2001ko urtarrilak 17, Asteazkena | UNInet |

Zibernegozioen gainbehera

Puntucom enpresak kinkan, iazko pelotazoa amaituta

Iazko gorakadaren zurrunbiloan bazirudien dena puntucom izango zela, ekonomiaren gune nagusia Internet izango zela. Baina guztiz espekulatiboa den mundu honek, are espekulatiboagoa den burtsaren sustengua zuen nagusiki. Oreka ipintzeko, ordea, ekonomia tradizionala etorri da burtsan puntucom enpresek izan duten beherakadarekin.

Interneten sortutako enpresa ekimenei, puntucom edo startup esaten zaie. Epe laburrean errentagarriak ez izateko sortu izan dira orain arte startup gehienak, hori izan baita, Amazon aitzindaritik hasita, inbertsoreek dirua jartzen animatzeko aldez aurretik jakin behar zutena, irabaziak gerotxoago etorriko omen ziren eta. Hala ere, arloko enpresari ohia den Michael Wolf-en arabera, «haien errakuntza nagusia hori izan da, ohiko enpresatik oso diferenteak zirela pentsatzea». Euren buruak saltzeko, puntucom enpresek ekonomia berria Interneten sortutako arau berriek gidatzen zutela argudiatzen zuten. Baina 2000. urtean enpresa hauek irabaziak sortzeko ezintasuna agerian utzi zuten eta inbertsoreek dirua ukatzen hasi ziren.

Startup txikien kasutik pixkat ezberdina da enpresa handien egoera. Azken hauek, gehienbat burtsaren gorabeherek kaltetu dituzte, puztu-hustu etengabe horretan zimurrak agertu baizaizkie globo erraldoi horiei. Nasdaq famatuaren inguruan hautsezko inperio makalak sortu dira, horren lekuko Terra Lycos eta bere gainbehera bortitza dugu. Nasdaq indize teknologikoa EEBBetako burtsa berezia da, balio teknologiko delakoena soilik. Inbertsoreak arrisku handiko ekonomia erabat espekulatibo horretaz gogaitu eta Nasdaq-etik euren sosak kendu dituzte, betiko enpresetan berriz bihurtzeko.

Esan daiteke iazko uda izan zela mugarria, gutxi gora behera. Udaberriraino iritsi zen gorakada udan jaisten hasi zen eta udagoienak sareko enpresa
askoren gainbehera ekarri du, arbolen orriak bailiran. Hala, Espainian, boo.com enpresaren kasua izan zen, maiatzan, lehendabiziko abisua. Ordutik hona enpresa askok langileak kaleratu edo ateak itxi egin behar izan dute: Netjuice, Quepasa, Doblecklick, Baquia eta beste asko, arlo guztietakoak. 2000.ean 495 puntucom enpresek 41.515 lagun kaleratu zuten, Challenger, Gray and Christmas analisi enpresaren arabera.

Krisiak jarraituko du
Aditu horien arabera, hasi berri dugun 2001. urte honetan krisia sakonduko da sareko negozioetan. Burtsatik, aldiz, diote pentsatzekoa dela beherakadaren ostean gorakada itzela izango dela, baina oraindik zutunik diren enpresek gora eta behera horiek jasango dituzten ez dago batere argi. Gauzak horrela, badago arazoan negozioa aurkitu duenik: startup batekin porrot egin zuen enpresari batek startupfailures.com abian jarri du, antzeko egoera bizi duten beste enpresariei sostengua, aholkuak eta, besterik ezean, kontsolamendua emateko. Eta badirudi negozio hori ondo doakiola.

www.startupfailures.com

INFO: BILBAO FOROA

Foro Bilbao pribatizatzeko saioa

Ez da giro zibernegozioen foroan

Interneteko ekonomia berrian inbertsoreek eta startup baten proeiktua dutenak elkarrekin harremanetan jartzeko foroak antolatu dira EEBBetan eta Europako leku askotan. First Tuesday izenaz ezagunak dira hilean behin egin ohi diren bilera fisikoak, eztabaida foro elektronikoekin konbinatuta. Bilbon ere, iazko udaberriko loraldian abian jarri zen ekimen hori, Foro Internet Bilbao izenarekin. Orduantxe ezagutu zituen foroak bere ordurik onenak, munduan e-bussiness delako guztiarekin gertatu den bezala.

Ekimen independiente eta partehartzaile bezala abian jarri zen ekimenak Merkataritza Ganbararen eta enpresa batzuren laguntza txikiekin aurrera egin du. Bertan, Interneterako negozio ideiaren bat zuenak bere proiektua azaldu ahal izan du jendaurrean eta Talde bezalako inbertsoreak bertan izan dira, interesgarritzat jo dituzten proiektuak diruz babesteko.

Baina gatazka sortu da foroan dirua agertu denean. Erakunde batzuek dirulaguntza eman eta enpresa zenbaitek berau babesteko prest azaldu ostean, foroa abian jarri zutenetako batek, Rafael Tamayok, foroa enpresa pribatu bihurtu du. Gainera, eGroups-en bidez kudeatzen den foro-bilbao eztabaida zerrendaren kontrola ez zuenez, beste zerrenda bat sortu du Tamayok, lehengoan zeuden harpidedun guztiak bertan sartuta. Portaera horrek eta inolako azalpenik eman ez izanak foroko partaide askoren kexak eragin ditu. Ezer azaldu edo galdetu gabe harpidetza egin izana eta foro birtualeko moderatzaile Jose Antonio del Moral kazetaria baztertzeko xedea salatu dute gehienek.

Bilbao foroa
es.egroups.com/group/foro-bilbao
Talde
www.talde.com
Merkataritza Ganbara
www.camaracombilbao.es


Gorrentzako web-a

Gipuzkoan egiten den Planetavisual atariak milioi erdi bisita jaso ditu, sei hilabete dela abiatu zenez geroztik. Testuen eta ikonoen bidez gorrak informazioaren gizartean txertatzeko xedea duen atari honek harrera ona izan du eta hainbat sariketatan aipamen bereziak izan ditu.

Planeta visual
www.planetavisual.com


Auñamendi

Iragarri bezala, Auñamendi entziklopediaren 50 liburuak Interneten ezarri ditu Eusko Ikaskuntzak, duela aste bi. Hala ere, Espainiako prentsan Auñamendiren edukiak kritikatuz agertutako hainbat informazioren ostean, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza ukatu dio elkarteari. Ondoren, Eusko Ikaskuntzak entziklopedia saretik kentzea erabaki du, hainbat eduki berrikusi bitartean.

Auñamendi Entziklopedia
www.eusko-ikaskuntza.org/Aunam

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner