1999ko urriak 6, Asteazkena | UNInet |
Campus telematikoa
EHUra etxetik irten gabe joan gaitezke jada Campus Birtualaren bidez
Interneten aplikazioetarik bat irakaskuntza telematikoa da. Eskolak jasotzeko Unibertsitateko ikastegirainoko bidea egitea nekeza da urrun bizi direnentzako eta denbora asko ematen dugu garraioetan batera eta bestera. Sarriegi, irakaslea etorri ez delako edo bere bulegoan aurkitu ez dugulako bidaia debaldekoa izaten da. Diru, pazientzia eta denbora galtze hori ez omen da gertatzen ordea unibertsitate birtualean. Irakaslea beti bere bulego birtualean aurkituko dugu eta egun batetik bestera erantzungo ditu gure mezuak. EHUn jada hainbat ikasgai jaso daitezke modu horretara, iaz hasi eta aurten emendatu den Campus birtuala izeneko esperientzian.
Irakaskuntza ez presentziala deritzo mota honi eta, ikaslearen presentzia fisikoa kenduta, beste guztia antzekoa da. Interneterako konexioa duen edozein ikaslek bisita ditzake ikastegi birtuala, modu honetan eskaintzen diren ikasgaietako batean matrikulatuta baldin badago. Erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta menu bat ageriko da eta bertatik ikasgelara sar daiteke ikaslea, ikasgai bakoitzaren gaiak, irakaskuntza planak, lanak, azterketak, emaitzak... Berari zuzendutako mezuak irakur ditzake, baita edozein irakasleri galderak edo kontsultak egin. Campus honetako taberna birtualan berriz, denbora errealean chat edo berriketa egin dezake irakasle eta ikaskideekin.
Katalunian irakaskuntza mota honetan aitzindaria izan da Universitat Oberta de Catalunya (UOC) eta harekin lankidetzan garatu zuten iragan kurtsoan erabilitako eredua. Aurten aldiz sistema propioa garatu du EHUk, Campus honen alderdi teknikoaz arduratzen den Manuel Benito irakasleak azaldu digunez: "EHUren beharretara egokitu dugu campusa, behar ez ziren gauzak kenduta. Egitura iazkoaren antzekoa izango da baina erabiltzeko errazagoa eta zerbitzu gehiagorekin". Ibermatica enpresaren laguntza izan dute EHUko Hezkuntz Zientzien Institutuan sistema propioa garatzeko. Iaz, fisikoki campus birtuala UOCen zegoen eta aurten berriz Leioan bertan dago.
Iragan kurtsoaren balantze positiboa egiten du Benitok: "Gainditu dutenen indizea irakaskuntza presentzialaren antzekoa da". Lehengoan 160 inguru ikasle izan ziren eta oraingoan 720 ikasle izango dira EHUk eskainiko dituen 13 ikasgaietan. Kopuru honi zazpien taldea delakoan dauden unibertsitateek eskaintzen dituzten lau ikasgai gehitu behar zaizkio, Errioxa, Uvieu eta Baleareetako unibertsitateek ikasgai bana eskainiko baiute EHUrekin batera. Canterbury eta Renoko unibertsitateekin ere ikasgai bana adostea espero du Benitok. Datorren ikasturtean karreraren bateko ikasturte oso bat eskaintzeko prest egotea nahi lukete baina ez dago erabateko ziurtasunik. Bitarteko teknologikoen eta oraingo esperientziaren araberakoa izango da ezarpena baina edozein modutan haziko den joera da, dudarik gabe, EHUn ikasketa telematikoak egitekoa. Plan berrietako hainbat ikaslek eman dezakete izena Campus Birtualean. Informazio gehiago EHUko Idazkaritzetan edo 94-6012255 telefonoan
Campus Birtuala
www.cv.ehu.es
Info: EuskaraZ
Ziberapunteak eta irainak EuskaraZ zerrendan
Duela bi aste argitaratu genuen El Rincon del Vagoren gaineko informazioak eragina izan du internauta euskaldunak biltzen dituen EuskaraZ posta zerrendan. Hainbat mezu agertu dira euskaldunontzat antzeko zerbitzua sortzea proposatuz, materialak ikasle internauten eskuetan jartzeko. Angel Bidaurrazaga irakasleak aurtengo UEUn plazaratutako gaia izan zela aipatu ondoren, proposamena plazaratu du: "Agian euskararen inguruan gabiltzan unibertsitariok, ikasle zein irakasle, prestatu beharko genituzke testuak falta diren ikasgaietan dauden apunteak edo itzulpenak modu egoki eta zuzen batean aipatutako Web bat sortzen". Adibide moduan medikuntzan histologiako apunteak eskaintzen dituen webgune bat aipatu du. Beste irakasle baten aldeko iritzia jaso du ekimenak, eta osasunaren psikologiaren gaineko webgune baten berri emanez. Beste ikasle bik, aldiz, kontrako iritzia plazaratu dute, euskarazko apunteak jasotzeak ikasleak kaltetuko lituzkeela argudiatuz. Polemika piztuta dago baina jada ekarpen praktikoak ere plazaratu dira.
Bestalde, ezusteko galanta izan da zerrenda horretako hainbat kiderentzat irainez betetako mezuak jasotzea. Antza, zerrendan harpidetza kendu nahi zuen William Knox izeneko estatubatuarrak baina ez zekien nola egin eta irainak bidaltzea otu zitzaion zerrendako arduradunek zerrendatik egotziko zutelakoan. Hala egin zuten, baina askoz errazagoa zen, harpidetza kentzeko azalpenak ingelesez baitatoz eGroupsen webgunean.
Histologiako apunteak
http://158.227.9.135/Histologia/Histo
Osasunaren psikologia
http://www.sc.ehu.es/scrwwwpt/osasuna.htm
EuskaraZ zerrenda
http://www.ueu.org/euskaraz.htm
Laburrean:
Doan sartzeko
Sarean doan sartzeko ez da, jada, zerbitzaria ordaindu behar. Telefono enpresa berriek euren bezeroei eskaintzen hasi ziren berriki Interneterako doako zerbitzua, baina jada bezero ez direnek ere badute aukera zerbitzu horiek hogerlekorik ordaindu gabe erabiltzeko. Seguruenik gehiago egongo dira baina guk alta eman eta probatu ditugun bi zerbitzuren berri emango dizuegu: Canal 21 eta Jazztel enpresek eskaintzen dituztenak. Webgue hauetara jo, lagunen baten ordenagailua erabiliz eta laster izango duzue etxetik konektatzeko sarbidea. Canal 21n alta emateko datu batzuk sartuta, laster etorriko zaizue etxera pack bat, opari eta guzti. Jazztelen, berriz, alta automatikoa da eta ez dute inongo datu pertsonalik eskatzen. Biak Infovia plus erabiltzen duen edozein zerbitzari baino askoz azkarragoak direla frogatu dugu.
Canal 21
www.canal21.com
Jazzfree
www.jazzfree.com