2001ko otsailak 7, Asteazkena | UNInet |

Ugazabak langileak zelatatzen

Enpresek haien posta elektronikoa kontrolatu nahi dute

Berriki Britainia Handian enpresetako buruei euren langileen komunikazio elektronikoak eta telefonikoak monitorizatzeko eskubidea damaien legedia onartu da. Honek eztabaida sortu du Europako gainontzeko herrietan, jarduera hori ez baitator bat oinarrizko zenbait eskubiderekin.

Interneteko arloan adituak diren zenbait abokaturen iritziz, akordioetara heldu beharko dira enpresak eta enplegatuak, kontrajarriak diren bi alderdi baitaude hemen ezbaian. Alde batetik, pribazitatearen eskubideak daude. Adibidez, Espainiako Konstituzioak komunikazioen sekretua bortxaezina den oinarrizko eskubidea dela dio. Bestetik enpresako dokumentu eta informazio asko konfidentzialak dira eta ezin dira besterik gabe zabaldu. Baina dokumentazioak inori pasatzen baino, langileak sarean denborapasan eta alperkerian dabiltzan kontrolatu nahia dago, sarerik gabe ere hori egin badezakete ere.

Langilearen eta enpresaren arteko harremanak fede onean oinarritzen badira, ez dirudi oso zilegi denik lanarigoaren jarduera monitorizatzea. Gauzak horrela, epe laburrean Espainian Auzitegi Konstituzionalak posta elektronikoaren estatutoa zehaztuko du. Bitartean, Deustuko Unibertsitateko abokatu Sergio Pampliega Campok koordinazioa proposatzen du, enpresako buruen kontrolerako ahalmena ez baita erabatekoa eta langileen eskubideak ere ez direlako mugaezinak.

Denbora Interneten alferrik emateagatik hainbat langile kaleratu dituzte jada enpresa askotan. Baina hauen jarduera monitorizatzeko neurriak hartzea beste kontu bat da. Orohar, langileen eskubideen aldeko jarrera nagusi da sarean eta gizartean. Inork gure komunikazioak monitorizatzea zilegi den erabaki baino lehen sareak informazio hori pribatu mantentzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Asociacion de Internautas (AI) elkarteko lehendakari Victor Domingok azaldu duenez, honen aurrean irtenbiderik egokiena datuak zifratzea da, enkriptatzea. PGP programak eta beste batzuek hori egiteko aukera emango digute, inork zer idatzi dugun uler ez dezan.

BBVA afera
Gauza bera proposatzen du Carlos Sanchez Almeida abokatuak, posta elektronikoaren monitorizazioari aurre egiteko defentsabide moduan. Almeida abokatua da eta Internetekin erlazionaturiko aferetan aritzen da gehienbat. Bere gabineteak hainbat hacker defendatu ditu eta zentsurarik gabeko sare baten defendatzaile sutsua da. Almeida Kriptopolis.com aldizkariko bultzagilea da, pribazitateari eta enkriptazioari buruzko informazio ugari eskaintzen dituen aldizkari elektronikoa.

Duela hilabete, Almeidak CCOO sindikatuarekin prentsaurrekoa eskaini zuen Madrilen, Espainian gertatu den horrelako afera bat salatzeko. Sindikatuak BBVA bankuko zuzendaritza salatu zuen, honek CCOO sindikatuari enpresako posta elektronikoaren bidez langileei zenbait informazio igortzea galarazi ostean. Salaketak Madrilgo Entzutegi Nazionaleraino eraman ditu BBVAko buruak.

Almeida Abokatua
www.bufetalmeida.com
Kriptopolis
www.kriptopolis.com

INFO: ENPRESAK

Hispavista, marrazoen bazka

Elosegi anaiek Donostian sortutako ataria hizpide izan dugu egunotan, hainbatek etorkizun zalantzagarria iragartzen baitiote. Kontua da duela hamar bat hilabete Libertysurf atari eta hornitzaile frantziarrak Hispavista erosi zuela, 6.000 milioi pezeta ordainduta. Urtarrilaren 9an berriz, Libertysurf beste arrain potoloago batek irentsi du, Italiako Tiscali hornitzaileak, 6.000 milioi libera ordainduta. Horrek zalantzak sortu ditu Hispavistak Gipuzkoan dituen instalazioak itxiko diren edo beste leku batera eramango dituzten.

Tiscaliren menera pasatzea Hispavistarentzat ona ala txarra izango den zaila da esaten. Foro Bilbao-n bere zalantzak agertu zituen Jose Antonio del Moral kazetariak, erosketaren egunean bertan: «Tiscali-World Onlinek bazeukan Espainian aktibitaterik. WOLek badu atari indartsua Bartzelonan eta Tiscalik Madrilen konexiorako zerbitzaria jarri du Madrilen. Periferian kokatuta dagoen beste atari bat mantendu nahi izango dute? Uste dut ezetz», zioen. Financial Times-en arabera, ordea, honetan Hispavista biziki baliagarria du Tiscalik eta horrek esperantzarako arrazoirik damaio Donostiako atariari.

Tiscali talde italiarrak konexiorako hornitzaile (ISP) paneuroparra bilakatu nahi du eta estrategia horretan ari da hamarratzak bezala bere besoak kontinentean zabaltzen. World Online holandarra erosi zuen iaz eta urtea atari frantziarra erosiz hasi du.

Baina erosketaren arrazoi nagusia, dirudienez, Libertysurfen azken bolada txarra izan da, iBrujula.com-i kasu eginez gero. Libertysurf enpresak Frantziatik kanpoko bere eragiketa guztiak bertan behera uzteko asmoa agertu zuen urte hasieran, atari paneuroparra bilakatzeko saioak huts egin ondoren. Elkarren artean benetako integraziorik ez zuten atariak erosi zituen Libertysurfek Europan, baina sinergiarik ezak eta kudeaketa txarrak galerak ekarri dizkio ordutik hona. Britainia Handian galera handiak izan zituen iaz eta Holanda zein Danimarkako atariak ekaina aldean itxi zituen.

www.hispavista.com
www.tiscali.com
www.libertysurf.com


Laburrak:

Salaketa

Interneten webgune bat egitea salaketa modu merke eta eraginkorra izan daiteke, zernahi aldarrikaku nahi dela ere. Saltoki handi batean euskaraz egiteagatik jaso zuen erantzunagatik haserre, internauta batek sarean webgunea egitea egitea erabaki du bere haserrea adierazteko eta bertan gertatu zitzaiona azaltzeko. Bertan azaltzen duenez, Gipuzkoako Goiherrian euskaraz zekien galdetu zion saltokiko langileari eta besteak ea berak alemaneraz bazekien erantzun.

Enkristiano
www.geocities.com/enkristiano


Kutxaespazioa

Miramongo parke teknologikoaren ondoan jarri du Kutxak Zientziaren Kutxagunea izeneko museo interaktiboa, 2.100 milioi pezetako inbertsioa eginda. Bertan zientzia, teknologia berriak eta jolasa uztartzen dira, jakintza barneratzea dibertigarria eginez. Ez ikutzea debekatuta dagoen museo honek badu bere online bertsioa. Oso esperientzia interesgarriak azalduko zaizkigu, Flash-en eginiko animazioen bidez, museoan bertan azaltzen direnez gain, geuk etxean edo eskolan egin ditzakegun esperimentu bitxi eta interesgarriekin. Diseinu landua eta eduki osagarrien multzo handiaz gain, behatoki astronomikoa, planetarioa eta lotura interesgarriak aipa daitezke.

Kutxaespazioa
miramon.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner