2001ko apirilak 11, Asteazkena | UNInet |
MIT-en matrikula doan
Unibertsitate ospetsuak doako eskolak emango ditu sarean
Massachusetts Institute of Technology (MIT) sareko instituzio garrantzitsua da. EEBBetan kalitate handiko irakaskuntza ematearen ospea duen zentru honetatik igaro dira egun sarea zuzentzen duten goi mailako teknikari eta guru asko. Aurrerantzean edonork izango du bertan ikasi duela esateko aukera, distantziaz bada ere. Izan ere, MITek abian jarri du OpenCourseWare izeneko programa, Interneten bidez eta doan bertako ikasketa guzti guztiak egin ahal izateko.
MIT ez da bakarrik informatika zentrua, bertan, kimika, matematika, zientziak, elektronika eta fisika ikas ditzakete bertara sartzeko aukera dutenek, urtero ikasle asko kanpoan geratzen baitira sarbiderako dauden irizpide gogorrak direla eta. OpenCourseWare programa honekin denek izango dute ikasteko aukera.
Ideia honekin, MITek jakintza zabaldu nahi du sarearen bidez interesa duen edonork har dezan, amerikarrentzat eta internauta ororentzat jakintza eskuratzeko bidea eskaini. Kurtso famatu hauek Interneten bidez osorik eskainiz jakintza bera zabaldu nahi dute, hori bai, ikasketa hauek jarraituz gero ez dugu MITeko titulua eskuratzeko eskubiderik izango. Hori egiteko urtean 26.000 dolar kostatzen diren eskoletara joan beharko genuke, Massachusetts-era, orain arte egin izan den moduan.
Gisa honetan, jakintzara aplikatu nahi dute Open Source mugimenduaren filosofia eta hau dudarik gabe bertako informatika departamenduak inspiratu du, berau izan baita software librearen aldeko sutsua. Teknologia eta jakintza gizartean muga ekonomikorik gabe libre zabal daitezen eskatzen du Open Source mugimenduak, programak, sistema eragileak eta oraingoan jakintza edonoren esku jartzea. Helburu horrekin, MITek 100 milioi dolar gastatuko ditu, arlo bakoitzaren gaineko atariak eraikitzeko. Bertan, irakasleekin bideosolasaldiak izango dira eta ikasgai bakoitzeko ikasgaiak eskuratu ahal izango dituzte ikasleek.
Orain arte teleformakuntzaren esperientzia anitz jarri dira abian. Gure artean, Kataluniako Universtitat Oberta de Catalunya-ren (UOC) esperientzia jarraituta, hainbat ikasgai Interneten bidez eskaintzen ditu EAEko Euskal Herriko Unibertsitateak. Baina MITek eskaintzen duena doan eskainiko den lehendabizikoa izango da, eta are harrigarriagoa da honelako zerbait EEBBetatik etortzea.
Zerotik abiatuko da MIT ekimen honetan eta bi urte beharko ditu bere lehendabiziko emaitzak emateko. Hamar urte behar izango dituzte ikasketa guztien curriculum osoak online jarri ahal izateko, 2.000 ikasgai orotara. Arkitektura, ingeniaritza, gizarte zientziak, humanitateak eta zientzia hartuko dute, besteak beste. MITeko agintari Steven Lerman-ek adierazi duenez, sareak «irakaskuntzaren eta ideien hedapenerako eskaintzen dituen aukerak» ikustea proiektuaren bizigarria da, baita «jakintzaren pribatizazioari» aurka egitea.
Datozen urte bietan piloto esperientzia garatuko dute, honelako erraldoia eraikitzeko behar izango duten softwarea eta zerbitzuak sortuz. Dena ongi badoa, denbora hori igaro orduko 500 ikasgaitarako materialak egongo dira jada eskuragarri MIT-en OpenCourseWare webgunean.
MIT
www.mit.edu
UOC
www.uoc.es
EHU
www.ehu.es
AMARAUNA: NAPSTER
Zer gertatu da Napster aferarekin?
Iragan hilabeteko ekaitzaren ostean badirudi gauzak baretu direla musika trukaketa libreari dagokionez. Baina ez dirudi gauzak gehiegi aldatu direnik epaileak Napster programako kudeatzaileei filtroak ezartzeko aginduaren ostean. Programako erabiltzaileen kopurua pixkat jaitsi da zurrunbilo mediatikoaren bukaerarekin baina Copyright-ak babestutako abestiak berdin azalduko zaizkigu bertan bilatuz gero.
EEBBetako industria diskografikoaren abokatuek beste fronte batzuk zabaldu berri dituzte, Scour programaren kontrako erasoa kasu, agian horregatik eman diote pake pixkat Shawn Fanning-en programari. Bitartean, hainbat disketxek BMG, EMI eta Warner bat eginda, MusicNet aterako dutela iragarri dute. Urte amaierarako sarean egongo da ordainduz musika jaistea ahalbidetuko duen zerbitzu hau. Sony, Universal eta Yahoo! hirukoteak, beste alde batetik, antzeko zerbitzua aterako dute elkarren artean. Alemaniatik datorkigu erdibideko modeloa, Carracho zerbitzuarekin. Bertan, abesti batzuk ordaindu behar dira eta besteak ordea ez.
Azkenik, Napster-i indar pixkat emango dion laguntzaile bat atera da: Prince kantariak bere hurrengo diskaren lehen single-a Napster-en argitaratuko duela iragarri du. Ez dirudi, ordea, diska osoa gisa horretan aterako duenik, ez luke sos askorik eskuratuko eta, baina promoziorako bide aproposa aurkitu du Princek. Honek urte hasieraz geroztik bere webgunean abestiak eskaintzen dizkie bere klub-eko kideei. Klub horretako kidea izateko eta beraz, musika eskuratu ahal izateko ordaindu behar da, noski.
Carracho
www.carracho.com
Prince
www.npgmusicclub.com
LABURRAK
Bagera Zope-n
Irutxulo eta Gaztetxulo aldizkariak argitaratzen dituen Donostiako Bagera elkarteak webgunea zabaldu du. Bertan elkartearen berri ematen dute eta aldizkariotako edukien aukera bat dago irakurgai. Itxuraz webgune arrunta da baina barrutik arras ezberdina da, Zope-ren gainean eraiki baitute. Aspaldi honetan Luistxo Fernandez eta beste eibarnauta batzuk Zope sistemaren nondik norako guztiak ikasten dabiltza eta software libreko sistema malgu honen apostoluak bihurtu dira gure artean. Ariketa edo adibide ikusgarria eta erakusgarria da Bagerarena. Izan ere, Zopek nola funtzionatzen duen ikus dezagun proba egiteko esan digute. Edozein orrialde ikusten ari garela, /aldatu idatzi eta orrialdea eraldatzeko aukera ematen digu sistemak.
Bagera
www.bagera.net
Zope
www.zope.org
Hauteskundeak
EAEko hauteskundeak gertu daudela eta, alderdiek webguneak eguneratzeko ahaleginak egingo dituzte. Kasu aipagarria da webgunea eraberritu duen EAJ alderdiarena. Flash animazio ikusgarriaren ondoren, plug-in hori behar izango dugu, gehiena Flashen gainean eraikita baitago. Sareari eman dioten garrantziaren seinale, webgunearen helbidea prentsaurrekoetan eta alderdiaren agiri askotan agertzen da. PPkoek ere ppvasco.com domeinua hartu dute baina bertan ez dute oraindik ezer ipini. Harrigarriena mayororeja.com helbidea izan daiteke, hasieran ez baitago jakiterik aldekoek ala kontrakoek egin duten.
Mayor Oreja
www.mayororeja.com
EAJ-PNV
www.eaj-pnv.com