2001ko martxoak 14, Asteazkena | UNInet |
Bihurgailuak: Zenbat kilo arroa bat?
Edozelako neurriak bihurtzeko tresnak sarean
Sare globalean elkartzen gareanean gure solaskidea txinatarra izan daiteke edo australiarra, eta hizkuntza ezberdina izateaz gain, ordu diferentean biziko da, txanpon ezberdina erabiliko du eta distantziak neurtzeko neurri ezberdinak erabiliko ditu seguruenik. Gero eta beharrezkoagoa dugu besteen kontzeptu horiek menperatzea, edo gutxienez, gure parametroetara itzultzeko gai izatea.
Horretarako sareak laguntza emango digu. Titularreko galdera kenduta -arroa hamabi kilo inguru da- neurri batetik bestera bihurtzeko hainbat tresna daude amaraunean. Gotzon Egia internauta euskaldunak aspaldi emandako pistak jarraitu ditugu eta hainbat webgune interesgarri eta lagungarri aurkitu ditugu. Euroa eta dolarra menperatzen jakin beharko genuke, honezkero, internauta trebeok. Baina hatzak edo galoiak zenbat zentimetro eta zenbat litro diren gaitza bada, gaitzagoa izango da drakmak eta rupiak liberetara edo pezetetara itzultzea. Horregatik badira momentuan unean uneko trukearen arabera eragiketa horiek kalkulatzen dizkizuten hainbat tresna telematiko.
Esaterako, Measurement Converter izeneko webgune errusiarrean, era guztietako neurriak bihurtzen ahal ditugu: zama, bolumena, luzera, area, lastertasuna, presioa, tenperatura, denbora eta abar. Teknologiaz hobeki hornitua Megaconverter-ek era askotako neurriak bihurtzen ditu:
antzinako luzeera, bolumen eta zamak, angeluak, areak, astroen arteko
distantziak, sistema hamartarretik besteetara, dentsitatea, energia,
finantza interesak, indarra, beroa, sukaldeko neurriak, luzeera, zama,
sistema metrikoko laburtzapenak, lastertasuna, presioa, tipografia... Aukera bi ditugu, Megaconverter tradizionala eta bigarren bertsioa, interface aurreratuagoa duena.
Sarean online ez gaudenerako badira programa batzuk, Josh Madisons Converter kasu. PC Windows-erako programa txiki bat da 167 Kb eta berau jaitsi eta instalatu ostean era guztietako bihurketak egingo dizkigu.
Aldiz, konbertitu nahi duguna dirua bada, Oanda Currency Converter webgunean munduko ia edozein diru motaren arteko trukea kalkulatuko digute, bankuen arteko interes tasak aplikatuta eta kreditu txartelaren arabera. Gainera, denboran atzera egin dezakegu eta une jakin batean zegoen trukearen araberako kalkuluak egin.
Interesatzen zaigun gaia ordua bada, Worldtime erabilgarri aurkituko dugu. Unean unean munduko edozein bazterretan eguna ala gaua den jakiteko mapa interaktiboa dauka. Oso interesgarria da eta EEBBetako zein beste leku batzuetako ordu politikoak edo energia aurreztearren gobernuek ezarritako orduak ere ezagutzen ditu.
Gure erlojua orduan doi-doi jarri nahi badugu, Atom Time programatxoa jaitsi dezakegu. Hau, konektatuta gaudelarik, EEBBetako Boulderren (Colorado) dagoen erloju atomikoarekin konektatzen da, eta ordu zehatzarekin bat jartzen da. Baina programatxoa gure ordenagailua instalatu nahi ez badugu edo Linux edo Mac ba baldin badaukagu, nahikoa izango dugu Greenwich-en dagoen erlojuaren webgunera jotzea.
Measurement Converter
www.convert-me.com/en
MegaConverter
www.megaconverter.com
Josh Madisons Converter
www.joshmadison.com/software
Dirua itzultzeko
www.oanda.com/convert/classic
World Time
www.worldtime.com
Greenwich
time.greenwich2000.com
INFO: BURTSA
Yahooren hondamendia burtsan
Yahook burtsan izan duen beherakadak beste puntucom enpresa asko eraman ditu berarekin. Wall Street-eko burtsan %16 galdu zuen iragan ostegunean eta berarekin batera teknologia enpresen NASDAQ indizeko hainbat enpresaren baloreak eraman zituen: CNETek %11 galdu zuen, Terra Lycos-ek %6 eta eBayk %9. Interneteko beste enpresa guztiek ere galerak izan dituzte aste beltz honetan, eta dena Yahoo-rekin hasi zen.
Asteazkenean, Yahook jakinarazi zuen bere zuzendari nagusi Tim Koogle-ren dimisioa. Prentsa ohar berean, bere irabazien prebisioak kaleratu zituen: iragarrita zeuden 232 milioi dolar irabazi beharrean, aurten 170 eta 180 milioi artean irabaziko zuela iragarri zuen enpresak, iragarritakoa baino %27 gutxiago.
Burtsan jaitsierarik gerta ez zedin, oharra arratsaldean igorri zuten baina jada bezperan, zurrumurruen ondorioz enpresak %6 galdua zuen burtsan, inbertsore askok euren diruak kendu baitzituzten. Ostegunean, enpresa beste inork erostea galarazteko, Yahooren kotizazioa eseki zuten eta beste neurri batzuk hartu zituzten, langileei akzioak erosteko aukera preferentziala eskaintzea kasu.
Azken aldion direktiboen krisi sakona pairatzen ari da Yahoo, %100 sarekoa den enpresa aitzindaria. Desertziorik garrantzitsuena Europako zuzendari orokorra zen Fabiola Arredondorena izan zen duela hilabete. Arredondo Europako pertsonarik boteretsuenetakoa zen, prentsa ekonomikoaen arabera. Ondoren, Kanadako eragiketen arduradunak eta Asiako beste bi exekutibok ere enpresatik alde egin zuten. Honek guztiak, puntucom enpresek burtsan duten krisiaren baitan kokatuta, krisi egoetara oso sentsibleak izatea dakar. Iragarpen txarrak entzun bezain laster inbertsoreek dirua kendu eta horrek irabaziak izatea galerazten die enpresei, krisia areagotuz.
Yahoo
www.yahoo.com
NASDAQ indizea
www.nasdaq.com
Laburrak:
Xabier Etxebeste
Yahoo España-ko Zuzendari Xabier Etxebeste Iruinsemea elkarrizketatuko dute gaur gauean Interneten bidezko irratia.com irrati euskaldunean. Asteazkenero Jalgi Hadi Dantzarat! irratsaioa emititzen dute mundu osorako 21.00etatik 22.00etara eta azken asteotan Euskal kultura digitala? galderapean elkarrizketa sorta egiten ari dira gonbidatu zenbaitekin. Dudarik gabe interesgarria izango da elkarrizketa, gonbidatuaren garrantziagatik ezezik, bera euskalduna izanik gure komunitatearen presentzia sarean nola ikusten duen azalduko duelako eta, dudarik gabe, Yahoo! sartuta dagoen kinka ezinbestez elkarrizketan agertuko delako. Orain arte egindako elkarrizketak sarean daude entzungai irratia.com helbidean.
Yahoo! España
www.yahoo.es
Irratia.com
www.irratia.com
Nekazari erdaldunak
EAEko nezazal arloari buruzko informazio webgunea aurkituko dugu nekanet.net domeinuan. Eusko Jaurlaritzaren eta diputazioen ikurrak dituen erdarazko aurkezpen orrialde baten ostean, orrialde nagusira helduko gara eta bertan nekazaritzari eta arrantzari buruzko informazio interesgarri asko kausituko dugu: feriak, nekazal zentsoa, berriak eta beste hainbat atal aurkituko ditugu... Erdara hutsez. Gure hizkuntzaren arrastorik ez dugu aurkituko arloko beste webgune batzuetan, Elika Fundazioa eta Neiker kasu. Azken honetan ingelesa ere aukera daiteke gaztelaniaz gain.
www.nekanet.net
www.elikafundazioa.net
www.neiker.net