2001ko maiatzak 30, Asteazkena | UNInet |

Birus batek euskalgintza jo du

Iragan astean hainbat ordenagailutara hedatu den birus baten berri izan genuen EuskaraZ eta Irratilibre posta zerrendetan. Birusak gutxienez Euskalkidetza, Bilbo Hiria Irratia, Molotoff Irratia eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordenagailuak hartu ditu eta etengabe hedatzen ari da beste ordenagailu batzuetara.

Birusa W32/Disemboweler edo W32/Magistr@mm izenekin ezaguna da eta eragin du iragan astean aipatu ordenagailuek euren posta helbideetatik birusa daramaten mezuak beste hainbatetara bidaltzea. Mezu horiek ezagutzeko nahiko errazak dira: alde batetik mezuaren gaia eta testua zentzugabeak izan ohi direlako, birusak ausaz aukeratzen baititu disko gogorrean dugun edozein testutik. Bestetik, mezuari atxekita .EXE amaiera duen artxiboa doa eta jasotzaileak berau zabaltzen badu, kutsatuta geratuko da bera ere.

Esperientziarik gabeko erabiltzaile askok amarua irentsi eta birusa dakarren exekutagarrian klik egiten dute, mezua lagun batek bidalia denez konfidantza ematen duelako. Esaterako, Bilbo Hirian norbaitek aktibatu zuen birusa Euskalkidetzatik "Euskarazko irakasle izateko" goiburuko mezua jaso ostean. Baina mezua ordenagailuak bidali du bere kabuz eta gainera e-posta programan (gehienetan Outlook Express) ez du bere lanaren arrastorik uzten.

Panda Sotware antibirusak martxoaren 3an gehitu zuen Disemboweler bere birusen zerrendara, baina aste bi beranduago prentsa ohar batean adierazi zutenez, «oraindik hedatzen ari da, erabiltzaileek ez baitiuzte oraino behar diren neurriak hartu». Birusak ez du aparteko kalterik sortzen disko gogorrean eta horregatik, kentzen ez dugun bitartean lanean segiko du, gure posta programaren edozein ataletan aurkitzen dituen helbideak ausaz hartuz eta mezuak bidaliz.

Prebentzio neurria gure ordenagailuan antibirusa instalatzea da, baina horrelakorik ez duenak edo nahi ez duenak Panda Software-ren webgunean dagoen online desinfekzio tresna erabil dezake doan. Berriz kutsatuta ez gertatzeko, orokorrean, jasotzen ditugun mezuek atxekita .EXE amaiera duen artxiboa badakarte, artxibo horiek ez zabaltzeko gomendatzen dute, lagunek bidaliak diruditenak barne.

Desinfektatzeko
www.pandasoftware.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner