2001ko maiatzak 30, Asteazkena | UNInet |

e-JUDO: Nabigazio gidatua

Sarean besteen nabigazioak jarraitzeko aukera

Funtsean, gidari funtzioa duen beste batek egiten duen nabigazioa jarraitzea da. Baina zertarako? Zergatik? Kontua da, e-judoko kideen iritziz, «nabigatzea iritzia ematea» dela. Besteek ikus ditzaten webgune batzuk edo besteak aukeratzen, e-judokak iritzia sortzen ari dira Interneten. «Euren webgune gustokoenak, arrazoiren bategatik bereziak iruditzen zaizkienak, zeintzuk diren adierazteko modu bat da». Internauta sartu berria adibidez, edo gai zehatz batean murgildu nahi duenak eskertuko du aditu baten eskutik leku interesgarriak ezagutzea. Interesatzen zaizkigun gauzak bilatzaileetan topatzearen alternatiba ona izan daiteke e-judo, pertsonalizatua.

Printzipio hori gauzatzeko, Navegacion Guia (NG) edo gida nabigazio bat aukeratu behar dugu. Beste pertsona baten nabigazioa espiatzeko nahikoa da NGen menuan bat aukeratzea. Judokak joku honetan gauden denak gara, baina erregistratzen direnak gidari bihur daitezke eta NG bat sortu, besteek segi dezaten. Esaterako, Karramarro ezizeneko batek interesgarria diruen Virus izeneko nabigazioa egin du, birus informatikoei buruz seguruenik. Gainera, Karramarro hau hilabeteko judoka aukeratu dute, beraz, bere nabigazioa segiko dugu.

Virus izeneko NG hau aukeratu ostean, bi leiho zabalduko zaizkigu: bat handia da eta bertan ageriko zaizkigu Karramarro-k guk ikus ditzagun aukeratu dituen irudiak edo webgunean. Txikiagoa den bestean, handian ikusten denaren helbidea eta haren gaineko komentarioak irakurri ahal izango ditugu. Musika ekipokoen antzerako ikurrak ageriko zaizkigu, nabigazioan aurrera eta atzera egiteko edo hasierako orrialdera bueltatzeko. Hala, birusek sortutako pantailen irudiak ikusiko ditugu kasu honetan, oso interesgarria.

Karramarro-k guretzat antolatu duen 14. NGa da hau eta agian horregatik aukeratu dute bere 903 jarraitzaileek. Hala ere, webgunean egin dioten elkarrizketa batean dioenez, «nire jarraitzaileak nolakoak diren ez dut ideiarik». Berak eginiko beste nabigazio batzuek ridiela.com, Puerto Hurraco Bros. edo Alternativas a Napster gisako izenburuak dituzte. Beste gidari batzuk ere badira, Anna, Ur eta Biz kasu. Bakoitzak bere NGak sortzen ditu eta batzuk interesgarriagoak izango dira besteak baino. Baina litekeena interesgarriak izatea da, bestela ez lukete jendeari erakusteko lana hartuko.

Bilbon sortua

Bilbon sortutako enpresa da e-Judo. Lan Ekintzaren laguntzarekin abian jarritako start-up (hasi berria) enpresa bat da, azken aldian sortu diren beste asko bezala Interneterako edukiak sortzen berezitua eta e-judo produktu honetan zentratua. Leandro Alzate eta Andre Hernandez gidari dituen lan taldea haziz doa eta jada 15 langile daude Victor kaleko 4.ean. Oso tresna berezia da sortu duten e-judo produktu hau eta berez funtziona dezake, e-judo bezala, zein atari batean integratua.

e-Judo
www.e-judo.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner