2001ko martxoak 28, Asteazkena | UNInet |

i-mode, Sarea patrikan

Konexio azkarra mugikorrean japoniarren eskutik

Telefono eramangarriak etorkizuneko konexio bidea izango direla iragarri zuten aspaldi sareko guru-ek eta bere lehen urratsak ematen ari da gure artean segapotoen bidezko konexioa. Hala ere, oraingoz, komunikazioen abiadura eta protokoloen ahalmena eskasak diren bitartean, prezioak garestiegiak dira eta ia inork ez du Europan konektatzeko mugikorra erabiltzen.

Japonian ordea oso bestelakoa da kontua. WAP kaxkarra eta garestia alde handiz gainditzen duen i-mode jaun eta jabe da gazteen artean. Eramangarrian telefono komunikazioez gain testuak, koloreak, irudiak, bideoak, soinuak, mezuak, jokoak eta webguneak ikusi eta entzuteko aukera ematen duen zerbitzu merke, erabilterraza eta gaztea da DoCoMo enpresak iaz abian jarri zuen zerbitzua. Gazteentzako erakargarria izateko xedez sortua, jada edozein adineko 20 milioi erabiltzaile ditu i-modek eta kopurua haziz doa egunero 50.000 erabiltzaile berrirekin.

Egungo moda da i-mode eta ez bakarrik gazteen artean. Diru gutxi kostatzen da musikak deskargatzea, bankuko eragiketak egitea edo bidaiak erostea. Konexioa etengabea da i-mode terminala pizten dugun unetik eta hilabeteko kuota 200 peztea ingurukoa da. Badira doako eduki batzuk eta beste batzurengatik gehiago ordaindu behar da. Jada badira 30.000 i-mode gune ez ofizial eta 1.000 ofizial, enpresaren onespena dutenak. Hauen artean gehienak japonieraz daude, baina apurka-apurka agertzen ari dira ingelesezko batzuk, iDisney kasu. Ezagututa dauden zerbitzu horiek erabiltzeagatik DoCoMok berak kobratzen dizu hilabeteroko fakturan eta gero zati bat guneari ematen dio, bera komisio batekin geratuz. Trukean, gune ofizialek oinarrizko menuan agertzeko aukera dute.

Gainontzeko zerbitzu batzuk hartuz gero, bestelako kuotak ordaindu beharko ditugu, baina japoniarrek gehien erabiltzen dutena oinarrizko menua da, bertatik mezuak bidal daitezke –hemengo GSMenak baino luzeagoak eta pezeta baten truke–, horoskopoa irakurri, denborapasak egin, albisteak irakurri, bilatzaileak erabili... DoCoMo hain da arrakastatsua ezen Japonian Internetera konektatzen diren hirutik bik eramangarriaren bidez egiten dute.

Sekulako teknologia erabiltzeagatik baino, marketing egokiagatik eta tarifa merkeengatik hedatu da i-mode, hemen WAP erabiltzea gehien eragozten duena prezioa baita eta erabiltzailerik ez dagoenez, aplikazioak ere gutxi dira. Hala ere, i-modek WAP baino indartsuagoa den cHTML kodea erabiltzen du, webguneen HTML kodetik hurbilago dagoena. Datorren urtean indarrean egongo den i-moderen hirugarren belaunaldiak Java indartsua erabiliko du eta konexioak 64 Kbps-eko abiadura izango du.

DoCoMo Japoniako telefonia mugikorreko enpresarik handiena bere 35 milioi erabiltzailerekin. Bertako akziodun nagusia NTT da, lehenago estatuaren monopolioa izandakoa. Urrundik jarraitzen diote beste enpresek, KDDI eta Japan Telecom leihakideek. Eta DoCoMo, i-mode honen arrakasta ikusita, nazioarteko merkatura bideratzen ari da bere hedapena, merkatu japoniarra laster saturatuko duelakoan. Europan datorren urtean sartuko dela uste dute adituek, izan ere, DoCoMo Holandako KPN Mobile enpresan sartu da jada inbasioa prestatzeko.

Hala ere, Japonia saturatzeko ez da nahikoa izango bertako 130 milioi biztanleek bakoitzak bere terminala izatea. Gizakion ostean bezeroak automobilak eta etxeko animaliak non dauden jakiteko erabiliko dute eta bideokontsolak zein tabako makinek barruan i-mode bat eramango dute.

DoCoMo
www.nttdocomo.com


AMARAUNA: ALTAVISTA

Erdaraz bilatzeko interface euskalduna

Euskararen onerako aurrerapausoa eman berri du Altavista bilaketa robot erraldoiak bere interfacea euskarara itzulita. Espainiako azpidomeinupean euskarazko interfaceak estatuko eta munduko edukietan bilaketak egiteko aukera damaigu.

Prentsara igorritako oharrak dioenez, «Altavistak bere lidergoa frogatzen du, euskaraz bere zerbitzua eskaintzen duen bilatzaile bakarra izanik». Dirudienez, Altavistakoek ez dituzte euskal bilatzaileak ezagutzen, Kaixo, Aurki eta Jalgi kasu.

Egia esan, Altavistak egin duena bere interface-a euskaratzea izan da eta hori euskaraz egoteak ez du esan nahi bilaketak euskaraz egiteko aukera dagoenik. Izan ere, maleruski, ezinezkoa da bilaketak euskarazko edukietan bakarrik egitea. Gaztelania, ingelesa, letoniera, islandiera, suomiera eta beste hizkuntza batzuetan egiteko agindu diezaiokegu edo, bestela, edozein hizkuntza aukera hartu behar dugu euskarazko emaitzak ikusiko baditugu. Akats bera agertzen da euskarazkoarekin batera aurkeztu diren galegozko eta katalanezko interfaceekin.

Altavista euskaraz
es-eu.altavista.com

LABURRAK:

Zientzia.net

Txoritxo batek esanda aurkitu dugu Elhuyar elkarteak sarean jarri duen webgune berria. Zientzia.net helbidean, zientzia eta teknologiari buruzko
albiste interesgarrien aukera biltzen da euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez, ASPren gainean eraikita. Egunero albiste batzuk sartzen dituzte hizkuntza bakoitzean eta aukeratuz gero hizkuntza bakoitzekoak bakarrik ikusteko modua dugu. Eguneko argazkia, agenda eta zientzia hiztegia dira beste atal batzuk eta azken berriak posta elektronikoz jasotzeko aukera ematen dute.

Elhuyar-ena
www.zientzia.net

Amodiozko mezuak

Santurtziko AEK euskaltegiak II. Amodiozko email leihaketa deitu du, iazko esperientzia errepikatuz. Gaia edozelako amodioa izango da, mezu elektronikoak baino ez dira onartuko eta mezuok bidaltzeko epea bihartik maiatzaren 15a arte izango da. Izengoitiz sinatu beharko dira mezuok eta ondoko beste mezu batean benetako datuak agertu beharko dira. Hiru sari izango dira, lehendabizikoa 50.000 pezetakoa. Mezuen aberastasuna, originaltasuna eta baliabideen erabilpena kontutan hartuko dira.

Arauak
gratisweb.com/santurtzikoaekeuskaltegia
Nora bidali
amodioa@aeknet.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner