2000ko azaroak 2, Osteguna | Irristatzen |

Irratia.com

Interneten bidezko irrati euskalduna abian

Sarean, leku askotan bezala, euskaraz zerbait berri atera orduko, horrelako milaka daude erdaraz. Oraingoan, gurean bederen erdaraz egin ez den gauza bat agertu zen atzo ziberespazioan. Egoitza eta emisioa Interneten dituen irrati birtuala sortu du irratizale koadrila batek eta atzo bertan agertu zen ziberespazioan.

Uhinen bidez barik, bit-en bidez mundu osoa har daiteke seinale digitalaren bidez eta multimedia hitzak bere benetako zentzua hartzen du sarean zer egin daitekeen pentsatzen jarrita. Grabatutako elkarrizketak eta irratsaioak, sarean etengabe entzun daitezkeen musika kanal ezberdinak, jaitsi ostean norberak etxean entzun ditzakeen materialak... Horiek testuekin eta argazkiekin konbinatuta eta bideoklip-en bat gehituta benetan multimedia suertatzen da sarean egin daitekeena: irrati-aldizkari-telebista bat, mundu analogikoan komunikabide bakoitzak dituen mugak gainditzen dira.

Interaktibitatea ere aipatu beharreko ezaugarria da, Interneten feedback-erako aukera askoz handiagoa baitago ohiko komunikabideen ondoan. Aldi bereko chat berriketak esatariei galderak eta iruzkinak egitea ahalbidetzen du eta esatariak orain arte eduki ez duen aukera du, onerako zein txarrerako: zenbat entzule dituen eta zer pentsatzen duten zehazki jakitekoa.

Datozen asteotan eduki gehiago agertuko dira. Asteazkenero zuzenekoekin jarraitzeko asmoa dago, Tas-Tas irrati librean emitituko den Jalgi Hadi Dantzarat irratsaioa, Gorliz Irratiko Ambassah Sound System edo Euskal Herria Zuzenean irratsaioak eta beste batzuk. Euskal DJ batzuren lanak ere izango dira entzungai, soilik Interneteko emisora euskaldunean.

Irratia.com
www.irratia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner