2001ko otsailak 14, Asteazkena | UNInet |
Euskal atariak
Sareko atari euskaldun eta elebidun zenbait
Atari bat zer den gutxi gora behera argi daukagun gauza bat da. Webgune batean denetariko zerbitzuak biltzen direnean esaten zaio ataria, baina 1999ko sukarraz gero, modaz pasatu xamar dagoen kontzeptua dugu, dena esan behar baita. Tamalez, ataria hitza aipatzen denean gehienoi burura datozkigu Terra, wanadoo eta beste webgune erraldoi erdaldun horiek. Horiek bezalako milaka daude, txarragoak eta hobeak, baina izugarrizko publizitatea egiteko dirutzarik gabe sortu dira eta horregatik ez dira hain ezagunak.
Orrialde honetan Mikel Amigot kazetari nafarrak behin esan zuenez, edozein gaztek egin dezake atari bat, sarean dauden doako baliabideak erabilita. Hori egin dute Euskal Herrian batzuek eta ez dira ya.com bezain ezagunak. Besteak beste, eguneko edo asteko albisteak titularrak bederen agertu ohi dira atarietan, posta elektroniko zerbitzua, eguraldiaren iragarpena, telefono mugikorretara mezuak bidaltzeko zerbitzua, eztabaida foroak... Horrelako zerbitzuak.
Atariak sailkatzen jarrita, alde batetik, gaikako atariak daude, gai baten inguruan eraikitako atariak: eskiatzaileek barrabes.com-era joko dute eta musika maite duten askok ritmic.com bisitatuko dute.
Beste alde batetik irizpide geografiko eta kulturalen arabera berezitutako atariak daude, eta hemen irizpideak zenbat eta murritzagoak izan, ataria bereziagoa eta txikiagoa izango da. Komunitate hispanoari begira eginiko terra.com ataritik eibartar euskaldunentzako eibar.org atariraino. Maila lokalean badaude atari asko, edo euren buruari atari deitzen dioten webgune asko. Hiri edo eskualde handietan asko sortu dira azken aldi honetan, Bilbon kasu. Hortxe beste eremu batean sartzen gara: hirietako aisialdiko gidak, azken aldi honetan dexente ugaritu dira gure hiriburuetan eta beste batean sakonago jorratuko ditugu.
Irizpide geografiko handiagoa hartuko dugu gaurkoan atariak aipatzeko, baina hizkuntzari erreparatuko diogu gehienbat, euskaraz eginiko atariak edo euskarazko bertsioa badutenak gutxi baitira oraingoz. Euskal eremuan, 1999ko modari jarraiki, atari eta atari proiektu batzuk sortu ziren iaz, nahiz eta joera hori gainbeheran egon atari handien kontzentrazioarekin eta atariaren kontzeptua bera zalantzan egon.
Batzuk osatuak, besteak proiektu hutsak dira. Komertzialak eta denborapasakoak, denetarikoak dira. Ezagunena Jalgi dugu, hasieran ISP moduan sortua eta ondoren edukietara zuzendua. Webguneen direktorioa du, arloka sailkatua, eta bertan helbideak topatzeko bilatzailea. Bestalde, Ataria.com, jaiak.net atariaren baitan dago eta eguraldiaren iragarpena egiten duten zenbait lotura ditu.
Berrikiago beste atari batzuk sortu dira, oso diru gutxi gastatuta sareko baliabideak primeran baliatzen jakin dutenak. Hori da e-uskadi.com atariaren kasua. Egile ezagunik ez duen atari honetan egunero albisteak agertzen dira, sareko euskal prentsan agertutako albiste interesgarrietarako loturekin eta arreta berezia eskainiz sareko aktualitateari. Kanpoko helbide askotarako loturak berean ongi integratzeaz gain, atal propioak baditu atari honek: genealogia, musika, mitologia, lana, eta softwarea besteak beste. Sareko doako baliabideak egokitu dituzte e-uskadi.com atarian. Esaterako, chat gunea dago, gauza bera egin dute eguraldiaren iragarpenarekin eta doako posta elektronikoa eskaintzen duen doako zerbitzu bat aurkitu dute internautoi eskaintzeko.
Euskonet euskaraz
Euskonet atarian euskara da nagusi, nahiz eta gaztelania eta ingelesa ere badiren. Egunkaria, Deia eta Sud Ouest egunkarien titular nagusiak jasotzen dituen leiho bat zabalduko zaigu sartzean. Chat gunea eta beste zerbitzu batzuk dituen arren, atariko zatirik garrantzitsuena bilaketa tresna da, bertan dioenez 24.810 orrialde baitaude indexatuta. Atarira sartzen garen hurrengoan orrialde jakin batzuk agertzeko zehaztu diezaiokegu nabigatzaileari.
Beste atari proiektu batek Xerka du izena eta zinema, euskalmail, kirolnet eta beste atal batzuk aurkezten dizkigu. Tamalez, lotura gehienak ez dabiltza eta dabiltzanek informazio zaharkitua dute.
Hortik zehar nabigatzen beste atari bat aurkitu dugu, txiripaz, euskara hutsean. Euskara.org helbidean Euskararen ataria topatuko dugu, MIDI musika kantsagarri batek lagunduta sarean dauden euskal baliabide gehienen bilduma orrialde bakar batean. Probetan dagoen webgune honek Ataria hitzaren zentzua hartzen du horrela, bere jatorrizko esanahian. Bertatik sartzen zara edonora joateko, baina ataria hasierako urratsa da beti. Normalean, atari handiek kontrako joerara ohitu gaituzte, atariko lotura guztietan klik eginez gero atariaren barruko azpidirektorio batera eraman behar gaituzte dekretuz. Hori egin ahal izateko dirutza ederra eduki behar da gero.
www.jalgi.com
www.ataria.com
www.e-uskadi.com
www.eusko.net
www.xerka.com
www.euskara.org
LABURRAK
ETA bideojokoa
Ertzainak eta separatistak elkarren kontra borrokatzen diren bideojokoa sortu du Kanadiar enpresa batek. Global Operations delako bideojokoan, munduan indarrean diren eta izan diren 16 gatazka ezagunetan koka gaitezke jokoa hasteko eta, jokoa sortu duen Barking Dog enpresaren arabera, tokian tokiko paisaiak eta taldeak aurkituko dugu, beti batzuk terroristak eta besteak kontraterroristak izanik. Haien artean Spain aukera dezakegu eta bertan, «terrorismoaren aurkako taldea Ertzaintza izango da eta terroristak euskal separatistak», diote iragarpenean. Irlandan, IRAkoak oraindik terroristak dira eta britainiar militarren kontra borrokatzen dira. Kolonbian aldiz, paramilitarrak eta militarrak elkarren kontra aurkituko ditugu, errealitatean sekula ikusi gabea. Jokoa udazkenerako argitaratuko dute mundu osoan.
www.barking-dog.com
www.cravegames.com
www.zdnet.com/gamespot
Egia biluzik
Besteak baino zintzoagoa izango da akaso Interneten bidez sortu den albistegi bitxia? «There is no news like naked news», dio emakumezko esatariak albistegiaren hasieran. Ondoren, EEBBetako aktualitatea jorratzen hasi bezain laster biluzteari ekiten dio, berriak ematearekin batera. Ondoren, mundua, ekonomia, eguraldia eta kirolak datoz, eta bakoitzean gauza bera egiten dute aurkezleek. Negozioa, tartekatzen diren publizitate iragarkietan dago.
www.nakednews.com
Jabi Zabala.