2001ko maiatzak 23, Asteazkena | UNInet |

Zientzia aldizkariak

Zientziaren dibulgaziorako tresna egokia da sarea

Zientziaren zabalkunderako komunikabide aproposa da Internet. Edizio gastuak murrizteaz gain, informazioa aukeratzeko modua ematen diote irakurleari. Guretzat interesgarriak diren artikuluak irakurtzeko ez dugu aldizkari osoa erosi behar. Ekonomikoagoa eta ekologikoagoa ere bada, paper gastua ere izugarri gutxitzen baitu edizio digitalak, baina ez da hori bakarrik, sareak hainbat ezaugarri ditu zientziaren hedapenerako tresna perfektua egiten dutenak.

Oraindik zientzia zabalkunde aldizkariak jakintzaren hedapenerako tresna nagusia dira baina oso eremu murritza dute, irakurleen kopurua eta hedapen geografikoa murritzak dira. Bi gastu nagusi dituzte zientzia aldizkariek: inprenta gastuak eta posta. Aldizkari guztiek papera eta inpresioa behar dute baina aldizkari zientifikoetan postak sekulako pisua izan ohi du.

Interneten agerpenak bi gastu hauek ezabatu ditu eta horrek azaltzen du zientzia aldizkariak denak arrapaladan sarera igaro izana. Baina, bide batez, eremu geografikoa desagertzen da eta aldizkaria mundu osora heltzen da. Irakurlego fidelagoa dute honelako aldizkariek eta gehienek sarerako sarbidea dute euren unibertsitate eta laborategietan, nekazaritzari buruzko aldizkarietako irakurle gehienek ez bezala, esaterako.

Testu idatziez gain, irudiak eta bideoak balia daitezke sarean. Irudien gordailu moduan sareak duen balioa frogatu zuen The Visible Human proiektuak, gizaki baten gorpu izoztuari burutik oinetara milimetrotako sekzio xerrei ateratako milaka argazkiren bildumak.

Zientziaren dibulgazioan aldizkari ezberdinak daude, berezitasun mailaren arabera, baina denak sarera igaro dira. Publiko zabalarentzat egiten diren aldizkari komertzialak, sakontasun gutxiko erreportaiak eskaintzen dituztenak eta sentsazionalismo puntu bat ere badutenak daude alde batean, discovery.com edo muyinteresante.es kasu. Bestean, unibertsitateetako ikerketa zentruek argitaratzen dituzten buletinak daude, adreiluak bezala ezagunagoak direnak. Muztur bien artean eduki, mami eta baliabide ezberdinak dituzten ehunka zientzia aldizkari daude sarean.

Ezagunena Scientific American dugu, bere ehun urteko ibilbidearekin, baina badira gehiago. Batzuk orokorrak dira eta besteak medikuntza, astronomia, historia, neurologia, paleontologia... Ehunka adibide eman daitezke.

Gure artean ere joera jarraituz sortu da Zientzia.net, Elhuyar elkartearen eskutik. Denetariko informazioak aurki ditzakegu euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta zientziaren nazioarteko hizkuntza den ingelesez. Zientziaren euskal atari honetan gaiak hizkuntzaren edo gaiaren arabera ikus ditzakegu eta bilaketak egin. Paperezko edizioaren edukien aukera bat dakarren Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariaren bertsio digitala ere ikus dezakegu bertan.

Sareak edizio gastuak murrizten dituenez, ez da beharrezkoa aldizkari boteretsua izatea aldizkari digital bat abian jartzeko. Nahikoa da sarea ezagutzea eta zientziari buruzko jakintza hedatu nahi izatea. Alex Fernandez Muerza zientzia kazetari bilbotarrak abian jarri duen Divulcat aldizkaria horren adibide argia da. Kolaboratzaileen talde bat bildu du eta hainbat elkarrizketa, iritzi eta albiste interesgarri biltzen ditu bere aldizkarian, sareko beste zenbait lekutan dauden informazio interesgarrietarako loturekin batera.

Albisteak aipatu ditugu eta, noski, jakintza eta aurkikuntzak azkar hedatzea ere oso garrantzitsua da. Internetek hori lortzen du, paperezko aldizkariak ez bezala, eta oso tresna baliagarriak dira weblog-ak zeregin honetarako. Adibidez, 100cia aldizkarian baimendutako kolaboratzaileen taldea dago eta hauetako bakoitzak bere albistea nahi duenean ipintzen du, bere kabuz. Erabateko bapatekotasuna.

Divulcat-en gogoeta egiten du Alex Fernandezek zientziaren hedapena hobetzearen beharraren inguruan. Informazio orokorreko albistegietan ez dira sarritan zientziari buruzko informazioak agertzen, bere aburuz, «ez zaizkielako horretarako erraztasunak ematen». Informazioak modu erakargarrian aurkezteko mamurtuta eskaini behar zaizkie hedabideei, euren hizkuntzara itzulita eta irudiz apainduta, halako informazioaren B2B bat, unibertsitatetik hedabideetara. Lan hori egin nahi du Espainian RedIriseko Guia de expertos-ek kazetariei informazioak aurkeztuz. Europan gauza bera egiten du Alpha Galileo-k eta EEBBetan adituentzako beste adituek prestatutako informazioak daude eskuragarri Eurekalert webgunean.


Scientific American
www.sciam.com
Scientific American Medicine
www.samed.com
The Visible Human Project
www.nlm.nih.gov/research/visible
Zientzia.net
www.zientzia.net
Divulcat
www.divulcat.com
100cia
www.100cia.com
Guia de expertos
expertos.rediris.es
Alpha Galileo
www.alphagalileo.com
Eurekalert
www.eurekalert.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner