2000ko azaroak 23, Osteguna | Irristatzen |

Art Futura 2000

Internet Cyborg moduan da aurtengo leloa

Gaurtik igandera bitartean Sevillako Arte Garaikideko Zentruan Art Futura 2000 jaialdia izango da. Aurtengo edizioak Internet Cyborg moduan izango du izenburu eta gai nagusi. Teknologiaren, neurologiaren eta eguneroko bizimoduaren uztartzearen ondorioz, Cyborg berri bat ari da sortzen, gizakiaren eta bere ingurugiro teknologikoaren arteko sinbiosia.

Non amaitzen da giza alderdia eta non hasten da teknologikoa? Aurtengo edizioan ikusiko ditugun artelanek, mahainguruek eta bestelako ekintzek gai horri helduko diote. Etxean ditugun aparailuek, batez ere komunikatzeko eta informazioa jasotzeko erabiltzen ditugun horiek, gure bizitzarik zentzu berria damaiote egunerokotasunean. Hala ulertzen dituzte telefonoa, telebista, ordenagailua... artista digital hauek. Besteak beste, Chris Cunningham, bideoklip askoren egile famatua, Digital Domain estudioen fundatzaile James Cameron, arte elektronikoan aitzindari izan den Rebecca Allen eta Alexander, bere ordenagailuan egin dituen lanak aurkeztuko dituen eskultorea. Bestalde, hain ezagunak ez diren artistek izango dute euren lanak erakusteko aukerarik.

Jaialdiaren eta artisten gaineko informazioa aurkituko dugu Art Futuraren webgune ofizialean eta bertan egitaraua, loturak eta eduki interesgarrien bilduma dago. Esaterako, atal berezi bat dago, Espainian arte digitalak dituen izenik ezagunenei dedikatua. Infografiak atal berezia du eta efektu bereziak dituzten zenbait laburmetrai erakutsiko dituzte. Bestalde, Bitniks aldizkariko Alex Lamikiz bilbotarrak Impacto aurkeztuko du, informazioaren gizarteak duen eraginari buruzko erakusketa birtuala sarean. Bertan, 11 egilek eragilea izateko sortu duten lan bana erakutsiko dute.

Art Futura
www.artfutura.org
Impacto
www.bitniks.es/impacto

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner