2001ko apirilak 25, Asteazkena | UNInet |

Hauteskundeak.net

Alderdiak eta informazioa gero eta gehiago sarean

Gero eta hurbilago daude EAEko hauteskundeak. Duela aste bi informatu genuen Mayor Orejari buruzko webgune ez ofizialari buruz eta EAJ-PNVk zabaldu duen webgune berriaren berri eman genuen. Iragan astean Euskal Herritarrok taldeak iragarri zuenez, maiatzaren 5etan Anoetako belodromoan egingo duen mitina zuzenean igorriko du webcam bidez ziberespaziora. Aurki, EHk telebistarako prestatu duen spot-a ere ikusgai izango da bertan.

Eusko Alkartasunak bere webgunean ez du oraindik hauteskundeei buruzko informaziorik ipini. Bai aurkituko ditugu EAk plazaratutako subiranotasun proposamena eta alderdiaren gaineko azalpenak. PSE-EE-PSOE alderdiak duen webgunean berriz, Nicolas Redondo hautagaiaren aurpegiak hartuko gaitu, La fuerza del cambio izenpean, bozgorailuetatik midi artxibo bat entzuten dugun bitartean. Lehendakarigaiaren biografia eta hauteskundeetarako proposamena dira bertan aurkituko ditugun beste dokumentu biak.

Ezker Batuak duen webgunean ere aipamen asko egiten dira maiatzaren 13 hauteskundeei buruz. Kargatzen ez den flash film bati itxaron ondoren, bigarren orrialdera pasatuko gara. Bertan kolore biziz eginiko webguneak egunkari baten azalaren itxura du eta hainbat informazio dago bertan, tartean Saramagok, Atxagak eta Vazquez Montalbanek IU-EBren alde idatzitako agiria.

Unidad Alavesa alderdiak ere bere webgunea du eta bertan irakur ditzakegu gauzarik polemikoenak. Abertzaletasunaren aurkako webring edo webguneen talde bateko kidea da UA alderdiarena. Stop Nazionalismo taldeko beste guztiak irainez betetako webgune izengabeak dira baina UArena ez da egile ezagunak izanagatik tonu horretatik ateratzen. Webgune osoko informazioak daude abertzaletasunari eta euskarari erreferentzia eginez. Aipagarria da euskarari buruzko hamar egiak atala, besteak beste, «Araban beti mintzatu izan da gaztelania» dioena.

Baina alderdiek jarritako webguneez gain, EAEko hauteskundeei buruzko informaziogune gehiago zabaldu dira, Elecciones Vascas webgunea kasu. Erdarazko webgune hau hemendik kanpo egina da eta gehienbat Espainiako irakurlegoa du helburu, kanpainaren gaineko informazioak bilduz. Bisitariek hainbat inkestaren emaitzak ikusi ahal izango dituzte bertan eta albiste interesgarrietarako loturak daude. Harpidetza eginez gero, egunero prentsak gaiari buruz zer dioen eta ekitaldi garrantzitsuen agenda ikusi ahal izango dute internautek, alderdien azken prentsa oharrak eta eguneko esaldirik nabarmenenarekin batera. Hautagaiekin chat-etan esku hartu ahal izango ei dute internautek. Oso antzekoa da Guay atariak zabaldu duen Elecciones Autonomicas informaziogunea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko informazioa emango digu Eusko Jaurlaritzak hauteskundeak.net webgunean. Bertan, hauteskundeen emaitzak emango dituzte bozketak amaitu eta ostean, baina jada kontsulta daitezke iragan hauteskundeetako emaitzak.

EH
www.euskal-herritarrok.org
EA
www.ea-euskadi.com
PSE-EE-PSOE
www.pse-ee.psoe.es
IU-EB
www.ezkerbatua-izquierdaunida.org
UA
www.unidadalavesa.es
Atariak
www.eleccionesvascas.com
www.eleccionesautonomicas.com
Ofiziala
www.hauteskundeak.net


INFO: INFORMAZIOAREN GIZARTEA

Kongresua Bilbon egunotan

Aste honetan, Informazioaren gizartea Euskadin goiburupean, jardunaldiak egiten ari dira Bilboko Euskalduna jauregian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta hezkuntza sailak antolatu dituzten jardunaldi hauetan hainbat adituk hitz egingo dute Internet eta teknologia berriei buruz eta hauek euskal gizartean edukiko duten eraginaren gainean. Atzo hasi zen kongresua ostiralean amaituko da eta egunotan aditu batzuek ponentziak azalduko dituzte jendaurrean.

Jardunaldion izenburuak zerbait orokorra islatzen du, bizitzaren arlo askotan –ekonomia, hezkuntza, azpiegiturak, aisia eta beste– isla daitekeena. Horregatik gai bakoitzean berezitutako adituen mintzaldiak denetarikoak baina zehatzagoak izango dira. Atzo Javier Etxebarria sareko nafar guru-a izan zen. Gaur, besteak beste, Ignacio Ramonet-ek La tirania de la comunicacion eskainiko du eta Andoni Alonsok Euskal Herria Digitala izango du hizpide. Bihar, gazteentzako Matenet matematika lehiaketa aurkeztuko du Nafarroako unibertsitateak. Egailan-eko Javier Ramosek Lanbide.net ataria aurkeztuko du, Eusko Jaurlaritzak lana topatzeko online ezarri duen ataria eta Bilboko Udalak Gazte Sarea izeneko proiektua azalduko du. Ostiralean, e-Gipuzkoa proiektua azalduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gaikako ponentziak ere izango dira, gelaka banatuta, banka, atariak, azpiegiturak, hezkuntza, enpresak, gai bereziak, kultura, enpresa, gizarte arazoak, komunikabideak eta administrazioa. Ponentziez gain, erakustokiak daude hainbat enpresaren produktuak aurkezten.

Egitaraua
www.congresoeuskadi.com


LABURRAK:

Kanpoan ikasi

Ikasketak egiteko Euskal Herritik kanpora atera nahi dutenek informazioa lortzeko aukera ona dute estudiafuera.com webgunean. Atzerrian, herrialde anglofonoetan zehazkiago, hizkuntzak, unibertsitate ikasketak, graduondokoak eta bestelako ikastaroak egiteko informazioa dute bertan. Atari berri honek Australia, Kanada, EEBB, Britainia Handia eta Irlandako 3.500 unibertsitateko datu basea du, 80 onenekin harreman estuak ditu eta ingelesa irakasten duten 280 ikastegirekin akordioak sinatu ditu. Egonaldirako bisatuen eta ostatuen gaineko informazioa ere badago bertan.

Estudia Fuera
www.estudiafuera.com

Euskal pilota

Gure kirolik bertokoena, euskal pilota, sarean dago jada hainbat webgunetan islatuta, baina denak erdarazkoak dira. La pelota vasca ataria Iruñako Iturnet enpresak egiten du eta pilotaren gaineko informazio asko ematen du. Manista.com atariak aldiz, pilotarien ranking bat egiten du, teniserako ATPk eta txirrindularitzarako UCIk egiten duten moduan. Zehatzagoa den remonte.net webgunean berezitasun honen gaineko informazio guztia aurkituko dugu, frontoia, historia, jokoa eta besteak. Nafarroan 2002an izango den mundialeko webgunea sarean dago jada eta huraxe da euskaraz irakurtzeko aukera damaigun bakarra.

www.lapelotavasca.com
www.manista.com
www.mundialnavarra2002.com
www.remonte.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner