lehendabiziko bi urteetarako 70 dolar kostatzen da izen bat erregistratzea eta ondorengo urteetan 35 dolar urte bakoitzeko.

Hainbat baliabide
http://www.OnlineBusiness.com

Konparaketak
http://www.tophosts.com/

Domeinua erregistratzeko
www.networksolutions.com
www.register.com

Doan
http://www.serviciosarg.com/
http://todogratis.hypermart.net/

Laburrean:


Zinea Bilborock-en

Bilborock aretoan astelehenero zinema emanaldiak izaten dira. Batzuetan film ez komertzialak, iraganeko maisulanak besteetan, itzuli gabeko bertsio originalak... Honen berri ematen duen erdarazko webgune bat badago. Besteak beste, ikusgai izango diren filmen berri, sarrerak irabazteko lehiaketa eta Bizkaiko zinemen karteldegia ere badakar.

Bilbo Zinea
http://bilbo-zinea.artevia.com

Ibiltarientzat

Bi zerbitzu frantziar aipatuko ditugu oraingoan, biek bidaiekin zerikusirik dutenak. Lehendabizikoan, Le bon itineraire izenpean, autoz bidaia bat egiteko asmoa dutenek momentuan jakin ahal izango dute Europako hiri batetik beste batera dagoen tartea eta zein den ibilbiderik egokiena. Beste helbidea Routard-en gida famatuaren online edizioa da. Naski, edizio honek ez du paperezkoek duten informazio mordoa, aukera bat egiten duelako.

Iti-fr
http://www.iti.fr
Le Web du Routard
http://www.club-internet.fr/routard/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner