2001ko azaroak 24, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Software librea

Jakintza eta tresnak doan edonoren esku

Ez zait gustatzen informatikari buruz idaztea, ezbaitaukat ideia handirik eta ezbaitut eduki nahi. Herri honetan bagara teknofilo koadrilla bat aspaldion Internet komunikabide bezala bere alderdi teknikotik ezberdintzeko borroka desesperatuan ari garena. Arrazoia argia da beste aurrerapen teknologikoen bilakaera kontutan hartzen badugu. Komunikabide guztien historian gertatu den prozesua gertatzen ari da sarearekin ere. Hasieran zinema, irratia eta telebista alderdi zientifiko eta teknikoaren baitan sortu eta garatu ziren. Zinemaren kasuan, hasieran produktu kimikoak, argiaren ikerketa, erreakzioak eta horrelako gauzekin lotzen zituen jendeak asmakizuna.

Gaur egun zinema aipatzean Hollywood, laburmetraiak, aktoreak eta horrelako gauzak datozkigu burura, ez fotoiak eta fotogramak. Era berean, egun irratia egiten dutenek ez dute zertan elektronikari buruz jakin behar, ezta telebistan agertzen direnak ere. Garapenaren ezaugarria da, beraz, edukiak nabarmentzea eta azpian dauden teknologia eta teknika bigarren mailan uztea. Halabaina, gurean oraindik bada edukiak eta komunikabideak alde batetik eta bestetik haien oinarri teknologiko eta teknikoak nahasten dituen jenderik.

EEBBetan aspaldi konturatu ziren komunikabide honen abantailez eta edukiei erreparatzen diete, komunikazioari. Gizarte digitalean kazetariak, artistak, merkatariak eta beste asko dabiltza, bakoitza hobekien dakiena egiten. Wired bezalako aldizkarietan ondo islatzen da horrelako gizarte heterogeneoa. Gurean heldutasun falta nagusi bada ere, adibide duinak ditugu Bitniks bezalako argitalpenetan.

Hala ere, gizarte digitalak eta informatikak bat egiten duten eremu interesgarri bat aipatu beharra dago: software librea. Konnotazio sozialak, kulturalak eta politikoak ditu, jarrera irekia eta ikuspegi zabala duenez gero eta komunikazio arloan ere indar handia du tresna eta mintzagai bezala. Esan daiteke software librea gizarte mugimendu eta pentsamoldea dela. Funtsean softwarea, ordenagailuetako programak doan egitea, elkartrukatzea eta informatikarien artean hobetzea dela, denen ekarpenak bilduz.

Linux sistema eragilea da software librearen ikur nagusia. Windows sistemaren alternatibarik ez dela uste duen masaren ondoan bada iluminatu talde bat askoz sistema egonkorragoa eta indartsuagoa erabiltzen duena. Doan eskuratu dute gehienek eta ez diote inori lizentziarik ordaindu behar. Gainera, euren ekarpenekin hobe dezakete produktua, ezer kobratu barik, noski.

Filosofia berarekin Linux ezezik programa asko ari dira garatzen, era guztietakoak. Informatikatik harago, ikuspegi partehartzaile bera komunikazio arlora kutsatu da, zenbait webgune informatibo internautek eurek eginak dira, bakoitza bere ekarpenekin eta berauek antolatzeko sistemak, nola ez, software librekoak dira. Adibide ugari dira, Slashdot amerikarra eta haren bertsio espainiarra den Barrapunto erreferentzia izan dira hemen agertu berri den sustatu.com euskaldunarentzat.

Linux sekulako indarra hartzen ari da, Apache zerbitzariak sarean erabilienak dira, gero eta software libreko albistegi eta weblog gehiago daude, PHPNuke-n eginiko MCDren webgunea edo Gaztekaria kasu. Fenomeno honek azken aldian hartu duen indarraren adierazle, gaur, Software Libreari Buruzko I. Euskal Mintegia izango dugu Eibarren, UEUk antolatuta.

www.slashdot.org
www.barrapunto.com
www.phpnuke.org
www.imbecil.com
www.nodo50.org/gaztekaria
www.sustatu.com
www.zope.org
www.ueu.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner