1999ko urriak 13, Asteazkena | UNInet |

Lan bila pantailan

Tresna baliagarria izan daiteke Internet lana aurkitzeko

Izan ere, agentzia publikoak, ABLEak eta langileen hautaketarako enpresa bitartekariak, gehientsuenak sarean dira dagoeneko eta bertan normalean zerbitzu guztiak eskaintzen dituzte, edozein bulegotan bezala. Baina itogarria eta batzuetan nekagarria izan daiteke sarean gora eta behera lanpostu baten bila ibiltzea. Nora jo ez dakigula egoten ez bagara, saturazio informatiboaren erdian zer aukeratu ez dakigula kausituko gara. Eskaintza honen artean aukera desberdinak nabarmendu ditugu lerrootan.

Agentzia ofizialetatik hasita, EAEn Langai agentzia dugu, Jaurlaritzak sustatutako Egailan zerbitzuaren baitan. Hau ez da nahastu behar langai.com helbidearekin, izen hori Langairekin zerikusirik ez duen partikular batek hartuta baitauka. Eusko Jaurlaritzak sustatutako agentziaren gaineko informazioa ematen du webguneak eta berau erabiltzeko gomendioak ere bai, baina webgunearen bidez ez dago aparteko zerbitzurik erabiltzerik.

Iruņerrian lan bila dabiltzanak berriz, badute nora jo: Gaztelan elkarteak bulegoa dauka zabalik ziberespazioan. Lana bilatzeko agentzia moduan dihardu, INEMek ezagututa, baina lana aurkitzeko aparteko zailtasunak dituzten sektoreei laguntzeko batik bat. Webgunean elkartearen gaineko informazioa, lana bilatzeko orientabideak, elkartasunean oinarritutako enpresen sorkuntzarako sostengua eta Gaztelanen gaineko bestelako jakingarriak aurki ditzakegu.

INEMen webgunean, berriz, lanpostu publikoen eskaintza aurki daiteke, Espainiako administrazio publikoetan lan egiteko lehiaketa edo oposaketa publikora ateratzen diren lanpostu guztiei buruzko informazioa. Ikastaroak eta beste ere aurkituko ditugu webgune honetan. Baina zuzenean lanpostuak eskatzeko aukerarik ez dago INEMen, horretarako ohiko prozedura jarraitu behar baita bulegoetara bertaratuz.

Aldiz, lana behar duten eta eskaintzen dutenen arteko bitartekaritza egiten dute beste zenbait enpresak. Jobline-k kurrikulumak bidaltzeko eskatzen dizu, lan egin nahi duzun arloa zein den aukera dezakezu eta agian jarriko dira zurekin kontaktuan. Norberak ere ikus ditzake dauden eskaintzak, enpresek zer nolako langileak behar dituzten. Horrelaxe jakingo dugu adibidez Icon Media Lab enpresak interneten adituak diren langileak nahi dituela, webguneak sortzen eta diseinatzen dakitenak. Izan ere, sarearekin zerikusirik duten horrelako lanpostuen eskaintza handia dago egun.

Trabajos.com webgunean ere lanpostuak eskaintzen dira hainbat arlotarako. Nahiago dugun arloa eta herrialdea aukeratuz gero aukera zehatzagoa baina aldi berean murritzagoa ageriko zaigu, baina badira eskaintza dexente. Gustoko dugun eskaintza ikusitakoan kurrikuluma bidal dezakegu. Jakin dezakegu hala ere zenbat lagunek bidali duten beraiena, normalean asko izaten baitira lanpostu bakoitzarengatik lehiatzen direnak. Trabajos.com hau besteak beste kirolak, burtsaren informazioa, berriak, e-posta eta beste zerbitzu asko eskaintzen dituen Hispavista portal-taldearen baitan dago.

Infojobs berriz Intercom taldearen barruan dago eta antzeko eskaintzak ditu, azken-azkenak beti aurreneko orrialdean agertzen direlarik. Arau zehatzak ditu Infojobsek, esaterako, ezin dituzte helduentzako edukiak egiten dituzten enpresen eskaintzak onartu, ezta piramide formako antolaketa duten negozio-iruzurrenak. Halaber, herritarren anonimotasuna babesten duen LORTAD legearekin bat egiten dutela diote fitxategien tratamenduari dagokionez.


Egailan
www.egailan.es
INEM
www.inem.es
Gaztelan
www.eusnet.org/partaide/gaztelan/home.htm
Jobline
www.jobline.es
Trabajos.com
www.trabajos.com
Infojobs
www.infojobs.net

Amarauna: The Raven

Tinieblas Gonzalezen erroia aske dabil sarean

Tinieblas Gonzalezek eta bere lanek badute islarik Interneten webgune baten bidez. Domeinu izen propioarekin sareratu da zinemagile gasteiztarra, Donostiako Zinemaldian horrenbesteko oihartzuna izan duen The Raven laburmetraiarekin. Tinieblasen domeinuetara hurbildu orduko pantaila ilundu eta itxura gotikoko letra gorriz inguratuta ageriko zaigu erroi beldurgarria aurkibide nagusian. Death kutsuko webgune honetan honako atal hauek aurkituko ditugu: Tinieblasen biografia, laburmetraiaren gaineko informazioa, aktoreak, merchandishing, backstage, argazkiak, prentsan agertutakoa, postalak eta trailerra. Hiru minutuko laburpentxo bat RealVideon ikusteko aukera ere ematen du webak, baita mov formatoan ere. Kepa Sojo zinemagilearena bezala, webgune honen diseinua ere Laudioko Carlos Landaluzek egin du.

The Raven
www.tinieblas.com

Landaluze Produktions
www.lpis.com


Laburrak:

Guay ataria
Arabako parke teknologikotik datorkigu Guay Internet enpresa, eta haren eskutik agertu da hamaikagarren ataria. Erdara da bertan nagusi baina euskarazko berriak ere badaude bertan. Edukiak prestatzen hogei bat langilek dihardute eta laster enpresa berak hiru merkataritza proiektu aterako ditu. Avenida Digital izenarekin hiru makro-denda zabalduko dituzte bidaiak, liburuak eta ordenagailuak saltzeko.

TMEO online
Araban gelditzen gara, momentuz, gure artean umorerik garratzena egiten duen aldizkariaz mintzatzeko. TMEO komiki aldizkariak zabaldu duen txokoan zenbaki bakoitzan agertutako irudi batzuk agertzen dira, erakusgarri moduan. Lehendik ere TMEOko hainbat marrazkilarik badute presentziarik sarean, Mauro Entrialgo, Alvarez Rabo, Larry Alvaro Ortega eta Orue esaterako.

TMEO
http://www.geocities.com/SoHo/Bistro/9891/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner