2001ko irailak 29, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Ars Electronica
Nor ari da egiten egun etorkizuneko artea?
Austriako Linz hirian egin zuten hilabete hasieran, irailaren 1etik 6ra, aurtengo Ars Electronica. Baina izena gora behera, ez da festibal berria, 1979tik hona arte elektronikoaren mundu mailako erreferentzia nagusia baita. Hasieran bakarra zen, urte hartan gutxi baiziren elektronika erabiliz artea egin zitekeela pentsatzen zuten bisionarioak. «Artea, teknologia eta gizartea» osagarri dituen hitzorduak lan handia egin du hau uler genezan. Artean Interneten boom-a urrun zegoelarik, ziber fenomenoa sortu aurretik, ordenagailuz eginiko irudiak, techno musika eta elektronikaren aplikazio artistikoa bultzatu nahi zuen zoro koadrillak sortu zuen, ordurarte Hitler-en sorterria izatea beste meriturik ez zuen hirian.
Urtero gai baten inguruan antolatzen dute Ars Electronica, sorkuntzaren eta eztabaiden gaia izan dadin. Iaz sexua aukeratu zuten antolatzaileek Next sex izenburupean eta genetika izan zen izarra. Nobuya Unno japoniar ginekologoak denak harritu zituen bere Extrauterine Fetalincubation instalazioarekin, kumeki baten hazkunde artifiziala erakutsiz. Espermatozoideen lasterketa bat erakusten zuen instalazioa ikusi ahal izan zuten bisitariek. Bertan, gizonezko bisitariek hazia eman zezaketen eta, ondoren, bakoitzarena zenbaki batekin ipintzen zen lasterketa egiteko, izengabea izan zedin. Lasterketa mikroskopio bidez jarraitu ahal zen eta emakumezkoek apostuak egiteko aukera zuten. Irabazlearen hazia banku batean gordetzen zen geroago, kriogenizatuta.
Aurtengo edizioaren leloa Nor ari da egiten egun etorkizuneko artea? galdera izan da eta badirudi erantzuna ez dela oso pozgarria izango artistentzat, festibalak ondorioztatu duenez, egun etorkizuneko artea egiten ari direnak ez baitakite artistak direnik ere. Web diseinatzaileak eta bideojoko egileak izan dira sarituak eta aitatuak eta hori antolakuntzak egin duen gogoetaren ondorio zuzena da: «Artearen munduan sartzeko erritual tradizionalek ez dute jada garrantzirik eta artista asko ez dira arduratzen artearen stablishment-ak emaniko akreditazioa lortzeagatik» diote euren webgunean, galdera nagusia azaltzeko ponentzian.
Dirudienez, beste sektore horiek sorkuntza artistikoa egiten dute, arte hitzaren Copyright-a dutenek onartu nahi ez duten arren. Marraren alde batean net artistak daude, arte fakultateetatik datozenak eta, bestetik, abangoardiako web diseinatzaileak eta bideojoko egileak. Zentzu zabalago batean bideojokalariak, publizistak, ingeniari eta zientzialariak ere egon daitezke, iazko instalazioek frogatu zutenez. Aurtengo hitzaldietan Benetton-en kanpainak sortu zituen Oliviero Toscani izan da eta Massachusets Institute of Technology ospetsuko ingeniariek instalazioak jarri dituzte.
Ordenagailu bidezko jokoen sorkuntzari bederatzigarren artea esan izan diote batzuek. Izan ere, Sortzaile kopururik handienetakoa biltzen da egun aisialdi elektronikoaren industrian. Hori berretsi dute festibalak ematen dituen Golden Nica sariek. Flash-en eginiko Banja jokoak irabazi du interaktibitatearen saria eta Net Excellence saria Joshua Davis munduko web diseinatzailerik famatuenetakoak jaso du. Davis oso famatua da Flash diseinatzaileen artean gero eta gehiago daude Euskal Herrian eta bere Praystation webguneari eman diote saria.
Ars Electronica Center
www.aec.at
Ars Electronica
www.aec.at/festival2001
SpermRace
www.aec.at/nextsex/spermrace
Praystation
www.praystation.com