2001ko urtarrilak 24, Asteazkena | UNInet |

ADSL, hirietako monopolioa

Zerbitzua hedatzeko zailtasunak daude herrietan

Abiadura handiko konexio sistema da Asinchronous Digital Subscriber Line izenekoa, baina abiaduraz gain, bere beste ezaugarriengatik orain arte bulego gehienetan jaun eta jabe izan diren ISDN konexioei aurrea hartu die. Abiadura segunduko 256 edo 512 Kbit-ekoa izan ohi dute ADSL konexioek, baina 2000 Kpbs-raino hel daitezke. Horren ondoan, ISDN konexio bat 64 edo 128 Kbps-koa izan ohi da, une jakin batean kanal bat edo bi erabiltzen baitiitugu.

ADSL erabiltzeko nahikoa da betiko kobrezko bi kableekin, beraz, konexioa askoz merkeagoa da. Azkenik, Internetera konektatzeko ordenagailuak ez du telefono deirik egiten, beraz, erabilera askoz merkeagoa da eta gainera telefono linea uneoro libre daukagu edonoren deiak jasotzeko.

Mirari hauen guztien gakoa kable beretik doazen bi frekuentzia mota ezberdintzen dituen splitter izeneko aparailutxua da. Alde batetik, gizakion ahotsek okupatu ohi dituzten frekuentziak telefono aparailurantz bideratzen ditu eta, bestetik, ADSL modem-ak hariaz bestaldean dagoen zentralarekin komunikatzeko erabiltzen dituen frekuentzia altuak modem-era eramaten ditu. Hala, batak besteari ez dio interferentziarik egiten eta frekuentzia altuek datuen kopurua ere handia izatea ahalbidetzen dute. Horregatik ADSLarekin ISDN batekin baino abiadura handiagoak lor daitezke.

Halabaina, ADSLaren abantailak ez daude edonoren esku, momentuko hiri batzuetan baino ez baitago berau eskatzerik. Telefono zentralan bertan egon behar du ADSL seinalea hartuko duen modem-a eta Interneterako pasabidea emango dion makina. Horregatik orain arte dei lokalen monopolioa izan duten eta zentral horiek euren eskuetan dituzten monopolio ohiek oraindik kontrolpean dute ADSL zerbitzua: France Telecom Iparraldean eta Telefonica Hegoaldean.

Iparraldean, badira ADSL zerbitzua eskaintzen duten enpresa batzuk, baina esan dugun moduan, zerbitzuak France Telecom-en Netissimo zerbitzuari lotuta egon behar du. Oraintsu arte monopolioa izan duen enpresa honek berriki bukle lokala liberalizatu du Frantziako gobernuaren aginduz. Euskaraz esanda, dei lokalak fakturatzeko baimena eman die, Espainian bezala. Baina han bezala praktikan zentralak bere esku dituen enpresak ez du ADSLaren monopolioa galdu, zerbitzua eman edo jaso nahi duten guztiek bere sarea erabili behar dute eta berari ordaindu. Espainian antzeko egoeran daude Telefonica ez beste hornitzaile guztiak, ADSL zerbitzua eskaini nahi dutenean. Oraindik, Telefonicak de facto haien eskuak lotuta mantentzen ditu.

Zerbitzu garestia
Baina France Telecom-en tarifak hain altuak dira ezen Libertysurf urtebeterako ADSL zerbitzua eskaintzen hasi zen berak ezer kobratu barik, baina eskaerek eskaintza hau gainditu zuten eta jada ez da posible berau lortzea. Zerbitzua erabili nahi duen internautak soilik France Telecom-ek konexioa erabiltzeagatik kobratuko dizkion 268 liberak ordaindu beharko zituen eskaintza honen arabera. Modem-a aparte doa: alokatuz gero, hilabetero 44 libera ordaindu behar dira hilero eta erosi nahi badugu 1973 libera ordaindu beharko ditugu.

Wanadooren bidez egin nahi izanez gero, Netissimo ere kontratatu behar da eta gero Wanadoori beste 135 libera ordaindu hilero. Club Internet-en 63 libera gehitzen dizkiote Netissimo-ri ordaindu beharrekoari, lehenengo sei hilabeteetan eta geroago 130 libera izango dira. Beraz, oso antzekoak dira eskaintza biak. Bestalde, aurrekoan bezala modema alokatu edo erosi behar da, prezio berdinean. Hala, guztia kontutan hartuta, ADSL zerbitzua hilean 440 edo 437 libera kostako zaigu hornitzaile hauekin.

Ber gauza gertatzen da Espainian Telefonica enpresarekin. Terra-rekin oinarrizko ADSL konexioa hilean 7.000 pezeta kostako zaigu eta antzerakoa, pixkat garestiagoa, izango da Arrakis, Loop edo beste hornitzaileekin Telefonica-ren sarea erabiltzen baitute.

Hegoaldeko hiri nagusietan baino ez dago ADSL zerbitzua eta Iparraldean Biarritz, Angelu eta Baionan (ez Baiona osoan) soilik. Hala, hirietan bizi ez direnak abiadura handitik at gera daitezke. Honek gezurtatzen du nolabait hilaren 8an France Telecom-eko lehendakari Michel Bon-ek Le Monde Interactif egunkarian esandakoa: «Internetek ezberdintasunak gutxitzeko aukera eskaintzen du, ondo erabiliz gero». Elkarrizketa berean eskari kopuru txikiari egotzi zion ADSLaren hedapen eskasa, ez alderantziz, eta zailtasun teknikoak ez zituen aipatu ere egin.

www.netissimo.tm.fr
www.club-internet.fr
www.libertysurf.fr
wanadoo.fr
www.lemonde.fr

LABURRAK:

Kexu asko

Dudarik gabe ADSLa izango da aurten gehienen ahotan ibiliko den konexio mota. Baina teknologia honen garapen falta eta Terra-Telefonica monopolioak bezeroei ematen dien zerbitzu eskasak erabiltzaile askoren kritikak eragin ditu. ADSLa instalatzeko atzerapenak, zerbitzuaren etenak eta abiaduraren jaitsierek eragiten dituzte kritika gehienak. Horien ondoan zerbitzua primeran dabilkien bezeroen iritziak ere aurkituko ditugu.

adsl.nofunciona.com
ibrujula.com/foros

Herri txikietan

ADSLa heltzen ez den herri txikietan bizi direnentzat alternatiba kable bidezko konexioa izan daiteke, esaterako Euskaltel eta Retena sare hori hedatzen ari dira Hegoaldeko zenbait herritan. Baserri inguruetan eta herrixketan satelite bidezko konexioa izango da abiadura handiko alternatiba bakarra. Hauek segunduko 400 Kbps-era hel daitezke baina datuak jasotzeko soilik, ez bidaltzeko.

www.retena.es
www.euskaltel.es
www.ekinsl.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner