2001ko ekainak 30, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Kultura aldizkariak

Gizarte digitaleko kultura aldizkari libreak

Edonork sor dezake argitalpen bat Interneten. Inprenta gasturik gabe, banaketa arazorik gabe, edizioa bera ez den beste buruhausterik gabe. Beste kontu bat izango da inork gure idatziak irakurriko dituen edo kalitatezko eta kantitatezko produkzio bat mantentzeko dirua lortzea ezinbestekoa bihurtuko zaigula. Eta azken hau lortu duten adibide batzuk badira sarean.

Internet adierazpide duen agerkariak sarritan sarea eta kultura digitala hizpide izatea ez da harritzekoa. Gainera, sarean bertan egiten dira egun puntako arte, sorkuntza eta komunikazio lanak. Gure artean, behin baino gehiagotan aipatu dugun Bitniks aldizkaria dugu adibide, baina badira beste batzuk ere, oso interesgarriak direnak. Bada bere kasa dabilen sortzaile asko, frankotiradoreak, Alex Lamikizek bitnik-ak esango lukeen bezala.

Haietako bat aurkitu dugu, artikulugintza eta gogoetaren arloan. Alberto Vazquez du izena eta bere lanak deabruak.com webgunean biltzen ditu. Berak hainbat aldizkari digitaletan argitaratutako artikuluak dira eta, horri esker, hainbat aldizkari interesgarri aurkitu ditugu loturak jarraituta. Hala, tecnobits.com-eraino eraman gaitu kazetari teknofoboei dedikatutako artikuluak: «oso gutxi dira klabe digitalean pentsatzeko gai diren kazetariak, gehienek faxak bidaltzeko makina guay bat bailitzan ikusten dute Internet, besterik gabe». Kazetari teknofiloek, aldiz, beste ikusmolde bat dute.
«Interneten kazetaria bera da komunikabidea», dio Vazquezek. Bere kolaborazioen esparrua ikusita azkar uler dezakegu baieztapen horren funtsa.

Izan ere, kazetari digitalen, fanzinero digitalen eta artista digitalen zirkulu batzuk sortu dira, soilik edo gehienbat komunikabide digitaletan aritzen direnak. Hala, Vazquezen eskutik babab.com aldizkariraino heldu gara. Mundu digitalaz gaindi, denetariko idazle eta sortzaile ezagunen ekarpenak biltzen dituen aldizkaria da eta literatura, musika, jakintza eta gogoeta ditu osagarri.

Antzeko gaiak jorratzen ditu notodo.com aldizkariak. Oso ona da, gai asko, diseinu bikaina eta gaien primerako aukera ditu. Argazkilaritza, artea, zinema, musika eta bitxikeriak biltzen ditu. La Fabrica-ren lana da Notodo hau, argazkilaritzari buruzko Matador urtekari famatua argitaratzen duena.

Berezituagoak dira ondoren aitatuko ditugunak. Esaterako, Sputnik aldizkari mexikarrak badu kultura digitalari buruzko atal interesgarria. Plastic.com aldizkariak sarean kultura digitalarekin zerikusia duten albisteen aukera ederra eskaintzen digu. Kutsu underground bat du honek, baita weblog moduan antolatuta dauden ondorengoak ere. Weblog-ak baimendutako kolaboratzaileek soilik eta bakoitza dagoen lekutik albisteak bidaltzea ahalbidetzen duten aldizkari automatizatuak dira, soilik informazio interesgarriak dituztenak.

Underground kutsuari lotuta ageri da ere barrapunto.com weblog-a, baina Interneten underground hitza informatikarekin lotuta hartu ohi duen esanahiarekin: hacker, phreaker eta horrelako pirata trebeak dira sareko underground-a. Horrek ematen dien klandestinitate puntuarekin, subersio berria osatzen dute politikoki alternatiboak diren hackerrek. Eta hori ere kultura da. Beraz, argi dago sarean atariak eta pornoa ez diren webgune interesgarri franko ere badirela, kultura bit-etan dago egun.


www.bitniks.es
www.deabruak.com
www.babab.com
www.notodo.com
www.sputnik.com.mx
www.barrapunto.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner