2001ko abenduak 29, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Komikiak berrasmatzen
Gogoetak komikien etorkizun digitalaz
Scott McCloud-ek komikigile profesionala izatea erabaki zuen 15 urte zituela. Hori baino gehiago bilakatu da 26 urte geroago, komikigintzaren gaineko pentsalari eta teorialaria alegia. Bere gogoetak, hoba ez, komikien bidez adierazi zituen 1993an Understanding comics izeneko 216 orrialdeko saiakeran. Liburua haize berria izan zen bere burua aztertzen ohituta ez zegoen komikien industriarentzat. Lanerako teoria bateratua proposatu zuen adierazpide honen aurrekari historikoez, bere hiztegi bisualari buruz eta komikiak artearen mundu zabalagoan behar duen lekuari buruz.
Iaz, Reinventing Comics argitaratu zuen McCloud-ek, bere teorien eta jarreren eguneratzea teknologia berrien aroan. Izan ere, Komikien Mac Luhan deitu izan duten lagun hau erabat sartuta dago komikigintza digitalean eta profesionalen biziraupenerako bidea hortxe dakusa. Inor gutxik sinisten dion mikroordainketa sistema baten bidea bultzatu nahi du, temati, argitaratzaile-bitartekariak zein sareko publizitate kantsagarria kentzeko bidea delakoan.
Baina ekonomiaz ezezik formari buruz bere proposamenak eta gogoetak baditu Scott McCloud-ek. Mundu digitalaren orakuloa den Wired aldizkariaren azken zenbakian elkarrizketa egin diote eta berak komikien bidez erantzun ditu galderok. Lanbide honen hainbat alderdiri buruz Internetek eta teknologia berrien aurrerapenak dakartzaten onurak aipatu ditu. Hasteko, sarean publikatzearen bat-batekotasunari harrigarria deritzo: «webkomikia amaitu eta handik hamar minutura nire irakurleen iritziak irakurtzen egon naiteke». Interaktibitate horri esker bere istorioetarako iradokizunak ere jasotzen ditu e-postaren bidez.
Bestetik, lan egiteko era ere aldatu du McCloud-ek. Lehen, «argitik ilunera» marrazten zuen, arkatzetik lumara eta handik kolorera. Egun, bere Macintosh-aren aurrean, dozenaka kapa dituzten artxibo grafikoekin lan egiten du. Oihalaren edo paperaren formaren diktaduratik libre da egun McCloud, koadro bakoitzaren forma ez du zertan egokitu behar orrialdean geratzen zaion formari eta espazio zuriekin espazioa gastatzerari beldurrik ez du. Hori irakurleei grafikoki erakutsi die bi metro altuko koadro bat eginez, edo bidea aukera dezakegun istorio paraleloak eginez.
Paperezko komikigintza ez da desagertuko McCloud-en iritziz, eremu biak ez baitira lehiakideak. Paperezkoan argitaratzen denak kalitate bahea igaro du, baina bahe horrek kanpoan uzten ditu askotan kalitate handia duten lanak, bestelako irizpide ideologiko eta ekonomikoak erabiltzen baitituzte argitaratzaileek. Industria horretako monopolio handien mesfidantza horretan oinarritu daiteke. Batzuk arriskutsuegiak ei dira eta beste batzuk oso irakurlego zehatzerako eginak.
Eremu digitalean soilik izan daitezke beste komiki batzuk ere eta ez soilik euren gaia zentsuragarria delako, adibidez, istorio luzeagoak edo koadroen forma bereziak dituztenak. Beherako adibide batzuk aipatuko ditugu. Flash-a eta animazioak eremu digitalean soilik egin daitezke, komikiaren eta marrazki bizidunen arteko aukera zabalduz, baina Flasha denboran oinarritzen da, soinua eta mugimendua gehituz. Komikian, berriz, denbora espazio estatikoaren bidez adierazten da. Komikigintza digitalean, McCloud-en iritziz, beste beharrizan batzuk badira. Esaterako, komikian dinamikoki nabigatzeko aukera, koadroetan zoom in eta out egiteko aukera edo ikusitakoa adierazteko markak uztekoa.
Bere webgunearen baitan, online komikien atalean I Can't Stop Thinking! aurki dezakegu, komikigintza digitalaren gainean bere gogoetak biltzen ditu, liburuari jarraipena emanez.
www.scottmccloud.com
www.thecomicreader.com
www.e-sheep.com
www.leisuretown.com
www.sinfest.net
www.penny-arcade.com
www.pvp-online.com<