2000ko abenduak 28, Osteguna | Irristatzen |

Napster urtea

Urteko gertakizun nagusiak eta musika sarean

Urte bukaerak urtearen bilana egiteko baliatzen ditugu sarritan. Bada, urteko azken Irristatzen honetan halaxe eginen dugu ere, lau lerrotan dena ezin bildu bada ere.

Hasteko, 1999 urtea atariena izan zen eta Euskal Herrian sarearen orokortzearen urtea, ordurarte oso jende gutxik baitzuen sarbidea, Internet euskal etxeetara heldu zen. Iazko bukaeran eta aurtengo hasieran beste sukar bat izan dugu, puntucom enpresen loratzea. Enpresari gazte asko eta enpresa txiki asko sarera gogo handiz atera ziren eta bazirudien dena .com atzizkiarekin izan behar genuela. Bankuak gogo handiz aritu ziren urte hasieran horrelako ekimen guztiak laguntzen, baina udaren ostean krisia etorri da. Dirua amaitu da .com enpresentzat, inbertsoreak uzkurrago dabiltza orain eta hainbat porroto ikusgarri ikusi ditugu ekonomia berri eta oso espekulatibo honetan.

Sarbideari dagokionez, tarifa lauaren urtea izan da 2000. hau, edo erabiltzaileek diotenez, "konkorduna", Espainian onartutakoak ordu jakin batzuetarako balio baitu soilik. Datorren urtea ADSL eta kablearena izango da iragarpenen arabera, etxebizitza arruntetara helduko baita banda zabalera handia eta telefonorako modem-a iraganeko aparailua izanen da aurki. Ipar Euskal Herrian ere banda zabala hedatzeko akordioa lortu dute telefonia enpresa handiekin.

Baina aurtengoa, dudarik gabe, musikaren urtea izan da. Urte hasieran 19 urteko gazte batek sortua, Napster programak hankaz gora jarri du musikaren industria. Milaka lagunek aldi berean euren musika doan konpartitzen duten sistema honekin, azkar eta doan bila dezakegu gure gustoko abestia eta zuzenean beste erabiltzailearen ordenagailutik gurera ekarri mp3 formatoan. Honekin lotuta, musika atarien eta Interneteko irratien urtea ere izan da, aurtengoa.

Napster
www.napster.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner