2001ko apirilak 4, Asteazkena | UNInet |
EZLN: Chiapasetik sarera
Zazpi urte dira EZLN oihanean eta sarean altxatu zela
Egunotan albiste izan da Mexikoko zapatisten martxa eta EZLNko buruek, aurpegiak estalita, kongresuan eginiko agerraldia. Interneten ere oihartzun zabala izan du gertaera honek eta sarearen bidez jarraitu ahal izan ditugu martxa zein hiriburuko mobilizazio guztiak. Sarean presentzia izugarri handia du zapatisten mugimenduak, baina hau ez da azken egunotako kontua. EZLNren azken urteotako historia sareari lotuta egon da eta neurri handi batean Interneti zor diote zapatistek egunotako fama. Interneteko lehendabiziko fenomeno informatiboa izan zen EZLNren agerpena.
Sareko denbora izugarri azkarrean zazpi urte atzera jotzea kretazikora itzultzea bezalakoa da. 1994ko urtarrilaren 1ean, artean, Internet hitza guztiz ezezaguna zen gehienontzat, sarearen popularizazioa abiatu gabe baitzegoen. Pare bat urte geroago hasi zen unibertsitate eta informatikarien giroetatik publiko zabalarengana heltzen. Puntucom enpresarik eta atari erraldoirik gabeko sare hura oso publiko akademikoak erabiltzen zuen, haien artean ekintzaile askok eta kazetari batzuek, noski. Orduko Internet hartan webgune gutxi zeuden eta gehienbat posta elektronikoa erabiltzen zen komunikatzeko.
1994ko urtarrilaren 1ean EZLNren agerpenak oharkabean harrapatu zituen denak, han eta hemen. Hemen, askok etxera gaupasaren ostean heldu eta urte berriko bazkariari gogorik gabe begiratzen zioten bitartean, han, Mexikoko militarrek espero ez zuten kolpe azkarra eta ustegabean San Cristobal okupatzen ari zen ordurarte ezezaguna zen indigenen armada batek.
Honela zioen egun hartan zabaldu zen lehen mezuak: "Borrokan ari diren indiar hauek diotenez, orain arte ezezaguna izan den Askapen Nazionalerako Armada Zapatista izeneko talde bateko kideak dira". Arkeologia telematikoko ariketa bat eginez aurki daitezke mezu hau eta ondorengoak sarean.
Egun horretan EZLN eta Internet hitzak entzun genituen estrainekoz, eta biak ala biak elkarri lotuta entzun ditugu sarri askotan geroztik. «Chiapas tintazko gerra da Interneten» esan zuen mexikar militar batek urte batzuk geroxeago, zapatisten altxamendua gaitzetsi nahian. Ez da guztiz horrela, hasierako gatazka haietan eta ondorengoetan hildako dexente izan baitziren, baina logika militarretik etsaiaren indarra gaitzesteko esandakoak oihartzun mediatikoaren indarra gutxiesten zuen. Ez zuen pentsatu militarrak agian indar komunikatibo hori, militarra baino, izango zela munduan hainbeste lagun zapatisten alde jarri dituena. Benetako etsai potrodun, armadun eta bibotedun baten kontra aritzea gehiago gustatuko litzaiokeela esan nahiko zuen agian eta ez egurrezko fusilak zeramatzan emakumez betetako armada indigena bat sarraskitzea.
Baina zapatistek, komunikazio estrategia eraginkor batekin, mundura irudi bakezalea komunikatzea eta indigenen egoera zabaltzea lortu dute, enpatia sortzea. Kanpoko borrokalagun telematikoen laguntza izan dute zeregin horretan. Ya Basta! webgunea izan da hasieratik erreferentzia nagusia baina beste askok bildu dituzte zapatisten planteamenduak, diskurtsoak, oharrak eta bestelakoak.
Uniformizazioaren kontra
Merkataritza libreko Ituna indarrean sartzen zen egun berean agertzea ez zen kasualitatea izan. Oihartzun mediatikoa lortzeko ondo antolatutako kanpaina izan zen, gabonetako oparotasunean bizi ginen egunetan, munduan neoliberalismoaren kontrako borroka gidatu duen mugimendua bihurtu zen Lacandona oihanekoa. Globalizazioaren ondorio txarrez oharra indignenen ahotik bertatik zetorren, uniformizazio kulturala salatzeko autoritate handiko jendea. Horrexegatik, neoliberalismoaren aurkako lehen topaketak oihanean antolatu ziren 1996an eta ondoren beste batzuk egin dira.
Mass media handiek zerbait islatu dute, diskurtsoaren zati batek lortu du haietan zirrikitu batzuk okupatzea eta hori ez da harrigarria kontutan hartzen badugu zapatisten trebezia mediatikoa eta komunikabideetan konplizitateak lortu dituztela. Azken mobilizazioaren tamainu erraldoiak eta kongresuaren aurrean hitzaldia ematearen aukera historikoak izan dira nahikoa arrazoi media handietan zapatistak agertu ahal izateko. Baina zirrikitu horiek gorabehera, sare alternatiboak eta Internet izan dira zapatisten martxari eta kongresuko mintzaldiari jarraipena egiteko tresna bakarrak, berriro ere.
Gurean, irratia.com izan da Euskal Herrian EZLNko kideen mintzaldia zuzenean eskaini duen bakarra, Mexikoko UNAM unibertsitateko La ke huelga irratiarekin bat eginda, baina Interneten bideo konexio batzuk eskaini zituen zuzenean Mexikoko Detras de la noticia-k, Ricardo Rocharen telebista saio telematikoak. Saio hone webgunean, Rocha, el testigo azpitalala aukeratuta, Marcos azpikomandanteari eginiko elkarrizketa ikus dezakegu RealVideo formatoan, baita zapatisten elgarretaratze erraldoia Zocalo plazan, Latinamerikako plazarik handienean.
EZLN
www.ezln.org
Lehen mezuen artxiboak
nativenet.uthscsa.edu/archive/nl/9401
Zapatisten martxa DF-ra
www.ezlnaldf.org
Indymedia.org
mexico.indymedia.org
chiapas.indymedia.org
Freespeech
www.freespeech.org
Ricardo Rocha
www.rocha-detrasdelanoticia.com
LABURRAK:
Korrika online
Aurrera doa Korrika, kaminoan zein sarean. Globalizazioak dakarren uniformizazio kulturalaren aurkako tresna egokia dugu sare globala, zapatisten kasuan ikusi dugunez, baina euskararen kasuan ere halaxe da. Ehun ziberkilometro baino gehiago erosi dituzte jada ziberkorrikaren jarraitzaileek. Korrikaren hasiera webcam bidez ikusi eta irratia.com zein halabedi.org irratien bidez entzun ahal izan zen. Sareko Argiak jarraipen berezia egiten dio Berreuskalduntze kanalaren bidez eta Korrikaren webgunean bertan ere agertzen ari dira lasterketako azken ordukoak. Irratia.com-ek ere egunero 20.00etan zuzeneko irratsaioa egiten du lasterketatik, egun bakoitzean Korrika igarotzen ari den aldean dagoen euskal irrati batetik emisioak eginez.
www.korrika.org
www.halabedi.org
www.irratia.com
www.argia.com
GARA kracked
Martxoan 23, 24 eta 25an, hiru aldiz eraldatua izan zen GARA egunkariaren webgunea. Aurreko eraso biak talde berak egin zituen eta aldaketa bakarra egin zuten webgunean, hasierako orrialdean. Honek erasoaren gaineko azalpenak ematen zituen beste webgune batera desbideratzen zuen trafikoa. Erasoa sinatzen zuen gr33tz izena ere ageri zen iaz Moncloa jauregia eraso zuten Alianze taldeko kide legez. Bigarren erasoa beste batzuek egin zuten, aurrekoak sartu ziren leku beretik sartuta. Erasotzaileek, hasierako orrialdea eraldatzeaz gain, kalte gehiago eragin zituzten eta egun osoa behar izan zuten GARAko teknikariek webgunearen kontrola berreskuratzeko.
GARA
www.gara.net
Lehen erasoa
lazoazul.hobbiton.org