2001ko urtarrilak 31, Asteazkena | UNInet |
Ziberadiktoak online
Sarea gehiegi erabiltzeak adikzioa sor dezake
Erretzeak eta alkohola edateak adikzio fisiko eta psikologikoa sortzen dute. Adituen arabera, gau eta egun sarean nabigatzen ordu piloa ematen dutenek ludopatek duten gaitzaren antzeko dependentzia dute. Denak dira dependentziak eta kasu larrietan ezinbestekoa da medikuen tratamendua. Hala ere, Interneteko gauza guztiekin batera, gauzak puztu eta bere onetik ateratzeko joera dago titularretan. Horrela, ziberadikzioa «XXI. mendeko gaitza» izango dela irakurri ahal izan dugu zenbait psikiatraren hitzetan.
Sarerako adikzioak zenbait ezaugarri biltzen ditzakeen gaitza da. Esaterako, chat bezalako jarduerekiko konpultsioa, zibersexuari adikzioa edo web nabigazioari adikzioa dira sindrome honetako ezaugarriak. Ondorioak ere asko izan daitezke: familiako bizitza edo harreman sozialak bertan behera uztea, lan gutxiago egitea, garbitasuna eta osasuna urratzea, Interneterako adikzioak kentzen digun denbora piloa dela eta.
Baina, bizitzaren paradoxak, Interneten bertan asko dira gaitzari buruz dauden webguneak. Eztabaidak daude psikologoen eta psikiatren artean gaitz berri hau definitzeko eta, gainera, internauta guztiek ez dituzte ezaugarri guztiak modu berean aurkezten.
Gure jarduera adikzioa den zalantzak argitzeko bururatuko litzaizkigukeen galderak erantzuten dituzte Center for online Addiction informaziogunean. Esaterako, nork duen ziberadiktoa izateko arriskurik handiena, zibersexuari adikzioa ziberadikzioa den ala sexuari adikzioa den besterik gabe.
Adikzioari nola aurre egin edo nola trabak jarri erakutsiko digute eta adikzioak dakartzan lege ondorioak ere bai. Generoaren arabera, adikzioak modu ezberdinean emakume edo gizonei eragiten dien eta eskoletako umeen adikzioa nola eragotzi. Ziberadikzio bereziak ere badirela erakutsiko digute, sarearen bidezko burtsa eta bestelako negozioak kontrolik gabe egitearena, kasu.
Ziberadiktoak garen oso argi ez badaukagu, sarean bertan dauden test bat egin dezakegu web horretan. Besteak beste, nahi edo hasieran uste baino denbora gehiago online igarotzen dugun, goizean esnatzean egiten dugun lehendabiziko gauza posta elektronikoa begiratzea den, gure familiako harremanak eta etxeko lanak abandonatuta ditugun, horregatik lagunek errietarik egin diguten, online gaudela zerbait esaten digutenean haserretzen garen edo horrenbeste nabigatzeagatik lo orduak galtzen ditugun.
Test umoretsua
Tonu barregarria erabiltzen du beste test batek, Test de Adictos izenekoak: «Igogailura helduta download botoia bilatzen baduzu, zure telefono faktura kaxa batean heltzen bada, zure txakurraren web orrialdea egin baduzu, konexiorik ez duen herrialde batera oporretan joan nahi ez baduzu» eta beste ezaugarri xelebre batzuk ematen ditu. Beste test batek addictions.org webgunean hamar ezaugarri emango dizkigu ziberadiktoak garen jakin dezagun eta gaitza sendateko hainbat lotura eskaini.
Ciberadictos anonimos webgunean psikologo baten laguntza gomendatzen dute sareari adikzioa diotela susmatzen dutenentzat. Hala ere, adiktoak antzeko egoeran direnekin harremanetan jartzeko xedea du webguneak. Espainian ziberadiktoen elkarte bat sortze bidean dela diote bertan. Webgune honetan, J.A. Estallo psikologoak dio ez dagoela Interneti adikzioa dei daitekeen fenomenorik, baizik eta bideojokoekin gerta daitekeen fenomenoaren antzeko zerbait. Esanak esan, batzuek arazoak dituztela argi dago eta hori frogatzen du bertan CabRa ezizeneko ziberadiktoaren testigantzak.
Gaitzaren ezaugarriak
www.adicciones.org/enfermedad/internet
Center for online Addiction
www.netaddiction.com
Test de adictos
www.cibercol.homestead.com/test.html
Ezaugarriak eta informazioa
www.addictions.org/internet.htm
Ciberadictos anonimos
www.elojo.net/cyberadictos
(bigarren testua)
AMARAUNA: EUSKADI.NET
Erdaraz eta informazio gutxi
Eusko Jaurlaritzaren Gazteentzako informaziogune telematikoa bisitatu dugu. Bi urte sarean erdi geldituta egon ondoren, azkenik euskarara itzuli dutela iragarri zuten iragan astean eta hala agertu zen prentsan, makina bat informazio interesgarriz hornitu dutela adierazita.
Sarera joz gero, ordea, webgunearen helbidea jarrita erdarazko orrialde batera helduko gara. Euskarazko bertsioa lortzeko ikurrina sakatuta apenas informaziorik ez duen webgunea aurkeztuko zaigu euskaraz. Bertan, martxan diren bi ataletako bat aukeratuz gero, berriz gaztelaniaz ikusiko ditugu edukiak. "Aukeraketak" izenekoan, erdarazko helbide interesgarri batzuk eta "bilaketariak" klikatuz gero, Espainiako 12 bilatzaileren aukera bat kausituko dugu (Ole, Buscopio, Telepolis) Kaixo, Aurki eta Jalgi bilatzaileak, esaterako, ez omen dira interesgarriak.
Informaziogunea
www.euskadi.net/gazteria
LABURRAK:
Tarifa laua
EAEko Konekta Zaitez egitasmoari buruz informatu genuen azaroan eta, abantailen artean, SPRIren 25.000 pezetako dirulaguntza hartzen duenari, aurrezki kutxek 20.000ko laguntza eta kreditoa ematen diotela aipatu genuen. Geroago, Euskaltelek bi hilabeteko tarifa laua agindu dio egitasmoaren bidez ordenagailua erosten duenari. BBKk ere, bere aldetik gauza bera eskaini die bere bezeroei. Hala ere, hainbat internautek adierazi digutenez, eta frogatu ahal izan dugunez, Euskaltelek abantaila hori soilik ordenagailua bere banatzaile batean erosi duenari ematen dio eta BBKn ez dakite nola egin behar duen bezeroak zerbitzua lortzeko.
Konekta Zaitez
www.konektazaitez.com
Euskaltel
www.euskaltel.es
Hasiberriak
ETBk aurki Hasiberriak izeneko telesail berria filmatzen hasiko da. Goenkaleren gazte eszisio honetan agertuko diren pertsonaia berriak aukera ditzakegu internautok bozketa bidez. Euskalduna jauregian casting-era aurkeztu zirenetan rol bakoitzeko finalista bi aukeratu dituzte eta horien artean gure gustokoa aukeratzeko aukera damaigu webguneak.
Hasiberriak
www.hasiberriak.com