2001ko martxoak 7, Asteazkena | UNInet |
Konexio gehiago EAEn
Interneterako konexioen igoera neurtu du Eustat-ek
Iragan asteazkenean eman zituen ezagutzera EAEko estatistika erakundeak Interneti buruz egin dituen azken inkesten emaitzak. Hauen arabera, 2000ko azken seihilekoan % 14 hazi zen internauten kopurua eta 310.000tik 352.000ra igo dira, orotara, EAEko biztanlegoaren %14. Hauen artean %16 sartzen dira euskarazko webguneetan, baina denak ez dira egunero nabigatzen ibiltzen. Hauek dira daturik interesgarrienak euskararen aldetik baina bada aztertu beharreko xehetasun eta datu gehiago inkesta honetan.
Iazko azken hiru hilabeteak hartzen ditu Informazioaren gizarteari buruzko inkesta izenez bataiatu duten ikerketa honek. Hasteko, PCen kopuruari erreparatzen dio eta etxeetan ordenagailua duten familien kopurua urte hasieran baino abiadura handiagoan emendatu dela dio. Erosketa erritmoaren bizkortze hori Konekta Zaitez kanpainari egotzi dakioke eta EAEn gertatzen ari zen moteltzea konpentsatu du nolabait. CB Consulting enpresak eginiko beste ikerketa baten arabera, EAEn ordenagailuen parkea gutxiago hazi zen 1997 eta 2000 bitartean, beste autonomia elkarteren ondoan. Esaterako, tarte horretan EAEko parkea soilik %9,8 hazi zen bitartean, Nafarroakoa %18 hazi zen enpresa horren arabera. Ordenagailuen prezioek ere ez zuten orain arte hazkundea laguntzen, izan ere, Espainiako OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera EAE da ordenagailuak garestien dauden autonomia elkartea.
Interneteko datuak aztertzen jarrita, sarerako sarbidea duten aipatu 350.000 horietatik %30 konektatzen dira egunero. Beraz, esan daiteke egunero konektatzen direnetatik euskal webguneren batean ibiltzen direnak 16.000 inguru direla. Konexio denboraren bataz bestekoa ez da aldatu, gehienek ordubete eta lau ordu bitartean ematen dituzte online egunero eta oso gutxi konektatzen dira asteburuetan.
Etxetik gehiago
Estrainekoz, etxetik konektatzen direnak lantokitik sartzen direnak beste dira, orain arte gehienak lantokitik sartzen baitziren. Azkenik ikastegitik sartzen direnak daude (%25). Gehienei familiak ordaintzen die konexioa. Hala, helburu pertsonala da ugariena (%49), profesionala ondoren dator (%35) eta akademikoa azkenik (%13). Hilabete batzuk lehenago helburu profesionala zen. Argi dago etxeetako konexioa dela hazi dena, nabarmen hazi ere, datu hauek guztiek erakusten dutenez. Edukiei erreparatuta, gehienak albisteen bila sartzen dira (%75) eta erabilera hori %21 hazi da. Dagoeneko sarea EAEko bigarren informazio iturria bihurtu da Eustaten arabera.
Merkataritza elektronikoari dagokionez, EAEko internautek jarrera uzkurra dute eta inoiz sarearen bidez zerbait erosi dutenetatik hiruk merkataritza elektronikoa ez dela erabat fidagarria pentsatzen dute. Ordainketak egiterako orduan, gehienek erositakoa postaz jasotzean nahiago dute ordaintzea.
Eustaten inkesta
www.eustat.es
Beste ikerketak
www.cybereuskadi.com
INFO: KONGRESUA
Informazioaren gizartea aztergai Bilbon
Iragan ostiralean aurkeztu zuten Bilboko Euskalduna jauregian apirilaren 24a eta 27a bitartean izango diren informazioaren gizartearen inguruko jardunaldiak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta SPRI erakundeak bultzatzen dituzten jardunaldi hauetan hainbat adituk esku hartuko dute, instituzio batzuetako ordezkariez gain. Bideosolasaldi sistema baten bidez ikusi ahal izango dira jardunaldiok zuzenean sarearen bidez. Baliabide hori profitatuz, Gasteizko EHUko kanpuseann eta Donostiako Miramon parke teknologikoan ere jardunaldiak izango dira aldi berean.
Bultzatzaileen esanetan, jardunaldion helburua «informazioaren gizarteak dakartzan aukera berriak biztanleen artean zabaltzea» izango da, baina aurkezpenean azpimarratu zutenez, berauek «gehienbat unibertsitateko azken kurtsoetako ikasleei, emakumeei, irakasleei eta ikerlariei zuzenduta daude». Jardunaldiotarako 13 talde sortu dira eta bakoitzak gai bat jorratuko du, komunikabideak, aisia, hizkuntzak, finantzak, pentsamendua, hezkuntza, enpresa, dokumentazioa eta kultura, besteak beste.
Antolatzaileek iragarri dutenez, 60 enpresa, elkarte eta erakunde publiko izango dira jardunaldi hauetan euren lanak eta produktuak erakusten, horretarako jarriko diren erakustokien bidez.
Bitxia da baina Interneten bertan ez dugu jardunaldion gaineko informaziorik aurkitu. Agentzietako informazioen arabera, informazio guztia eta jardunaldiotarako izena emateko bidea www.congreso-euskadi.com helbidean aurkitu beharko genuke, baina helbide horretan ez dago ezer. Are gehiago, informazio hau idazteko unean domeinu izen hori libre zegoen, inork eskuratzeko moduan.
Jardunaldiak
www.congreso-euskadi.com
Laburrak:
Kaixo ataria
Duela hiru aste euskal atariei buruzko testua argitaratu genuen, azken aldian sortu diren hainbat atari aipatuz. Ez genuen Kaixo.com aipatu, atari baino bilatzailetzat hartzen genuelako eta gainera ez da berria Aitor Lopez de Aberasturik eginiko webgune aitzindaria. Hala ere, aitortu behar da oso atari garrantzitsua dela Euskal Herriko sarean, egunero bataz beste 6.000 bisitarirekin.
Kaixo
www.kaixo.com
Abenturak
Espainiako telebista publikoan emititzen den Al filo de lo imposible saioak badu bere webgunea, Arista enpresa gipuzkoarrak egina, eta bertatik espedizio batzuren gorabeherak jarrai daitezke. Webguneak, publizitatea, diseinua eta merkataritza elektronikoa lantzen ditu Aristak eta beste webgune famatu batzuk ere sortu ditu, hala nola, Euskaltel, Euskadiko Kutxa eta mundopadres.com, Eresmas atariak gurasoentzat sortutako ataria. Aristak Bilboko Guggenheim museoaren webgunea diseinatu zuen eta horregatik jaso zuen Buber saria iazko abenduan.
www.alfilo2001.com
www.arista.es
www.guggenheim-bilbao.es