2001ko uztailak 21, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
2001 odisea pertsonala
Nork bere bertsioa egin dezake sarean
Stanley Kubrik zenaren urtea da aurtengoa, bere 2001: a space odyssey filma estreinatu zenetik 33 urte bete diren honetan. Gauza jakina da zientzia fikzioak egungo gizarte digitaleko aurrerakuntza askori bidea eman diela, maila teorikoan bederen. Jakina da, halaber, asmakizun asko zientzia fikziotik hartu dituztela gerora garatu dituzten ingeniariek.
Kubrikek, esaterako, telefono mugikorrak eta bideosolasaldiak iragarri zituen bere maisulanean. Egun piztuta dagoen eztabaida sortu zuen, Hal 9000 konputagailuak bezala makinek inoiz arimarik eta sentimendurik japonierazko kansei hitzarekin bataiatu dute kontzeptua izango ote dituzten eta gizakion aurkako erabakiak hartuko dituzten eztabaida.
Baina Kubrikek ez zuen Internet edo antzeko kontzepturik aipatu. Agian hain sinestezina izango zitzaion ezen ez baitzuen imaginatu ere egin informazio sareek egun edukiko zuten garrantzia. Oraindik gu espazioan bizi arte asko falta da, nahiz eta aurten estraineko turista estratosferikoa lurretik at txango laburra egin duen.
Jatorrizko bertsio horren akatsak edo hutsak konpondu nahian, artista digital bik nork bere gustoko bertsioa egin dezan tresna ezarri dute sarean, 201: a space algorithm izenburuko net.art lana. Algoritmoetan oinarritutako edizio sistemak muntaia gure gustora egiteko aukera emango digu webguneko bisitarioi.
Jennifer eta Kevin McCoy senar-emazteek sortu duten programak filmeko bi orduak 607 sekuentziatan banatu dituzte eta hauetako bakoitza lau zatitan banatu dute. Internautak bertsio luzeagoak edo laburragoak sor ditzake sekuentziak luzatuz edo moztuz. Hala, 2000001 bertsioan filmaren iraupena %150 luzatuko luke algoritomoak eta 21 bertsioan %50ra laburtu. Hori egin ostean, internautak sekuentzien ikuskatze ordena aukera dezake, filman bezala, alderantziz edo sekuentziak ausaz tartekatuz. Emaitza nabigatzailean zabalduko zaigun pantaila txiki batean ikus dezakegu.
New York-eko artisten bikoteak sorturiko lanak bertako The Alternative Museum-ek ekoiztu du, arte digitalaren bilgunea den instituzioa berau. McCoytarrak The Verbal Group-eko kideak dira, era honetako artistak biltzen dituen kolektiboa. Sarean aurki dezakegun museo alternatibo honetan antzeko proiektuak biltzen dira, Andreja Kuluncic-en Embryo lana kasu. Honek internautoi gizaki bat birtualki sortzeko gaitasuna emango digu, berarentzat nahi ditugun ezaugarriak bilduko dituen gizakia. Bisitari guztiek sorturiko gizakiak nolakoak izango diren ikusten dugun bitartean badugu datu horiek guztiek benetako gizakion datuekin alderatzeko aukera, amestutako gizarteko eta benetako gizakiok zertan ezberdinak garen ikusteko. Beste sorkuntza proiektu batek Fairy e-tales du izena eta ipuinak aldatzeko aukera ematen du. Zer gertatuko zen Mari errauskinek bere aizpordekin bat egin balu? Edo printzeak amaordearekin?
Baina McCoy bikoteak beste proiektu interesgarri batzuk ere egin ditu, Radio Frankenstein kasu. Hemen, Mary Shelley-ren nobelako pasarteak agertzen dira pantailan eta aldi berean ordenagailuko ahots bat entzuten dugu pasarteok irakurtzen. Berriro etorkizun iluna iragartzen zigun nobela bat, Kubrikena baino askoz zaharragoa eta cyborg generoaren aitzindaritzat hartua dena, sentimenduak zituen haragi puska baten tragedia. Bikotearen beste lan bat Airworld da, ekonomia berriko berbeta tekniko pedantea imitatzen duen tresna automatikoa, berbak hartuz eta kopiatuz ausaz kultura kontsumoaren diskurtso inkoherentea sortzen duen makina zoroa.
201: a space algorythm
www.mccoyspace.com/201
The Alternative Museum
www.alternativemuseum.org
Embryo
embryo.inet.hr
Radio Frankenstein
www.radiofrankenstein.net
Airworld
www.airworld.net