2001ko maiatzak 16, Asteazkena | UNInet |

LSSI legea, sarea zentsuratzeko

Internet kontrolpean ezartzeko lege berria Espainian

Espainiako gobernua Interneteko hainbat zerbitzu arautuko dituen LSSI legea (Informazioaren eta Merkataritza Elektronikoaren Gizartearen Zerbitzuen Legea) prestatzen ari da. Aurreproiektua aurkeztu berri du gobernuak eta haren kontrako erreakzio sutsua altxatu da Kriptopolis.com segurtasun informatikoari buruzko aldizkari digitalaren eskutik.

Internet oso eremu librea adierazpen askatasunari dagokionean. Edozein gauza esan eta idatz daitekee, printzipioz inolako mugarik gabe. Sarean eremu geografikoak eta geopolitikoak garrantzi handirik ez du, gure webguneko informazioa dagoen makina non dagoen. Hala ere, ordenagailu hori fisikoki dagoen herrialdean eduki horiek debekatzen badituzte, gerta dakigukeen gauzarik larriena webgunea beste herrialde batean dagoen beste ordenagailu batera eraman behar izatea da. Hala ere, informazioa beste nonbait kokatu arren, gure herrialdeko justiziak eta poliziek gu arduradun moduan zigortuko gaituzten beldurrak autozentsura eragin dezake. Zigorra gugan gauzatzen bada zentsura izango da, besterik gabe.

Iragan astean azaldu genuen spam-aren arazoa artezteko lege moduan aurkeztu du Espainiako gobernuak legearen aurreproiektua. Norberak eskatu gabe postontzira heltzen zaizkion mezu komertzialen edo zabor mezuen oldea gelditzeko xedea izango du, itxura batean, LSSI lege berriak, merkataritza elektronikoa arautzeaz gain. Baina Kriptopolis-eko Carlos Sanchez Almeida abokatuak azaldu duenez, spam-a arautu behar hori «amarrua baino ez da, legeak dioen gainontzeko guztia oharkabean pasa dadin».

Kriptopolis sarean intimitatearen, segurtasunaren eta adierazpen askatasunaren gainean jarduten duen atari tematikoa da. Bertan idatzi ohi dute, besteak beste, Carlos Sanchez Almeida hackerren abokatu famatuak eta Juan Carlos Garcia Cuartangok, Windows sistema eragilearen segurtasunean hainbat zulo aurkitu dituen informatikari adituak.

Aurreproiektua aztertu ondoren sutu egin dira Kriptopolisekoak eta lege horren kontrako sekulako kanpaina jarri dute martxan, «lege hau onartzekotan gure webgunearen ixtea ekarriko luketeelako eta Espainiako Internet librearen azkena». Maiatzaren 8an aldizkariaren azala guztiz aldatu zuten, LSSIren aurkako webgune monografikoa bihurtuta. Buletin berezia osatu eta 25.000 laguni bidali zieten, lege proiektuaren eta kanpainaren berri emanez. Kriptopolis-eko zuzendari Jose Manuel Gomezek aktibismorako deia egin zuen LSSIren aurka eta Internautei dei egin zien «erabateko gerra» egin dezaten.

Besteak beste, kanpainako webgunean eztabaida foroak, aurreproiektuaren analisiak eta zientzia eta teknologia ministroari mezuak bidaltzeko ereduak daude, «Ez dira pasako: faxismo digitala» bezalako izenburuak dituztenak. Honek guztiak kriptopolis.com helbidean sortu duen trafikoa arintzeko webgunearen 55 ispilu sortu dira beste hainbat zerbitzaritan.

Sanchez Almeidak bere azterketan dioenez, aurreproiektuaren 10. artikuluak dioenez, Interneten bidezko edozein zerbitzu eman nahi duenak izena eman beharko du erregistro batean, sarean jarduera ekonomikoak egiteko zein domeinu erabiliko duen adieraziz. «Denak ziberpoliziak bihurtuko dira 12. artikuluaren aginduz, bestela 100 milioi pezetako isuna jasoko baitute», dio Almeidak. Kriptopolis-ek edo beste edozein aldizkarik egiten duen bezala, informazioa ematea ere jarduera ekonomikotzat hartuko da eta hor dago legearen tranpa Almeidaren iritziz. Jose Manuel Gomezen aburuz, berriz, LSSI legea «orain arte ikusi dudan azpijokorik zikinena da. Oraindanik gelditzen ez badugu, egun dugun edozein askatasun gogo ahantz dezakegu».

Beste eztabaida foro batzuetan ere izan du oihartzunik Kriptopolisen kanpainak. Foro-Bilbao eztabaida taldean, adibidez, @Euskadi buletina egiten duen Jose Antonio Del Moral ez dator bat Kriptopolisen interpretazioarekin, kanpaina «neurrigabea» dela esanez: «Legearen testua irakurriz gero konturatuko zarete artikuluak dioena exageratu dutela era absurdo eta susmagarrian». Kriptografian eta segurtasun gaietan aditua den Eugenio Garcia-Salmonesek, berriz, lege honen araudipean «informazioa ematen duen edozein webgune» sartzen dela gogoratu du, legearen aipua eginez. Legearen arabera «informazioaren gizartearen zerbitzutzat» hartuko da «informazioa online ematea». «Beraz, oporretako argazkiak dituen nire emaztearen webgunea aurreproiektuaren interpretazioaren arabera hor sartzen da», dio Garcia-Salmonesek.

Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Bilbao Foroa
es.egroups.com/group/foro-bilbao
Garcia-Salmones
www.ctsecurity.com
Espainiako ministerioa
www.mcyt.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner