2000ko irailak 28, Osteguna | Irristatzen |
Donostiako jaialdiak
Zinemaldia eta elektronikaldia sarean aurki daitezke
Egun ez dago munduan erreferentzia izan nahi duen jaialdirik sarean ez dagoenik. Hori pentsatu zuten, nonbait, Donostiako zinemaldiko arduradunek iaz, jaialdiaren webgune ofiziala zabaldu zutenean. Baina mundialtasun horretan, nonbait, euskarak ez ei du garrantzi handirik, aurtengoan webguneak iaz igerri genizkion akats berdintsuak baititu atzera.
Erdara hutsezko hasierako orrialdean "euskara" hitza aurkitu eta sakatzen badugu, gaztelaniatik azkarregi eginiko itzulpen batera helduko gara, webgunearen egitura eta tituluak Cervantesen hizkuntzan baitaude oraindik.
Euskarari eman dioten garrantziaren erakusgarri, zinemaldia.com domeinua eta antzeko beste domeinu izen guztiak libre zeuden lerro hauek idazteko unean. Webgunean sartzeko sansebastianfestival.com izen luzea sartu behar baitugu ezinbestean. Nahikoa izango dugu nabigatzailean helbide hori jartzea, bera bakarrik arduratuko baita babeslearena gehitzen aurtengo helbide ofizialera heltzeko.
Madrilgo babesleak euskarri teknologikoa eskaini dio zinemaldiari, diseinuan nabigazioa moteltzen duten kodeak sartuta. Goiko egutegian zeinahi egun sakatuta ere, iragan den egun batera eramango gaitu makinak behin eta berriro, beraz, ezin izango dugu webgunea agenda moduan erabili, jaialdiko egun ezberdinetan zer izango den ikusteko.
Askoz ere jaialdi xumeagoa den Elektronikaldiak, aldiz, ederki baliatu du sarearen aukera diseinu aurreratua duen webgunea aurkeztuz. Bihartik igandera bitartean Donostian izango den musika elektronikoaren jaialdiaren webguneak diseinu modernoa eta sinplea du, HTML hutsa, irudiz gehiegi bete barik eta kargatzeko erraza. Bertan, jaialdian agertuko diren egileen gaineko informazio interesgarria eskaintzen dute. Hori bai, informazio hori guztia irakurtzeko gaztelania jakitea ezinbestekoa da, Aitorren hizkuntzan lau berba baino ez daude eta.
Zinemaldia
www.sansebastianfestival.com
Elektronikaldia 99
www.elektronikaldia.org