2001ko urtarrilak 27, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Luther Blisset

Fenomenoak Historiaren "atzekaldea" aldarrikatzen du

Orain memoria pixkat freskatuko dugu. Ez zara oroitzen, irakurle, aurpegi horrekin? Ez al duzu berriki dendaren bateko erakuslehioan edo eta luselektrikopalu batean itsatsita ikusi aurpegi hori? Halako testu bat ondoan: SE BUSCA. Duela zenbait hilabete desagertu zen Luther Blisset prestidigitadorea dela dio oharrak. Mago ilusionista izateaz gain, Q nobela idatzi izanagatik ezaguna dela eta, mesedez, ikusiz gero haren berri emateko edo halako zeozer. Gogoratzen, ezta? Baina nork ipini ditu afitxok eta nor demontre da Luther Blisset hori?

Jakin dugunez, Kaiser Sose ez bezala, Blisset ez da benetakoa. Ezizenak lau egile italiar izkutatzen ditu. Luca di Meo, Federico Guglielmi, Frabrizio P. Belletati eta Domingo Cattabriga dira Luther Blisset-en sortzaileak. Hobe esan, 1994an Luther-i izena lapurtu ziotenak. Benetako Luther Blisset futbol jokalari jamaikarra zen, Watford-etik Milan-era igaro ostean golak sartzeko doaia galdu zuena.

Multiple names edo identitate kolektiboen erabilera 70ko eta 80ko hamarkadetan Mail Art egiten zuten abangoardia artistiko zenbaitek proposatu zuten seriean erabiltzeko. Asmoa egileen corpus kolektiboa sortzea da, asmatutako identitatea erabiliz. Britainia Handian Klaos Oldanburg sortu zen 70etan eta EEBBetan, 80ko urteetan, Monty Cantsin proposatu zuen David Zack-ek, «lehendabiziko pop-star irekia» bezala iragarriz. Egungo software irekia bezala, inork erabil zezakeen izena eta haren izenean ekintzak aldarrikatu. Baina erabiltzaileon artean sortu desadostasunak zirela medio, batzuek No Cantsin sortu zuten geroago eta beste batzuek Karen Eliot.

Luther Blisset-ek bere webgunean azaltzen duenez, «izen hauen atzean dagoen ideia egoera irekia sortzea da, zeinaren erantzule partikulazki inor ez den» jokoaren teoria erradikalei lotuta dago hauen erabilera. Nazioarteko proiektua da hau, besteak beste iraultzaile, mail artistak, poetak, zibernautak eta okupa zenbaitek osatua. Eurek a-dividual bezala definitzen dute, pertsonalitate ezberdinak dituelako. Bestalde, con-dividual ere bada, izena gizabanako anitzek erabiltzen dutelako, subjektu deszentralizatua da.

Benetakoa da, ordea, Q nobela, Mondadorik argitaratua. Haren eskubideak kobratzeko bederen, lau pertsonaren izenak hartu ditu Luther honek. Hala ere, inoiz ez zaie argazkirik atera, inoiz ez dira telebistan agertu baina izugarri ongi saldu dute liburua eta euren ospea pantailan agertu balira bezalakoa da.

Luther-ek berak dioenez, liburua saiakera subertsiboa eta antiartistikoa da. Nobela halako nahaste borraste ideologikoa dugu: western itxurako testu alegorikoa da, non historiaren atzekaldea aldarrikatzen den. Karl Marx, Star Treck, Nietzsche, Raymond Chandler, Warhol-en Trash filma, gerra osteko komunismo italiarra eta Junger-en filosofia koktelera batean nahasten dira liburuan zein webgunean azalduta datorren Luther-en ideologian.

Oinarri etiko eta ekintzabide anitzetan oinarritzen da Luther Blisset, baina harridura gehien sortu duena gerra psikikoarena izan da: prentsara albiste faltsuak baina nolabait sinesgarri antzekoak bidaltzea. Helburua argitara eman daitezen da, horrela prentsaren kutsu horia salatzeko. Egileek Gizarte faltsu baten aurkako ekintzak bataiatu dituzten hauek RAIn eta Vaticanoko webgunean sartzea lortu dute, besteak beste. Egundoko psikosia eragin du Italiako hedabideetan praktika honek eta adi jarri ditu kazetariak, hurrengo ziria nondik etorriko zain.

Blisset-ek izan duen arrakasta ikusita, eurek –edo berak– iragarrita zuten arrakasta hala ere, izena aldatu dute jada eta Italian argitaratu den Gerra haizkorak liburua Wu Ming (izengabeak) izenarekin sinatu dute.

Luther Blisset
www.pengo.it/luther
www.abaforum.es/merzmail/lutherblissett.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner