2000ko azaroak 16, Osteguna | Irristatzen |
Piztien alde
Ekintza zuzena eta veganoen gerrilla telematikoa
Sarean animalirik ez jatearen aldeko jarrerak hedapen handia du hainbat webgunetan eta denetarik dago: besterik gabe barazkizaleak diren webguneak, jarrera erradikalagoa duten veganoenak eta, horrekin lotuta, animalien askapena defendatzen dutenak.
Politikoki zuzena baino kontserbatzailea da barazkijaleen mundovegetariano.com webgunea. Bertan, barazkiak jatearen onura eta errezeta gozoak aurkituko ditugu. Baina harago doaz vegansociety.com-eko veganoak. Bost arrazoi nagusi aipatzen dituzte: animalien eskubideak, osasuna, ingurugiroa, baliabideen erabilera orekatua eta izpirituaren garapena. Arrazoi gehiago damaie veganoei behi zoroen aferak eta okela jateak dakartzan arriskuen gaineko ikerketek haien aukera berresten dute. Animalien askapena aldarrikatzen duten vegano militanteak dira, berriz, Pangea Defense & Liberation webgunekoak. Lurraren aldeko desobedientzia zibila eta animalien askatze ekintzak egin ohi dituzte hauek euren webgunean azaltzen dutenez.
Animal Liberation webgunean piztien aldeko ekintzak burutzeagatik preso dauden «gerrako presoak» dituzte gogoan. Haien artean etxaldeak erretzeagatik 18 urteko zigorra betetzen ari den Barry Horne aurkituko dugu, besteak beste. Ama lurraren aldeko ekintzaileen albiste gehiago aurkituko ditugu Earth First Journal aldizkari elektronikoan. Bistan da sarea tresna eraginkorra dela ekologistentzat, izan ere, komunikabide azkarra izateaz gain, ez du paperik erabiltzen.
Mundo vegetariano
www.mundovegetariano.com
Vegan Society
www.vegansociety.com
Pangea Defense & Liberation
www.geocities.com/veganxland
Animal Liberation
www.animalliberation.net
Earth First
www.earthfirstjournal.org