1999ko urriak 20, Asteazkena | UNInet |
Euskal Museoak sarean
Bertoko museo batzuek sarean duten isladan erdara da nagusi
Euskal museoek euskaraz ez dakite, edo bakarren batek soilik. Horixe da internautak sarean diren euskal museoek bisitatzean atera lezakeen ondorioa. Bestalde, denetarik dago edukiei, diseinuari eta aurkezpenari dagokienez: webgune txukunak zein kaxkarrak, handiak zein txikiak.
Askotan, erdarazko bertsioa ikusteko erdarazkoan baino klik bat gehiago egin behar da, Bilboko Euskal Museoan esaterako. Hala ere, hori egin ondoren, euskaraz aurkituko dugu informazio guztia. Nola iritsi, museoaren historia, erakusketen gaineko informazioa, fototeka, denda, ikerketa eta argibideak atala ditu besteak beste. Hala ere, nahiko nabigazio motela du webgune honek.
San Telmoko museoaren lagunen elkarteak duen webgunean bakarrik museoaren aurkezpen txiki bat eta elkarteko laguna izateak dituen abantailak aipatzen dira. Oso museo euskalduna dela ez da igartzen sarean haren lagunek ezarritako txokoan, hainbat atal erdaraz bakarrik baitaude.
Guggenheimen kasuan ingelesezko bertsioan, EEBBetako fundazioaren helbidean, ezer gutxi dagoen bitartean, Bilbokoek abian jarri duten webgunean euskaraz bisitatu ahal izango ditugu eraikina, erakusketa eta bilduma iraunkorra izeneko atalak. Eraikinaren argazkiak, planoak etabar ikus ditzakegu, erakusketa iraunkor eta ibiltarien informazio zehatza dago eta nahiko azkar kargatzen da. Museoen webgune gehienek bezala, museoaren babesle edo laguna izateko aukera damaio internautari.
Red de Museos de Navarran, Nafarroan sakabanatuta dauden museo txikien aurkibidea aurkituko dugu. Museo bakoitzaren izenean sakatuta, haren gaineko azalpentxo bat, helbidea, telefonoak eta ordutegia azalduko zaizkigu. Ez du museoa ordezkatzen baina argibide ona izan daiteke joan aurretik.
Bilboko Arte Ederretako Museoan, hasierako argazki astunaren ostean museoaren kokapena, historia, erakusketak eta bestelako argibideak aurkituko ditugu modu laburrean azalduta.
Arabako arkeologia museoan menura heltzeko bi pantailaren hesia gainditu beharko ditugu. Orduan zabalduko zaizkigu aukerak: batetik edukiak ikusteko, objektuen, garaien eta aztarnategien arabera. Bestetik, eraikinaren gaineko jakingarriak daude. Diseinu kaskarreko webgunea da, frame-ak goian eta behekaldean dituena. Oso bestelakoa da Donostian dagoen Gipuzkoako Untzi Museoarena, Diputazioaren webgunearen barruan. Bertan, sintetikoki museoari buruzko jakingarriak eskaintzen dira, euskaraz: helbideak, ordutegiak erakusketak eta beste. Bisita aldez aurretik planifikatzeko aukera ematen du eta bisita gidatuak ere aurretiaz adosteko.
San Telmo Museoaren lagunen elkartea
http://www.ibermatica.es/aasantelmo/index.html
Bilboko Euskal Museoa (Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa)
http://www.euskal-museoa.org
Guggenheim Bilbao Museoa
http://www.guggenheim.org
http://www.guggenheim-bilbao.es
Red de museos de Navarra
http://www.cfnavarra.es/redmuseos/default.html
Museo de Bellas Artes de Bilbao
http://www.museobilbao.com
Museo Arqueológico de Alava
http://vppx134.vp.ehu.es/mitoi/
Gipuzkoako Untzi Museoa
http://www.gipuzkoa.net/kultura/museos/um/euskara/
Amarauna: bilatzailea
Goggle, bilaketa sinple eta zehatzak
Bilatzaileak ahaztuta, modako kontzeptua portalak direnean, hara non topatzaile baten agerpena oihartzun handia izaten ari den. Sinpletasuna eta zehaztasuna dira bere ezaugarri biak. Hasierako orrialdea bera ere azkar kargatzen da eta ez dauka apenas irudi edo testurik. Bilatu nahi ditugun hitzak jartzeko lekua eta pare bat kontzeptu argitzeko beste horrenbeste lotura.
Bilaketari buruz, berriz, Googlek bakarrik ekarriko dizkigu hitzak edo esaldiak gure bilaketan jarri ditugun bezala ageri diren orrialdeak. Ondoren, emaitzok sailkatzen ditu guri aurkezteko. Horretarako, PageRank sistema sortu dute Googleren sortzaileek. Amarauneko webguneak sailkatzeko sistema honetan, zenbat eta sareko orrialde baterako lotura duten orrialdeak gehiago izan, garrantzi gehiago izango du orrialde horrek.
Google berria da ere bilaketa tresnetan ohikoa den antolaketaren ondoan. Izan ere, Googleren bihotza Linux sistema erabiltzen duten 2.000 ordenagailu arruntek osatzen dute. Zerbitzuz betetako portalak eskaintzearren bilaketaren zorroztasuna abandonatuta zuten ohiko bilatzaileen artean salbuespena da Google bere zehaztasunagatik.
Google
www.google.com/
Laburrak:
Konexiorako bonoa
Doako konexioa eskaintzen duten Canal21.com eta Jazfree.com aipatu genituen iragan astean. Oraingoan bi gehiago apuntatu behar ditugu. Batetik, UNI2 telefono enpresak ere doako sarbidea eskaintzen hasi da. Bere webgunean datu batzuk emanda lor daiteke sarbidea. Bestea Telelineren eskutik dator, sortu berria den Terra portal hispaniarraren webgunean. Hemen, datu gehiago eskatuko dizkigute eta konexioa Infovia Plusen bidez izanen da. Uninetek, bestalde, 30 orduko bonoa atera du. Orduko 150 pezeta inguru kostatzen da konexioa, doako deia barne, eta eguneko edozein ordutan.
UNI2
http://www.uni2.es/
Terra
http://www.terra.es/
Muskerra ekozpenak
Irudien eta diseinuaren aldetik oso txukun eta dotore ageri zaigu Muskerra ekoizpenen webgunea. Hala ere, izena baino gehiago ez dugu bertan euskaraz aurkituko. Rock taldeen promoziora dedikatzen dira, kontzertuak antolatzera, eta eurek bultzaturiko taldeen artean Bide Ertzean talde euskalduna dugu. Beste batzuren artean Gigolo Aunts eta Luna ere aurkituko ditugu hemen.
http://www.muskerra.com