2000ko abenduak 7, Osteguna | Irristatzen |

Kontzertuak zuzenean

Madonnarena internauta gutxik ikusi zuten ongi

Musika izan da aurtengo gai nagusia Interneten. Urte hasieratik musikaren banaketa, Napster afera erdian zegoela, eta musikari buruzko atariak dira 2000ko udagoienean modako joera, dudarik gabe. Ritmic-en agerpenak izan du publizitate oihartzun handia, baina ya.com, inicia.es, terra.com eta beste atari askok ere musika jarri dute osagarri nagusitzat.

Kargatzeko musika eskaintzea izan da hasierako urratsa, baina azkenekoa musika zuzenean eskaintzen hasi dira atariok. Azaroaren 28an Madonnak eman zuen kontzertua zuzenean eskaini zuen Microsoft Network-ek. Marketing kanpaina erasokor baten ondoren, Madonnak Londreseko areto txiki batean gonbidapena zuen ikuslego aukeratu baten aurrean 30 minutuko emanaldia egin zuen. Microsoftek audio eta bideo seinalean sekulako kalitatea agindu zien internautei, baina konektatzen saiatu ziren askok ez zuten ezer ikusi edo entzuterik izan. Konexioan etenak eta abiadura motela izan ziren normalena, Microsoftek emanaldia 9 milioi lagunek jarraitu zutela adierazi arren.

Microsoft, berarena bakarrik den Windows Media Player programaren bidez bakarrik entzun daitezkeen kontzertuak eskainiz programa horren erabilera bultzatu nahi du. Igandean, Pavarottiren kontzertua eskaini zuen, sistema bera erabiliz. Baina Madonnak berak QuickTime formatoa aukeratu du bere webguneko multimedia edukiak eskaintzeko.

Eskala txikiagoko emanaldiak ere eskaintzen ari dira beste webgune batzuetatik. Abenduaren 1ean, Ritmic-ek Joaquin Sabinaren kontzertua eskaini zuen, internautek bezperan berarekin chat egiteko aukera izan ondoren. Are eremu hurbilagoan, aipatu behar da iragan astean IRRATIA.COMek Bartzelonatik zuzenean eskainitako Tapia eta Leturiaren kontzertua oso ondo entzun zela, euskal irrati digitalak Microsoft-ek edo Ritmic-ek duten azpiegitura ez badauka ere.

www.msn.com
www.madonnamusic.com
www.ritmic.com
www.portalatino.com
www.irratia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner