2000ko abenduak 21, Osteguna | Irristatzen |

Ez erosi ezer!

Kontsumismoaren aurkako ekimena

Derrigortutako poza, zoriontasuna dekretu bidez. Horixe da askoren aburuz gabonetako aro hau. Eta guztiaren oinarrian kontsumismoa, ondasunen kontsumo neurrigabea. Sarean, gizartean bezala, kontsumismoaren bide berria dugu eta, aldi berean, haren salaketa egiteko bitarteko aparta.

Gizarte kontsumistaren ispilua da Internet eta gabonetako erosketak online egiteko aukera emango digu. Milaka webgune daude horretarako eta guk ez dugu bat ere aipatuko. Gaien beste aldea bilatzeko joera dugunez, kontsumismoaren aurkako ekimen interesgarria azalduko dugu oraingoan, Buy Nothing Day izeneko eguna. Ezer ez erosteko egunak, egun batez bederen kontsumismoaren sukarrari buruz hausnartzeko xedea du EEBBetan.

Adbusters antipublizitate agentziako sortzaileek bultzaturiko ekimena da Buy Nothing Day eguna, bertan egiten baita kontsumoaren gehiena. Aurten, azaroaren 24an dei dute, inkesten arabera ezker emate eguna edo Thanks Giving Day-ren biharamuna baita erosketarik gehien egiten diren eguna. Gurean halakorik egingo balitz agian abenduaren 23an edo 24an behar luke.

Munduko biztanleen %20k erosketen %80 egiten dutela salatzeko kanpaina abian jarri zuten Adbusters-ekoek. Telebistarik gabeko astea eta beste ekimen batzuk bultzatu dituzten moduan kanpainarako irudiak, bideoak, audio iragarkiak, loturak, panfletoak eta beste guztia jartzen dute denentzat eskuragarri. CNN kenduta, telebistako kate nagusietan uko egin zioten ekintzaileek atera zuten iragarki ordaindua erakusteari, ĞEEBBetako egungo ekonomia politikaren aurkakoağ zelako CBSren aburuz.

Kanpaina honen baitan, eta gabonak direla kausa, sinatzaileak elkarri opariak erosteko beharretik libratzen diren ziurtagiri bat atera dute.

Buy Nothing Day
www.adbusters.org
Gaztelaniaz
209.41.34.164/bnd/bnd.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner