2001ko martxoak 24, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Bulo elektronikoak
Kondaira urbanoak eta abisu faltsuen kultura
New York-eko estoldetan krokodiloak bizi omen dira. Antza, garai batean animalia exotiko hauen kumeak erostea modan zegoen baina, handi egitean arriskutsuak bihurtzen ari zirela ikusita, komuneko zulotik behera bota zituzten euren jabeek. Piztiok orduan bizirik iraun zuten, estoldetako arratoiak eta zaborrak jaten, eta bertan krokodilo zuri eta itsuen arraza berria garatu ei dute dagoeneko.
Kondaira urbanoak Internet sortu baino lehenagokoak dira. Nork ez du entzun neska autoestopista fantasmarena. Gaia ikertu dutenen arabera kondaira urbano honek bere sustraiak aintzinako Egipton ditu, bertan autoa barik gurdia zuen gidariak jasaten baitzuen gurdi istripuan hildako arima bihurriaren txantxa.
Berriki, abiadura handiz zabaldu zen Ricky Martin, neska bat, txakur bat eta pate lata bat protagonista zituen ipuin berria eta honek erakutsi du kondaira faltsu hauek duten hedatzeko gaitasuna. Famatuak dira, halaber, beste batzuk, giza organoen lapurretaz edo turista eta aspilei buruzko pasadizuak kontatzen dituztenak.
Egungo fabulak dira kondaira urbanoak, gag umoretsuak dira batzuk eta besteek gure beldurrak azalerazten dituzte. Sexua, umorea eta beldurra dira euren osagarri nagusiak. Gehienetan jatorri ezezaguna dute eta beti beste batengandik jaso duen norbaitek kontatu dizkigu. Ingelesez FOAF (friend of a friend tales) esaten diete egungo folklorearen zati garrantsitsua bihurtu diren ipuin hauei.
Interneten agerpenak biderkatu du kondaira urbanoen hedapena, genero eta azpigenero berriak sortuz. Hitzetik hortzera ibiltzearen ondoan, PCtik PCra ibiltzea bat batekoa da, ipuinak ez dira aldatzen radio makuto-rekin ez bezala eta segundu batean milaka helbidetara hel daiteke guk hedatutako mezua. Muga geografikorik ezagutzen ez duen sareak globalizatu egiten digu kontakizun hauek.
Askotan, «bidali mezu hau ahalik eta helbide gehienetara» gisako oharrekin amaitzen diren mezu hauek pezetaren karta famatuaren imitazio elektronikoa dira. Gogoratuko ditu irakurleak gutun haiek non, fotokopia baten fotokopiaren fotokopiak zioen karta hark munduari hainbat buelta emanda zegoela. Pezeta batek lagunduta zetorren gutunak haren kopiak egitea eta hainbat laguni bidaltzea gomendatzen zigun, horrek zorte ona ekarriko zigulako eta horrela egin ezik zoritxarra eta heriotza bermatuta genuen, Filipinetan eta EEBBetan gertatu kasu tamalgarriak adibidetzat jarrita.
Ume gaisoak
Ipuinetara edo asmatutako pasadizuetara itzulita, sareko kondairarik ezagunenak ume gaisoarenak dira, Craig Shergold-en benetako kasutik abiatuak. Craig minbizi sendaezina diagnostikatu zioten ume britainiarra zen. Jendeak laster osatzeko zioen postalak bidaltzea eskatu zuen mutikoak eta komunikabideek istorio hunkigarriaren berri eman zuten. Ondorioz, Craigek sekula amestu zituen baino askoz gutun gehiago jaso zituen 1991 urte hartan. Egun bere minbizia gaindituta bizitza normala egiten duen gazte honek milaka gutun jasotzen jarraitzen du. Bada, Craigena bezalako batzuk sortu dira sarean, ia denak gezurrezkoak, eta erraztasun handiagoz hedatuak.
Sareko hoax-ak dira multzorik handiena, birusen abisu faltsuak. Birusak eurak baino erraztasun handiagoarekin hedatzen dira alarma faltsuok. Good Times edo Penpal greetings dioten mezu elektronikoak irakurtze hutsarekin kutsatuko omen da gure ordenagailua, hain birus indartsuak dira eta. Noski, hori gezurra da baina mezuen oldea geldiezina da. Geldiezina da, halaber, rec.music.white-power berri talde arrazistaren sorkuntza gelditzeko botoa eskatzen duen mezua. Bozketa 1996an izan zen eta naziek galdu zuten baina mezua oraindik bueltaka dabil sarean.
Kondaira urbanoak
www.urbanlegends.com
www.portalmix.com/humor.htm
Berri taldeetan
alt.folklore.urban
Birusen abisu faltsuak
www.kumite.com/myths