1999ko urriak 27, Asteazkena | UNInet |

Heriotz zigorraren aurkako aktibismoa

Mumiaren auzian alerta gorria piztu da

Internet aktibismo politikorako eta kanpainiak antolatzeko tresna baliagarria da. Gai askoren inguruan sareak antolatu eta bakoitzaren gainean sortzen diren berriak zein deialdiak trukatzeko erabiltzen da. Tokian tokiko kanpainak zein mundu mailakoak antola daitezke sarean. Bigarren multzoko bat Mumia Abu Jamal kazetari beltzaren aldekoa da, entzutetsuenetarikoa dudarik gabe.

Mumia gartzelan dago 1981az geroztik, polizia baten hilketaz akusaturik. Aspaldi ezarri zioten heriotz zigorraren zain dago EEBBetako death row delakoan, Egunotan haren exekuzioa abenduaren 2rako ezarri izanak areagotu du harenganako elkartasun kanpaina telematikoa.

Mumia Black Panthers taldeko kide ohia eta irrati bateko kazetaria zen gartzelaratu zutenean. Polizia zuri bat hilda suertatu zen tiroketa batean esku hartzeagatik heriotz zigorra ezarri zioten eta ordutik dago Pennsylvaniako heriotzaren erreskadan. Antzeko egoeran diren beste preso askorenak ez bezala, bere afera oso famatua bihurtu da hainbat arrazoirengatik.

Batetik, berak errugabea dela dio eta epaiketa berria eskatuz arrakastarik izan ez duten hainbat helegite aurkeztu ditu urte hauetan. Bestetik, Black Panthers mugimendu afroamerikarreko kide izateagatik atxiloketaren arrazoi politikoak salatzen dituzte askok. Horregatik beltzen aldeko mugimenduak preso politikotzat du, baita arrazismoaren aurkako elkarte askok. EEBBetako ezker muturreko mugimendu gehienen elkartasuna ere jaso du mumiak mobilizazioen bidez. Bere afera famatua izanik, erreferentziatzat hartu dute heriotza zigorraren aurka aritzen diren hainbat giza mugimenduk.

Bestetik, Mumia kazetaria izanik, hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu urte hauetan eta hedabide askoren kolaboratzailea izan da. Besteak beste, Live from Death Row liburua argitaratu du non gartzelan heriotzaren aurreko atakan diren presoen bizitza, arrazismoa, politika eta beste hainbat kontu aipatzen ditu artikulu sorta batean. Pacifica izeneko irratien katerako komentarioak egiten hasi zen, telefonoz, baina hori galarazi zioten gartzelako agintariek.

Horregatik guztiagatik Interneten berebiziko islada izan du Mumiaren egoerak eta haren aldeko hainbat webgune sortu dira ziberespazioan. Horietan informazioa eman eta mundu mailako kanpainak antolatzen dira: hiriburuetan manifestazioen antolaketa, sarean e-posta eta bannerren bidezko kanpainak, EEBBetako agintariei eskutitzak, bideoak, mumiaren artkuluak, pegatinak... Mugimendu izugarria sortu da sarean eta, haren laguntzaz, saretik kanpo ere.

Esate baterako, Artisten elkartasuna jasotzeko webgunea antolatu zuten irailaren hamaika elkartasun eguna izendatuta. Hainbat aktore, idazle, poeta, eta aktibista ospetsuk sinatu zuten haren aldeko agiria eta poliziak ezin galerazi izan zuen kontzertu erraldoia antolatu zen Philadelphian.

Baina helegiteek ez dute aurrera egin eta urriaren 4an, Mumiaren kontrako azken ebazpena atera ondoren, abenduaren 2rako sinatu du haren exekuzio agindua Pennsylvaniako gobernadoreak. Azken bide moduan haren abokatuek habeas corpus bat aurkezteaz gain, Mumiaren heriotza gelditzeko xedez, mobilizaziorako dei berezia egin dute kolektibo hauek sarean.

Refuse & Resist!
http://mojo.calyx.net/~refuse/
Freedom Journal
http://www.mumia.org
Solidarity Group
http://www.xs4all.nl/~tank/
Mumia Awareness
http://www.j4mumia.org/
Artisten ekimena
http://www.mumia911.org/


Info: IRAKASKUNTZA
Kazeta multimedien gaineko masterra EHUn

Unibertsitate masterra antolatu du EHUk 1999-2001 biurterako, Komunikazio enpresa multimediatikoen egile eta kudeatzaileak izenburupean. Graduondoko ikastaro honek kazetaritza multimediatiko berriaren gaineko ikasketak eta praktikak izango ditu. Interneten eta multimedia produktuen arloan komunikazio enpresa bat abian jarri nahi dutenentzat pentsatuta dago ikastaldi hau, batik bat komunikazio arloetan lizentziatuak direnentzat.

Gorka Jakobe Palazio irakaslearen gidaritzapean, El Mundo eta Eusko Computer enpresekin elkarlanean antolatu du EHUk datorren urtearekin batera hasiko den master hau. Ikasleek 540 orduz gai honen teorian eta praktikan adituak diren irakasleengandik jasoko dituzte eskolak. Izena ematean ikasle guztiek ikastaroaren ondoren atxikiko duten ordenagailu eramangarri bana jasoko dute. Matrikularako epea irekita dago eta 40 ikasleko gehienezko kopurua finkatu dute antolatzaileek.

Informazio gehiago
http://window.to/multimedia


Laburrak:

Ispilu erdaldunak

EAEko hiru hiriburuen kultur bizitzaren isla digitalak sortu nahi ditu tuciudad.com hiri digitalen direktorioak. Momentuz, Bilbo, Donostia eta Gasteiz bakarrik daude baina laster Madril eta Bartzelona sartzeko asmoa dute proiektuko bultzatzaileek. Hiri digital bakoitzean hiriko kultur agenda eta aisialdirako gida dator, baita zenbait zerbitzu ere. Hala ere, tuciudad.com bisitatuta ez dugu Euskal Herrian gauden arrastorik, ezta hiri hauetan askok erabiltzen dugun bertoko hizkuntzaren zantzurik, webguneok goitik behera erdaraz baitaude.

Tu Ciudad
http://www.tuciudad.com

Nabigatzeagatik kaleratuta

Xerox ofimatika enpresa handiak 40 langile kaleratu ditu Interneten pornografiaren bila aritzeagatik. Egotzitako beharginek lan orduetan eta enpresaren ordenagailuak erabiliz halako webguneetan ibiltzen zirela somatu du enpresak munduan dituen 92.000 langileren nabigazioa kontrolatu ostean. Enpresarentzat inolako onurarik ez dakarten zereginetan ibiltzeaga izan da kaleratzearen zergatia enpresaren esanetan. Ordenagailuen sareetan langileen zereginak espiatzea oso ohikoa da EEBBetako enpresa handietan, hirutik bik aitortu dutenez.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner