2001ko otsailak 28, Asteazkena | UNInet |
Alternatibak Napster-i
Disketxeekin negoziatzea edo klandestinitatea aukeran
Hain zuzen Napster afera puri-purian dagoelarik hasi dira agertzen haren antzeko ekimenak. Zergatik gertatzen da hau? Ez da kontraesana, sarearen bidezko musikaren trukea geldiezina den seinale baizik. Egunotan joera edo estrategia ezberdin bi nabarmentzen ari dira: negozioaren alternatiba komertzialak adostearena batetik eta doakoatasuna mantentzearen aldekoa bestetik. Momentuz ez bata, ez bestea, ez dira diskagintzaren industriaren gogoko.
Napster-en jarrera guztiz aldatu da bere aurkako epaiak direla eta. Hasiera batean, Bertelsmann-ekin akordio batera heldu zen, haren musika jaisteko eskubidea lortu zuen. Geroztik beste batzurekin akordioak erdiesten ahalegindu da Napster, baina aukerarik eman nahi ez dioten beste erraldoi batzuek, are gutxiago emango diote haren kontrako epaiak zauritu ostean. EEBBetako diskagintzaren industriak ez du ezer negoziatu nahi. Azken epaiak bere konfidantza indartu du eta ez du hitzarmenik onartzen, Napster erabat desagertuta ikusi nahi du.
Badirudi jarrera hori sarearen izaera ondo ulertu ez duten seinale dela. Internet, Napster eta musikaren truke librea agertuz gero, musikagintzarentzat lehengo negozio modeloak ez du jada balio. Horixe da Filetopia programaren sortzaile Enrique Martinen iritzia: «Musikarekin Internetera egokitu nahi den edozein gauzarekin bezala gertatzen da, negozio modeloak sarera egokitu behar dira. Disketxeek eurena aurkitu behar izango dute eta nire ustez deskargengatik ordaintzea izan beharko du musikari dagokionez».
Iragan astean hemen elkarrizketatu genuen Filetopia programaren sortzaileak ez du sosik ateratzen erabiltzaileen arteko bitartekari lana egiteagatik. Aldiz, beste bilbotar batek, Pilar Abuin-ek, musikaren webnegozioa du abian Madrilen. Berak zuzentzen duen weblisten.com MP3 formatoko musika saltzera dedikatzen da, hori da bere negozioa.
Weblistenek hilabeteko harpidetzen sistema atera berri du. Hilabeteko bonoa 4.900 pezeta kostatzen da eta erabiltzaileari Weblisten-etik nahi beste abesti deskargatzeko eskubidea damaio. Honek, emusic.com-en eredua jarraitu du Espainian, SGAE eta AIErekin akordioak adostuta. Egile eskubideengatik kopuru bat elkarteetara doa eta hauek disketxeei ordaintzen diete. Espainiarako bakarrik balio du akordio honek eta hori arazoa izan daiteke, erabiltzaileak edonongoak izan baitaitezke.
Disketxe erraldoien offline ikuspegi zaharkituaren eta musika musutruk elkartrukatzen duten erabiltzaileen artean harrapatuta daude Weblisten bezala modelo berri horren aitzindari diren puntucom enpresak.
Bitartean, Napster-i kontra egiteko xedez Sony eta Vivendi taldeek bat egin dute, musika online eskuratzeko Duet webgunea sortuz. Napster-ek egin zien 1.000 milioi dolarreko eskaintza errefusatu ostean zabaldu dute negozioa.
Azkenean denak sartuko dira modelo berri honetan, bistan denez, eta egunak joan, egunak etorri, argi dago akaberan Napster erabiltzeagatik ere ordaindu beharko dela. Mundu honetan dena konpontzen da diruarekin, baina zenbat diru kobratu behar den eta bakoitzari zenbat dagokion da eztabaidagai nagusia. Beraz, agian kontua ez da sarea ulertzen ez dutela, baizik eta beraiek zuzenean izan nahi dutela ustiatzaileak, beste bitartekaririk gabe.
Klandestinoak
Bigarren joera nagusia doakotasuna mantendu eta legeen balizko debekua ekiditeko xedea duten programa alternatiboak dira. Hauek programa zentsuraezina dute xede, sistema deszentralizatuak sortuz eta zenbait kasutan, Filetopia deustuarra kasu, komunikazioetan enkriptazio sistemak erabiliz.
Hauetan ezagunena Gnutella da, eta haren sarea erabiltzeko sortu dira beste programa batzuk, Bearshare, Aimster, Limewire eta besteak. Sare horizontal eta zentsuraezina ari dira ehuntzen eta, egunen batean norbaitek gnutella debekatuko balu, klandestinitatera igaroko litzateke bere milaka kideekin batera eta ezer gutxi aldatuko litzateke haientzat.
Aimster beste elkartruke sare batzuk AOL, File Sharing, Gnutella eta Microsoft Networking bere baitan integratzen dituen programa bat da. Gnutella ere bere baitan integratu du Limewire-k, sare horretan bilaketak egiteko erraztasunak emanez. Java hizkuntzan idatzita dago Limewire eta beraz edozein plataformarako balio du, gutxienez Javaren 1.1.8 bertsioa duten ordenagailuetarako.
Musikarien jarrera
Gatazka beste modu batera ikus daiteke: Barrikadaren alde batean, elkarrekin musika artxiboak abestiak trukatzen dituzten erabiltzaileak daude. Bestean, disketxe handiak daude eta erdian musikariak eurak, erabat banatuta. Musikarien artean badira Napster-en kontrako amorratuak muztur batean eta haren aldekoak bestean. Kontrako sutsuak dira Metallica, Elton John eta Paul Mc Cartney, royaltiek ondo onuratuak. Napsterren aldekoak berriz Offspring, Nine Inch Nails, Rage Against The Machine, Green Day, Fugazi, Limp Bizkit, U2, BB King eta Prince. Musikaren truke librea taldeak promozionatzeko bide ona izan daitekeela uste dute gehienek, nahiz eta askok oso argi ez duten nola muga daitekeen hori musikariak kaltetu gabe.
EEBBetako epaia
www.ce9.uscourts.gov
Programak
www.gnutella.com
www.limewire.com
www.bearshare.com
www.scour.com
www.aimster.com
Webguneak
www.savenapster.com
www.stopnapster.com
-Laburrak:
Gizarte.net
Azken aldi honetan webgune ugari zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak. Iragan asteotan EAEko lan sailburuak lanbide.net aurkeztu zuen, lana bilatzeko Egailan agentziaren webgunea. Sabin Intxaurraga jaunak Justizia Saila ere zuzentzen du eta honek justizia.net izango du helbide. Bada, hirugarren atala gizarte segurantza denez, honek ere eskuratu du bere domeinua. Aurrerantzean gizarte.net helbidean aurkituko dugu zaharrentzako egoitzen, laguntzen edo oporraldietarako programen inguruko informazioa.
Gizarte zerbitzuak
www.gizarte.net
Txirrindulariak
Urtekaria.com izenburupean euskal txirrindularitzari buruzko webgunea sortu du Javi Bodegas lemoiztarrak. Bertan, euskal txirrindulari profesionalen fitxak daude, afizionatuen egutekiko proben egutegia eta Mungiako Uriona elkartearen historia, baina laster gehiago gehitzeko asmoa du Bodegasek. Bere zaletasun nagusia den txirrindularitza lehenago paperean islatu du, gai honen gainean argitaratu dituen liburuetan. Urtekaria izenarekin 1994tik argitaratzen dituen liburuetan egungo txirrindulari profesional guztien fitxak biltzen ditu, makina bat daturekin. Ordutik 1998ra, bere sakeletik ateratako diruekin ordaindu zuen urtekarien inpresioa eta banaketa, bere zaletasunaren seinale. Loroño, Coppi eta Euskal Bizikleta dira, besteak beste, Bodegasen beste liburu batzuk. Denak eskuratzeko modua ematen du egileak webgunean bertan aukeratuz.
Urtekaria
www.urtekaria.com