2001ko maiatzak 9, Asteazkena | UNInet |
SPAM-a: zabor mezuen aurka
Eskatu gabeko publizitatea debekatzea zaila izango da
Apirilaren 24an Espainiako gobernuak merkataritza elektronikoa arautuko duen legeak spam-a espreski debekatuko duela iragarri zuen. Lege honen aurreproiektuaren arabera, publizitate mezuak jaso nahi dituztela adierazi dutenei bakarrik bidali ahal izango zaizkie horrelako mezuak. Internautak baimena eman ez badu bidaltzaileak zigorra jaso dezake. Legea idaztea ez da zaila izango baina spammerrak zigortzea zailduko du sarearen izaera transnazionalak.
Norberak eskatu gabe ezezagunengandik iristen zaizkion mezu elektronikoak dira spam-a. Gure e-posta helbidea nonbait aurkitu duten spamerrek mezu bera guri eta beste milaka laguni bidaliko diete. Normalean guk ez dugu jakingo nork bidaltzen duen, askotan gezurrezko helbideak ageri baitira bidaltzaile moduan, eta mezuan ez ditugu berau jaso duten beste biktimen helbideak ikusiko.
Bidalketa masibo horien bidez igortzen diren mezu gehienek publizitatea dute. Era guztietako produktuak iragartzen dituzte: viagra, toner kartutxoak edo satelite telebista ikusteko dekodifikatzaile piratak. Beste mezu batzuetan, egun gutxitan aberasteko proposamen xelebreak helduko zaizkigu ahalik eta posta helbide gehienak bilduz eta spam mezuak igortzen, esaterako. Beste asko sexuari buruzko webguneak bisitatzeko gonbitak dira. Gezurrezko ume gaixoei buruzkoak edo birusen gaineko abisu faltsuak ere askotan spam moduan hartzen dira, ez baitira guk eskatutakoak.
Domeus.es enpresak eginiko inkesta baten arabera, Espainiako internautek, bataz beste, bi spam mezu jasotzen dituzte egunero, baina askok kopuru hori baino askoz gehiago garbitu behar izaten dituzte egunero euren postontzi elektronikoa zabaldu ostean. Hainbatentzako egundoko lanak ematen ditu zeregin horrek. Ikerketa berak dioenez, internauten %83 spam-a legez debekatzearen alde daude eta soilik %7k diote egungo legeak ondo daudela, ez dela zertan debekatu.
Lege berriaren aurreproiektuak gogortu ditu hasieran gai honekiko aurreikusten zituen neurriak. Esaterako, hasieran spam-a baimentzeko xedea zuen gobernuak, baldin eta mezuen goiburuan publi edo publicidad idatzita ageri bazen. Azkenean, ordea, debekatuta egongo da eskatu bako mezuak bidaltzea jasotzaileak aldez aurretiko baimena eman ez badu. Gogortze horrek AI eta AUI internauten elkarteen babesa eta oniritzia jaso du, ez ordea merkataritza elektronikoaren elkartearena (AECE). Aldaketa elkarte hauekin bildu ostean egin du ministerioak, konexio gastuak jasotzaileak ordaintzen dituela argudiatuta.
Momentuz, badira e-posta bidezko marketing enpresa batzuk spam-a egiten dutenak baina mezuen amaieran halako testu bat dakartenak: «S.1618 dekretuaren arabera, zerrendatik ezabatzeko modua eskaintzen duten mezuak ez dira spam izango eta mezu honek araudi hori jarraitzen du». Halabaina, internauta batek El spam ya es delito izenburupean argitu duenez, testu hori ez da egiazkoa, ez dago gai honen gaineko nazioarteko legedirik eta izen horrekin EEBBetako lege proposamena dago, ez da oraindik legea eta bakarrik herrialde hartarako izango litzateke. Gainera, askotan zerrendatik kentzeko lotura jarraitu arren ez gaituzte zerrendatik ezabatuko eta mezuak jasotzen segituko dugu.
Euren buruak zuritzeko spammerren ahalegin hauek ez dira baliagarriak izango legea aurreikusita dagoen bezala indarrean sartzen bada. Baina egia da ere oso zaila izango dela praktika hau gelditzea, zibergaizkileak harrapatzea edo argitalpenak zentsuratzea zaila den bezala, spam-a gelditzea ezinezkoa izango da herri baterako bakarrik balio duten legeek indar gutxi baitute mundu zabaleko sarean. EEBBetatik bidaliz gero ez da ilegala izango eta gure postontzira berdin helduko da telezaborra. Horregatik Europa osorako legedia sortu nahi du EuroCAUCE elkarteak (European Coalition Against Unsolicited Commercial Email).
Zer egin
Hasiera batean horrelako mezuak jaso dituzten internauta askok mezu horiek erantzuteko lana hartzen dute, mesedez berriz halakorik ez bidaltzeko eskatuz. Esperientziadunek diotenez, ordea, erantzuteak ez du ezer onerako balio, ezbada spammerrek horrela helbide hori badabilela eta mezuak norbaitengana heltzen direla egiaztatzeko.
Spam-a ekiditeko hainbat aholku ematen ditu domeus.es-ek: norberaren helbidea leku publikoetan ez uztea (chat-etan, berri taldeetan eta foro edo eztabaidaguneetan); ezezagunengandik jasotako mezuak ezabatzea, ez badira iturri sinesgarri batek bidaliak eta, azkenik, mezu bat lagun askori bidaltzean euren helbideak CC eremuan ipini beharrean, CCO eremuan kopia itsua esaten zaiona egitea, besteek helbideak har ez ditzaten.
El spam ya es delito
videosoft.tripod.com/30-12-00.htm
AI
www.internautas.org
CAUCE
www.euro.cauce.org
Domeus
www.domeus.es