2001ko urriak 27, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Netochka Nezvanova

Net.artearen aitzindaria da Mail art-a

Postaren bidez igorritako arteari dagokio Mail Art izendapena. Dirudienez, artearen adierazpide hau Marcel Duchamp-ek abiatu zuen 1916an, bere ideiak postaletan bidali zituenean. Hortik aurrera izugarri hazi zen eta egun sekulako sarea osatzen du. Gutunetan eta zigiluetan, ale bakarrean zein milaka laguni igorritako kopietan, postari lotutako arteak garapen handia izan zuen.

Ray Johnson-ek New York Correspondence School zabaldu zuen 60ko urteen hasieran. Johnsonen aldekoek diotenez, mail art-a «artearen historian izan den nazioarteko komunitaterik handiena izan da, mugimendurik inportanteena». Gehiegi da hori esatea baina bere garrantzia izan zuen garai hartan pop artearen eremuan zegoen arte mota honek, artean Internet ez zegoela inoren gogoan.

1991tik 1993ra, geroago America Online bezala ezagutuko zen Prodigy sarean arte epistolarraren lehendabiziko online komunitatea sortu zen baina BBS hori ez zen heltzen EEBBetako artista batzuengana baino. Interneten etorrerarekin, mundu osoko posta artisten sareak eremu berria aurkitu zuen adierazpenerako eta ideien elkartrukerako.

Posta zerrendak eta eztabaida foroak sortu dira 1994tik hona, esaterako, Netshaker Online e-zinea, posta elektronikoaren bidez banatua. Horietako batzutan hasi ziren agertzen pertsona misteriotsu batek bidalitako mezuak. Hiru bat mezu ziren egunero eta bidaltzaileak hasieran =cw4t7abs izena zuen, geroago antiorp, integer, a9ff, f1f0 eta, azkenik, Dostoievskyren pertsonaia batengandik hartutako Netochka Nezvanova. Erraza zen egile bera zutela ondorioztatzea, denek antzeko itxura zutelako. Artxibo ustelak ziruditen denek, hau da, lehenago ondo egon dena baina akats baten ondorioz eraldatua izan dena, honela: m9ndfukc.macht.fre!. > > > - | | - - | | - > fr2ktur | | - - | | - >. Posta arteari buruzko mezu elektronikoetatik arte mezu elektronikoetara igarotzeko urratsa izan zen hau, mail Art-etik e-mail artera.

Hortik aurrera mitoa garatu zen, egungo ospea lortu arte. San Franciscon Interneteko 25 emakumerik garrantzitsuenetakoa aukeratu duten artista elektronikoaren benetako nortasunari buruzko espekulazioek areagotu dute haren oihartzuna, ez baitago argi emakumezkoa denik eta pertsona bakarra denik, net.art kolektiboa izatea baita litekeena. Agerraldi publikoetan aldiro pertsona ezberdinek ordezkatzen dute Netochka Nezvanova, duela urte eta erdi Montrealen berak sortutako NATO.0+55+3d softwarea aurkeztu zuenetik. Software horrek grafikoak sortzeko aukerak biderkatzen ditu, soinua moldatzeko aukerekin, multimedia artistentzat aproposa. Natorekin hainbat motatako bideoa eta audioa garraia daitezke eta datuak era artistiko batean eraldatu: kolorea soinu bihurtu, soinua kolore, mugimendua zenbakitan, iruditan edo musikan.

Baliabide horrekin egindako lanik garrantzitsuenak ekainean aurkeztu zituen Nezvanovak aurtengo Sonar jaialdian, Cinematik-ekin batera. Cinematik ASCII cinema delakoaren Java aplikazioa da. Adibide bat ikus dezakegu Nezvanovaren webgunearen propaganda atalean. Ekoizpen hauek ikusita eta bere webguneak ikusita, pentsatzekoa da egilea teknologikoki oso garatutako artisten kolektiboa dela. Bide batez, Netochka Nezvanovaren itzulpena izengabeko inor ez da, gutxi gora behera.

Nezvanova
www.m9ndfukc.com
http://m9ndfukc.com/propaganda
www.eusocial.com
The Electronic Museum of Mail Art
www.actlab.utexas.edu/emma

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner